NAIZ

‘Bi arnas’ torturari buruzko dokumentala ikusgai astearte honetan Gogoraren saio batean

Emanaldiaren ondoren solasaldia izango da Imanol Arzuaga ‘Bi arnas’ dokumentalaren ekoizlearekin, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak gidatuta.

‘Bi arnas’ dokumentalaren egileetako batzuk, Irunen egin zuten aurkezpenean.
‘Bi arnas’ dokumentalaren egileetako batzuk, Irunen egin zuten aurkezpenean. (Andoni Canellada | Foku)

Iratxe Sorzabal presoaren kasua oinarri hartuta tortura mintzagai duen ‘Bi arnas’ dokumentalaren emanaldia antolatu du Gogora Institutuak. Bilbon duen egoitzan (Maria Diaz de Haro kaleko 3. zenbakian) emango du ikus-entzunezkoa, asteartean, 18.30ean.

Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da Imanol Arzuaga dokumentalaren ekoizlearekin, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak gidatuta.

Dokumental hau NAIZek estreinatu zuen 2022ko ekainaren 26an, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Egunean, eta Zinemaldira egin zuen gero. Arrakasta handia izan zuen atari honen harpidedunen artean.

‘Bi arnas’ lanak bi biktima agertzen ditu, bi estuasun, bi itolarri. Iratxe Sorzabal presoarena eta Mari Nieves Diaz bere amarena. Tortura kasu gordina ekartzen du gogora, Guardia Zibilak Iratxe Sorzabal 2001. urtean atxilotu zuenekoa.

Lan honek, torturaren gaineko testigantzaz gain, arloko adituen ahotsak ere jasotzen ditu. Besteak beste, Paco Etxeberria forentsea, Serge Portelli epailea eta tortura basatiak salatu zituen Nekane Txapartegi preso ohia agertzen dira.

Dokumentala ekainaren 26 batez estreinatzea ez zen kasualitatea izan. 1987ko ekainaren 26a tortura erabat desagerrarazteko eta torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, gizagabe edo iraingarrien aurkako konbentzioa onartu zuen NBEk. Orduz geroztik 173 estatuk izenpetu dute konbentzioa, baina, hala ere, torturaren errealitateak bere horretan segitu du. Hori ere agerian uzten du ‘Bi arnas’ lanak.