1960ko hamarkadaz geroztik, 5.600 tortura-biktima baino gehiago erregistratu eta aitortu dira. Gai horri heltzen dio Ander Iriarteren ‘Karpeta urdinak’ dokumentalak, eta astearte honetatik aurrera edonorentzat ikusgai izango da Youtuben, esteka honetan. Euskaraz, ingelesez eta gazteleraz ikus daiteke.
Nola kontatu esan ezin dena? Nola kontatu senitartekoei jasandako kaltea? Ander Iriartek uste du bere aita, sindikalista abertzalea, torturatu egin zutela gaztaroan. Zalantzak argitu bitartean, gai horri ekitea erabaki zuen, eta berehala konturatu zen familia-historia errealitate zabalago baten abiapuntua dela.
Horrela, ia bi ordu irauten dituen filmean torturatuak izan diren hamasei pertsonen lekukotasunak jasotzen dira. Iriarte Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako ikerketan murgiltzen da, torturaren errealitatearen bila.
Hori litzateke ‘Karpeta urdinak’ dokumentala gidatzen duen haria, torturaren mataza desegitera ausartzen dena. NAIZeko harpidedunek aukera izan zuten lan hau primizian ikusteko iazko ekainean eta, geroztik, hainbat zinetako pantailetatik pasatu da ikus-entzunezkoa. Zehazki, 22 zinemaldi ezagutu ditu –Estreinaldia Donostiako Zinemaldia festibalean egin eta gero, Amsterdamgo IDFAn eta Fipadoc festibalaren 5.edizioan aurkeztu zen, besteak beste– eta 7 garaikur jaso –film onena Errenteriako Giza Eskubideen Zinemaldian eta Argia Saria 2023, adibidez– 15 herrialdetan egindako 100 emanaldiren ostean.
Youtubez gain, filma Primeran kanalean ere jarriko dute ikusgai, baina ETBk uko egin dio bere telebista-kanalean emititzeari, horretarako baimena badu ere.