NAIZ

Aiaraldeko Plan Estrategikoa adostu eta onartzeko eskatu die EH Bilduk Lakuari eta Aldundiari

EH Bilduk salatu duenez, 2023ko otsailean Aiaraldeko Plan Estrategikoaren hasierako zirriborroa aurkeztu zitzaien alkateei eta orduz geroztik ez dute berririk jaso. Hortaz, «behingoz adostu eta onartzea» eskatu die Lakuari eta Arabako Foru Aldundiari.

Besteak beste, Aiaraldeko industria bultzatu nahi dute.
Besteak beste, Aiaraldeko industria bultzatu nahi dute. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aiaraldeko Plan Estrategikoaren «talde eragilea» deitzeko eskatu die asteazken honetan EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eta Lakuako Gobernuari, eskualderako plan estrategikoa «behingoz adostu eta onar dadin».

Ohar batean, koalizioak jakinarazi du aldarrikapen horiek jasotzen dituen mozio bat erregistratu duela Aiaraldeko udalerri guztietan.

Azaldu duenez, «duela ia urtebete aurkeztu zitzaien alkate guztiei eskualdeko plan estrategikoaren hasierako zirriborroa, baina horren ostean, ez dute berririk jaso». «Hori bai, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan egindako galderari erantzunez, erakundeek onartu dute zirriborro hori ez dela asko aldatu», kritikatu du.

Egoera honen aurrean, EH Bildu «kezkatuta» agertu da, «ez direlako betetzen ari plan hori 2022ko irailean aurkeztu behar zela ezartzen duten epeak».

Koalizioak azpimarratu duenez, Aiaraldean egoera sozioekonomikoa «oso larria zen 2018an eskualdea suspertzeko ponentzia bat sortzea proposatu zuenean» eta «egoerak ez du hobera egin».

Udalen eta eragileen ekarpenak

Era berean, EH Bilduk eskualdeko udalen eta eragileen ekarpenak kontuan hartzea eskatu du mozioan. «Hiru urte igaro dira Berehalako Ekintza Plana egin zenetik, eta 2022-2023an gauzatu beharreko hogeita hamar helburuetan jasotako neurrien %3,3 baino ez da bete», azpimarratu du.

Ondorioz, Arabako Foru Aldundiari eta Lakuari «planaren 33 ekintzen helburuak betetzeko epe laburrean gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko» eskatu die, eta gogorarazi du «funtsen erdia eskualdeko ekonomia suspertzeko erabili behar dela, eta horien arten dago Laudio Glass Hub ekimena, eskualdea beiraren erreferente bihurtzeko».

«Aurkeztutako hiru proiektuetatik bi AutoGlass-Glavista enpresarenak ziren, eta biak jasotako funtsak itzultzeko prozesuan daude. Izan ere, utzikeriazko eta geldotasuneko aldi horretan, enpresak itxi eta kaleratu egin ditu bere 240 langileak. Erabateko porrota», deitoratu du EH Bilduk.

Lurzoru industrialak berreskuratzeari dagokionez, koalizioak azaldu duenez, «inbentarioa egiteko hitzarmena sinatzeaz gain, ez da besterik egin, eta Lanbide Heziketa beiraren sektorea zuzentzeko STEAM programa abian jartzeko ekimenaren kasuan, Hezkuntza Sailak aitortu du bilerak egin direla enpresekin, eta beiraren sektoreko langileen profilak behar direla».