Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Azoka berriz animatu nahi dute, denen indarrak batuz

Gizarte Segurantzako inspektoreak Tolosako azokan izan ziren azaroan eta isunak jarri zizkieten bertan beren produktuak saltzen ari ziren baserritar ugariri. Jubilatuek 6.000 euro arteko zigorrak jaso zituzten; laguntzen ari zirenek, 3.700ekoak.

Ordiziako azoka, asteazken honetan. Jose Antonio Elosegi bere sagar eta kiwiekin.
Ordiziako azoka, asteazken honetan. Jose Antonio Elosegi bere sagar eta kiwiekin. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Lan Ikuskaritzaren jarduna «bortitza» izan zen, gazta eta bertze sasoiko elikagai batzuk saltzen dituen Mirenek baieztatu digunez. Han zegoen bera «inspektoreak punta batetik bestera, postuz postu» joan zirenean. «Karnetak eskatu zizkiguten. Adiskide bat ari zitzaidan laguntzen, eta 3.700 euroko isuna ezarri zioten. Ordainduta daukagu jada».

Azaroan izan zen hori, Tolosan. Ordutik aitzinera, laguntza behar duenetan, Mirenek egun bateko kontratua egiten dio lagunduko dionari. 25 urteko bere ibilbidean ez du bertze inspekziorik ezagutu. Ulertzen du kontrol bat egon behar dela, baina ez zaio modu egokia iruditu.

Gertakari horrek baserritar aunitz postua uztera behartu ditu, bereziki Tolosan, baina Gipuzkoako bertze herri batzuetan ere bai. Ordizia bisitatu genuen asteazkenean, eta, kontatu zigutenez, zenbait saltzaile plazatik «kanporatuak» sentitu dira eta etortzeari utzi diote. Horrek denei egin die kalte, «gainbehera» datorren azoka pobretu baitu.

Kanpoan utzi dituzte

Bikotekidearekin batera okindegi txiki bat muntatzen ari den gazte batek adierazi digunez, azokan beldurra gailentzen zaio haserreari. «Nik ilusioa daukat, baina desesperantza puntu bat sumatzen dut orain arte azokari zutik eutsi dioten adinekoen artean. Babesik gabe ikusten ditut: mundu berri honek kanpoan utzi ditu. Nire iritziz, 65 urtetik aurrerakoekin malguagoa izan beharko luke legeak».

Okinak azaldu du hagitz laguna zuen emakume batek plazan saltzeari utzi diola. «Oso txukuna da, ona. Bere gaztak ez zuen zigilurik, baina konfiantza osokoa zen». Gazteak argi du denek daukatela denen beharra eta taldea ahultzen bada denak ahultzen direla. «Nire lagun honek oso pentsio txikia jasotzen du, bizi osoa lanean eman arren gutxi kotizatu duelako. Azokako salmentarekin osatzen zuen pentsio txiki hori, eta orain ezin da etorri. Oso bidegabea da».

Justu okintzak goraldi bat izan du, baina oro har azoka eta lehen sektorea «oso ahulduta» ikusten ditu. «Adineko asko dago, eta gazte gutxi».

Forma ematen ari diren okindegi txikiaren asmoa da Araba eta Nafarroako ekoizle txikiei zereal ekologikoa erostea, eta suzko labean eta harrizko errotan ogia egitea. «Dozena bat okin gara Biolurreko okin taldearen barruan. Bertan egiten duguna da zereal ekoizle txikien ekoizpen guztia erosi bai haiek eta bai gu aurrera ateratzeko». Ez du zalantzarik: taldean hartzen da indarra. Baserria ez da lantoki bat

Zehazki, barazki ekoizpenean sumatzen da beherakada. Aire libreko barazkigintzan aritzen da Maite. «Jendeari asko kostatzen zaio barazkiak preparatzea. Denborarik ez dagoen aitzakia horrekin, prestatutako janaria erosten du», azaldu du. Azokan hazia izanik, ongi ezagutzen du atzetik daukan lan guztia: «Orduari begiratu gabe aritu behar da. Neguan eta udaran oso desberdina da. Udaran argi dauden ordu guztiak lanerako dira. Negua lasaixeagoa da, barietatea mugatuagoa delako. Baina feriarako prestatzen bakarrik atzo egun osoa eman genuen». Eroslea horretaz ohartzen dela iruditzen zaio. «Bizimodua ateratzen dugu, baina soldata handirik gabe. Ekarritakoa normalean saldu egiten da. Urteetako bezeroak dauzkagu».

