Olatzagutiko porlan fabrikan lanean ari zen 32 urteko behargin bat, Altsasuko bizilaguna, lan istripuz hil da, Foruzaingoak berri eman duenez. Urtea hasi zenetik hildako 14. langilea da Euskal Herrian.
SOS Nafarroak 13:47etan jaso du gertatutakoaren abisua, Foruzaingoak esan duenez, istripua zanpatze baten ondorioz gertatu da zantzu guztien arabera. Iritsi direnean, larrialdi zerbitzuek bihotz birikak bizkortzeko maniobrak egin dizkiote, bertaratutako mediku taldeak heriotza egiaztatu arte.
Altsasuko Foruzaingoaren Herritarren Segurtasunerako patruila bat bertaratu da lantokira. Polizia judiziala arduratuko da istripuaren arrazoiak eta dinamika ikertzeaz. Suhiltzaileak eta mediku talde bat ere bertaratu dira.
2022ko irailean, duela urtebete eta erdi pasatxo, hil zen beste behargin bat enpresa berean. 55 urteko langileak Olatzagutiko Cementos Porland enpresako instalazioetan orga jasotzaile batek harrapatuta hil zen.
Elkarretaratzea, ostiralean 19:00etan
Laneko heriotza honen aurrean, LAB, CGT/LKN, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako, otsailaren 16an, 19:00etan, Altsasuko Iortia plazan.
ELA sindikatuak, bere aldetik, «egoera horren erantzule nagusiak patronala eta erakunde publikoak» direla nabarmendu du. «Enpresek sistematikoki bete gabe uzten dute prebentzio-araudia, etekin ekonomikoa plantillen segurtasunaren aurretik lehenesteko, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio beharrezko kontrol-neurriak ezartzeari, diru publikoa elkarrizketa sozial ez-eraginkor bat indartzeko erabiltzen jarraitzen duen bitartean». Horregatik «zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea amaitzea» eskatu du.
CCOO sindikatuak, ohar baten bidez, istripua gaitzetsi du, ikerketa sakon bat eskatuz. Nafarroan aurten hil den bigarren behargina da Olatzagutin zendutakoa. «Lurralde horrek oraindik ere onartu ezin diren lan istripuen zifrak ditu». Zenbaki hauek gutxitzea nafar Gobernuarentzat «lehentasuna» behar lukeela adierazi du eta «prebentzioan» inbertitzeko beharra lehenetsi.
Zentzu berean, UGTk «langile guztiak prestatzea eta informatzea» beharrezkoa dela nabarmendu du, eta «giza baliabide zein baliabide material gehiago bideratzea Lan Ikuskaritzara, arauak betetzen direla kontrolatzeko eta lantokiak leku seguruak izan daitezen lortzeko». Era berean, sindikatuak gogorarazi du erorikoak eta zapalketak direla lan istripu hilgarrien lehen arrazoietako bat.
Hiru altsasuar, hiru hilabetetan
Azken hiru hilabeteetan hiru altsasuar zendu dira lanean. Azaroaren 28an Etxarri-Aranatzeko enpresa batean hil zen Miguel Angel Granizo, 51 urteko langilea, eta urtarrilaren 15ean Arribe herrian etxebizitza bateko teilatuan lanean ari zen 42 urteko eraikuntzako langile altsasuar bat hil zen.
Bel Pozuetak, EH Bilduk Kongresuan duen diputatu altsasuarrak, «elkartasuna eta sostengua» helarazi nahi izan die lagun eta senideei. «Lan istripu tasa handienetakoa duen lurraldea izanik, lehentasuna izan behar da drama horri aurre egitea», adierazi du.