NAIZ

2050erako Amazonia erdia desagertu liteke, Lur osoko klimari eraginez

Amazoniaren erdia desagertzera heldu liteke 2050 urtea iritsi orduko. Nazioarteko ikertzaile talde batek egindako beharketaren arabera, basoa jasaten ari den gehiegikeriek aldaketa konpondu ezinak eragin ditzakete, Lur osoko klimari eragingo diotenak.

2023ko irailaren 6an Manaquiri Amazonas estatuko nekazariek legez kanpoko suteak piztu ondoren erretako zuhaitzak.
2023ko irailaren 6an Manaquiri Amazonas estatuko nekazariek legez kanpoko suteak piztu ondoren erretako zuhaitzak. (Michael DANTAS | AFP)

Amazoniaren erdiak konpondu ezinak izan daitezkeen aldaketak jasan ditzake, baita desagertu ere, 2050 urtea baino lehen. Ondorio honetara iritsi da nazioarteko ikertzaile talde bat, eskualdean aldaketa sakonak eragin ditzaketen atalase kritikoak ebaluatu ondoren. Ikertzaileen arabera, aldaketek munduko baso tropikal handiena dena Lurreko klima gobalean eragina izango duen «itzulerarik gabeko» puntu batera bultzatu dezakete.

Santa Katalinako Unibertsitate Federala (Brasil) buru du ikerketa lanak, eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) adituek ere parte hartu dute. Gaur bertan argitaratu dute emaitza ‘Nature’ aldizkarian. Nabarmendu dute aztertutako mugetako bi, hots, baso-soiltze mailei eta Amazoniako basoaren degradazioari dagozkienak, gainditu egin direla dagoeneko.

Aldaketa potentzialak bost faktore nagusiren mende egongo direla azaldu dute ikertzaileek: tenperaturaren igoera, prezipitazioen jaitsiera, denboraldi lehorraren igoera, eurien urtarokotasunaren intentsitatea eta deforestazioa. Aldagai guztiak daude, zuzenean edo zeharka, klima-aldaketarekin lotuta, eta bakoitzaren inflexio-puntua gainditzeak aldaketa lokalak eta sistematikoak eragin ditzake Amazonian.

Halaber, ikertzaileek azpimarratu dute Amazoniako basoak desagertzeak eragina izango lukeela planetaren erregulazio klimatikoan, baita dibertsitate biologikoaren eta kulturalaren galeran ere, maila globalean.

Bernardo Flores brasildarrak koordinatu du lana eta eskualde horri buruzko lehen txosten zientifikoa da. Txosten hori Glasgowko COPen kaleratu zuten 2021ean, Amazoniaren aldeko Panel Zientifikoak eskatuta. Ekimen hori Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako Irtenbideen Sareak bultzatu du.

Gainditutako muga negatiboak

Txostenaren arabera, inflexio-puntua % 20ko baso-soiltze metatua da, eta ikerketa-taldeak % 10ean ezarri du «muga segurua», nahiz eta dagoeneko % 13 gainditu den.

Adierazi dute, halaber, maila globalean batez besteko tenperatura igotzeko muga kritikoa 2 gradukoa dela, eta Amazoniako basoarentzako muga segurua 1.5 gradukoa dela. Euriteen murrizketari dagokionez, inflexio-puntua urteko metro koadroko 1.000 litrokoa da, eta muga seguru gisa 1.800 litrokoa ezarri dute.

Ikertzaileek ohartarazi dute ez litzatekeela urtean urtaro lehorrean metro karratuko 450 litroko defizita gainditu behar, eta kasu honetan 350 litroko muga segurua ezarri dute, baita estazio lehorrak izan behar duen gehienezko iraupena ezarri ere: «muga kritikoa» zortzi hilabetean eta «muga segurua» bostean, CSICek asteazken honetan zabaldutako prentsa-ohar batean jakitera eman duenez.

Lantaldean Europako eta Amerikako ikerketa-zentroetako eta unibertsitateetako hogei ikertzaile aritu dira, horien artean Encarnación Montoya zientzialaria, Bartzelonako Geozientzia Institutukoa (GEO3BCN-CSIC). Montoyak lan horren garrantzia azpimarratu du. Efe agentziari egindako adierazpenetan, Montoyak «ur-jauziaren eraginaz» ohartarazi du, eta deforestazioaren faktoreak beste faktoreen potentzia negatiboa handitu dezakeela.

Ikertzaileak planetako «hozkailu» gisa eta karbono dioxidoaren hustubide erraldoi legez aipatzen ditu Amazoniako basoak, eta ohartarazi du haien degradazioak eragotzi egingo duela alde batetik «ur-ponpa» moduan jarduten jarraitzea eta, bestetik, karbono dioxidoaren «xurgatzaile» izaten jarraitzea. Horrek, klima-aldaketaren ondorioak areagotuko lituzke.

Indigenak, ekosistemaren babesle onenak

Ikertzaileak Amazoniako basoak desagertzeak dakarren aniztasun biologiko eta kulturalaren galera azpimarratu du, ez bakarrik planetan jokatzen duten «erregulatzaile klimatiko» rolagatik, baita Amazonian 42 milioi pertsona bizi direlako ere, 2,2 milioi indigena eta tokiko komunitate barne, 400 etnia eta kultura desberdinetakoak.

«Zaintzaileak dira; ezagutza tradizionala dutenak; Amazoniako basoak modu jasangarrian bizi, ezagutu eta erabiltzen dituzte», baieztatu du ikertzaileak, eta argi ikusi du ezin direla kudeaketatik kanpo geratu. Izan ere, Amazoniako sistema bederatzi muga geografikok eta beste horrenbeste gobernu desberdinek osatzen dute. «Pertsonak inplikatuta ez badaude, ez dira emaitza onak lortuko, indigenak baitira Amazoniako basoaren babesle nagusiak», baieztatu du.

Ikertzaileek tokiko eta nazioarteko erantzukizuna eskatu dute ‘Nature’-n, balizko ondorio negatiboak murrizteko eta Amazonia desagertzea saihesteko. Azpimarratu dute garrantzitsua dela gobernantza indigenako lurraldeek erabakiak hartzerakoan parte hartzea, bai eta praktika tradizionalak baliatzea ere; izan ere, eremu babestuak eta, bereziki, indigenek gobernatzen dituzten lurraldeak hobeto zaindutako guneak dira askotan.

Ikertzaileek egiaztatu dutenez, Amazoniako oihanean planetako biodibertsitatearen % 10 dago, Lurreko isurketen 20 urteren baliokidea den karbonoa gordetzen du eta klima globala egonkortzen laguntzen duen hozte-efektu garbia eragiten du.

Ondorioak ateratzeko, zientzialariek erregistro historikoak (65 milioi urte inguru hartzen dituztenak), klima-ereduak eta azken berrogei urteetako behaketa-datuak (baso-suteen hedapenari, zuhaitz-estaldurari edo baso-soiltzeari buruzko satelite bidezko behaketak) erabili zituzten.