Maitek ez du uste inspektoreek isunak jartzera iritsi behar zutenik. «Beste modu batera egin zitekeen. Azokako ekosistema ezaguna da». Esplikatu du Ordizian baino adineko gehiago zeudela Tolosan eta batzuk ohituragatik ateratzen zirela plazara. «Letxuga batzuk saltzeko aitzakiarekin betiko jendearekin hitz egiten zuten. Nik hor ez dut iruzur handirik ikusten. Hori baino iruzur handiagorik ez balego...».

«Lana egiteko leku bat da baserria eta guztiek laguntzen dute. Ez dago beste modurik. Ezinezkoa da denei soldata jartzea. Ez da lantoki bat bezala, baserria etxea da. Nahiz eta zu jubilatu, txukuntzen jarraitu behar duzu, eta azokan zerbait hartzen baduzu ordain bat da, ez soldata bat».

Testigua

Mirenek eta senarrak gurasoengandik hartu zuten testigua, baina ez dute uste hirugarren belaunaldirik egonen denik, «ez baita erraza langileak aurkitzea». Hemengo artzainei erositako gazta saltzen dute, fabrikakoa ere bai. Sagar goxoa, babarrunak, intxaurrak, perretxikoak, errezil sagarra, halakoak ere jartzen dituzte salmahaian, sasoian sasoikoak. 50 urte ditu negozioak eta Miren duela 25 urte batu zen. Salerosketako modua aldatu dela sumatu du. «Gaur egun dena puskatan eta enbasatuta eskatzen digute. Lehen gazta osoak erosten ziren».

Azoka gainbeheran ikusten du berak ere, eta ulertzen du, «hainbeste dago denetatik... Ohiturak aldatu dira, eta supermerkatura jotzen du askok». Elkar lagunduz

Gabiriako Oñatibi Txikikoa da Jose Antonio Elosegi. 54 urte ditu eta, baserritarra izateaz gain, tailerrean lan egiten du. «Baserriko lana gure aitona-amonengandik dator. Gero aita eta ama, eta guk, hirugarren belaunaldiak, eusteko intentzioa dugu. Sagasti berriak jarriz apustu bat egin dut, eta asmoa da tailerra utzi eta honekin segitzea». Ordizian erreleboa hartu duten gutxietako bat dela dio.

Fruta eskaintza zabala du, 24 bat klase diferente, zentzumen guztientzako besta. Sagarrik esanguratsuena bertako errezila du. Uztaola elkartean dago, eta zukua egiten du hor bere sagarrekin.

«Lehen jende gehixeago mugitzen zen, agobio pixka bat ere izaten zen ez zegoelako ezertarako lekurik. Orain, berriz, pandemia pasa eta gero, aldatu egin zuten eta nik askoz hobeto ikusten dut. Jendeak pixka bat atzera egin du. Baina nire pentsamendua da berriz ere plaza animatu behar dugula. Baserritarrok kalitatea, freskotasuna eta barietatea eskaini behar dugu, eta jendeak berriz ere baloratzen hasi beharra du bertako produktua eta generoa. Elkar lagundu beharrean gaude, bestela hau pikutara joango da».

Inspekzioen harira, jendea nahastuta dagoela iruditzen zaio, eta udalek eta Foru Aldundiak esku hartu beharra daukatela uste du, «gauzak zuzentzeko».

Egokitu

500 urte baino gehiagoko historia duen ohitura da Ordiziako feria, garai berrietara egokitzen ari dena. Modernizazio horren adibide da Osoa eta Ekotalo ekimenek egin duten produktu berri baten aurkezpena. Ekologikoan ekoiztutako artoarekin bulgur formatu bat egin dute. Horrela lortu dute arto horren egosketa prozesua erraztea, ordu erditxo batean, eta eguneroko dietan sartu ahal izatea artoa. Vanessa Blazquez eta Ane Otegi Osoako kideekin mintzatu gara. «Bertako sukaldaritza osasungarria bultzatzen dugu. Sukaldea pizten dugu!», adierazi dute pasioz.

