Lantzen, arotzak, txatxoak, zaldikoa, ziripot, Mielotxin eta gainerako mozorroak kalejiran ibili dira. Gauean, Mielotxin erre dute eta inguruan zortzikoa dantzatu diote.
Ziri-potolo, gorputza lastoz betetako zakuekin estalia duen pertsonaia, botatzen saiatu da zaldikoa. Ez da batere erraza. Sasoian dago eta txatxoak ditu atzean, eusten. Zaldiko Mielotxinen zaldia da. Mielotxin mendian harrapatu eta herrira ekarri zutelarik nagusiari segika etorri zen. Herrikoak saiatu ziren zaldikoa beren aldera eramaten, ferrak paratuz. Baina inoiz ez du utzi bere burua domatzen. Mielotxinen amaiera ikusita, eskapo egin du aurten ere.
Altsasun, momotxorroak, Juan Tranposo, akerra eta beste pertsonaia odoltsu batzuk atera dira iluntzean. Jendea beldurtzeaz gain, momotxorroen zortzikoa dantzatu dute.
Bilbon, bestalde, aratusteak ospatu dituzte, literatura gaitzat hartuta. Aratusteetan aipatzen dira konpartsak lehen aldiz. 1515ean konpartsa batzuk kopla txikiak abesten eta txantxak egiten zituztela agertzen da jasota. 1979an, Farolin eta Zaranbolas jaio ziren, bi izaera txirene hezurmamitzen dituztenak, bi bilbotar mota: harroputza eta patxadatsua. Aurten, Lutxo Egiak eta Jasone Akizuk gorpuztu dituzte.
Beste makina bat herritan ere amaitu dira inauteriak 13an tokatu den astearte honetan, txarrak erreta, panpinei su emanez. 2024an goiz iritsi dira bestarik bihurrienak, baina oraindik bada non gozatu. Asteburu honetan, Ziburu, Sanfuentes, Trapagaran, Saratsu, Gamere-Zihiga, Donapaleu eta Kanbon izanen dituzte ospakizunak. Eta apirilera arte ez da faltako maskaradarik.