Aratuste zapatuari ekiteko, Bilbon Farolinek eta Zaranbolasek jai esparrua zabaldu dute 12.00etan Plaza Biribilean. Bilboko Konpartsek egitarau oparoa antolatu dute inauteriak direla eta.
12.15etik aurrera Kale Nagusian zehar ibili dira Bilboko Gaiteroak eta Ardoa Barrura fanfarrea, Plaza Biribileko eszenatokian swing dantza tailerra zegoen bitartean. Ordu berean, Berastegi kaleko metro irteeran mozorro lehiaketa hasi dute, Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiek lagunduta.
Horrez gain, 12.30etik 15.30era bitartean baserritarrek azoka antolatu dute Kale Nagusian bertan. Bitartean, Plaza Bibirilean Bilbao Lindy Band taldeak kontzertua eskaini du eta Zirkozaurre antzerkia ikusteko aukera ere izan da azoka inguruan.
Bazkaltzeko atsedenaldiaren ondoren, 16.00etan ireki dute Portuko Markesaren kalean Aratusteetako taldekako mozorro lehiaketarako izen ematea eta 16.45ean egin dute goizean izandako banakako mozorro lehiaketaren sari banaketa Plaza Biribileko eszenatokian.
Banakako mozorro lehiaketaren irabazleak. 🎭🎭
— Bilboko Konpartsak (@konpartsak) February 10, 2024
1. Jurasikak
2. Foxy Pirata
3. Mandalorian
Zorionak partaide guztiei! #Aratusteak24 #HiriHerrietaIrakurri #Bilboko Konpartsak pic.twitter.com/lWWY4PF9xT
17.00ean, Portuko Markesaren kaletik, Aratusteetako taldekako mozorro lehiaketaren kalejira abiatu da 34 talde baino gehiagorekin. Taldeek, Plaza Biribilean epamahaiaren aurreko pasea eginda, Areatzara bidean jarraitu dute kalejira.
17.15etik aurrera, Jotake erromeriak Areatzako giroa berotu du, eta 19.30ean, bertatik abiatu da txalaparta ibiltaria Plaza Barrira bidean, hori izan baita programazioaren azken geralekua. Bertako karpan, 20.30ean, taldekako mozorro lehiaketaren sari banaketa egin dute.
Gasteizen, desfileak asteburu osoan
Gasteizen ere inauterietara begirako egitarau oparoa dago antolatuta. Auzoka egingo dituzte desfileak, larunbat zein igandean. Larunbat eguerdiz Margolarien kalejira ezaguna egin dute erdiguneko kaleetan zehar. Arratsaldean, mozorro lehiaketa antolatu dute, besteak beste.
Plaza berrian jarraituko du jaiak ondoren. Endika & Mike DJen eskutik hasiko da festa 19.30ean. Ostean, Orkestra elektrotxaranga egongo da 21.30etik aurrera eta 23.00etan Akerbeltz Erromeriak kontzertua eskainiko du.
Aldiz, Haize boladengatik iragarritako abisu horia dela eta, bertan behera geratu dira Irungo eta Donostiako desfileak. Irungo Udalak jakinarazi du hurrengo larunbatera atzeratuko dutela desfilea, eta oraingoz, biharkoari eutsiko diote. Donostian, bihar egingo da desfilea ohiko moduan, karrozekin.