«Azokak ezin du lehen zena izan. Etxekoandrerik ez dago jada», baieztatu dute. «Edukia beti ona da. Ekologikoa gero eta gehiago bultzatzen ari da. Bestalde, formatu berriak sortu behar dira. Dena murtxikatuta eman behar da. Gaur, adibidez, kozinatu duguna dastatzeko aukera eman dugu eta poltsak prestatu ditugu, errezetarekin, erabili ditugun barazkiekin, gaztarekin eta bulgurrarekin. Poltsak Ordiziako Udalarenak dira. Delikatuz interpretazio zentroak ahalbidetu du hau egin ahal izatea, eta gero ekoizleak berak dauzkagu. Publiko eta pribatuaren arteko erlazioak sortu behar dira». Elkarlana eta indarrak batzea, horixe da Osoa ekimenekoentzat ere irtenbidea.

«Euskaldunok sukaldera bueltatu behar dugu. Mahaiaren inguruan erabaki handiak hartzen ditugu. Baina zeinen eskutan ari gara uzten prestaketa eta ekoizpena? Azokak, elkargune izateaz gain, oso toki pedagogiko bihurtu behar du. Kontsumitzaile bezala zer botere daukagun jabetu behar dugu: supermerkatuko poltsa bat, edo poltsa hau, erabaki politikoak dira horiek. Askotan ez gara konturatzen erosten ez duguna ez dela egingo». Erantsi dutenez, azokatik at ere bada elikagaien bide bat, kontsumo taldeekin, eta hori ferian iragartzen da eta baita sare eta kanal berrietan ere.

SMI pasa ezean, jubilatuek ez dute kotizatu beharko

Inspektoreen isunek Gipuzkoako azoketan sortu duten beldurra ikusita, Foru Aldundiak bilera eskatu zion Gizarte Segurantzari, auzi honi irtenbidea topatzeko. Batzartu ziren, eta albiste on bat atera da hortik: baserritar erretiratuek ez dute kotizatu beharko, gutxieneko soldata gainditu ezean. Lan Ikuskaritzarekin harremanetan jartzen saiatu gara, eta Gobernu espainiarraren Gipuzkoako ordezkaritzara bideratu gaituzte. Han ere ez dugu erantzunik jaso, baina EHNE sindikatuak baieztatu digu berria.

Lorea Muguruza teknikariak esplikatu digunez, ekoizleak urte osoan ez badira lanbide arteko gutxieneko soldatatik (SMI) pasatzen, ez dute zertan kotizatu, nahiz eta altan egon behar duten. «Diru-sarrerak gutxieneko soldata baino gehiago baldin badira, erretiro aktiboan sartu beharko dute. Kasu horretan pentsioaren erdia kobratuko dute. Gainontzekoa beren salmentetatik jasoko dute eta hortik kotizatuko dute».

Muguruzak oroitu duenez, «lehen horrela egiten zen. Gero autonomoen kotizazio sistema aldatu zuten. Berria da kotizatzeko derrigortasun hori kendu dutela eta aurreko sistemara itzuliko direla erretiratuak».

Azoketako profilaz jakitun, EHNEk trantsiziorako, belaunaldi aldaketarako epe bat eskatzen du zehaztuta dauden lege horiek bete ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak badauka, erraterako, laguntzaile familiarraren figura; ez du mamirik, ordea. Sindikatuak figura hori lantzea proposatzen du, balio legal bat izan dezan administrazio maila guztien aurrean.

ENBAko Xabier Iraola bat dator Muguruzarekin auzia konplexua dela eta ez duela konponbide errazik. «Egungo legearekin ez diogu ikusten; besterik da legearen aplikazioan malguago jokatzea eta probisionalki salbuespenak egitea, Ticket Bai onartu zenean 60 urtetik gorakoentzat onartu zen bezala».

«Baserrietan jendea behar da lanerako, eta gero eta gutxiago dago. Sektorea ez bada errentagarria, nahiz eta dirulaguntza asko izan zertarako instalatuko naiz? Alde horretatik nekeza da», erantsi du. Bestetik, Eider Mendoza ahaldun nagusiak «lasaitasun mezu bat» bidali die baserritarrei. Ikuskaritzak eta isunak «zerbait oso puntuala» izan direla eta ferian «normaltasun osoz» saltzen segi dezaketela nabarmendu du.