![2024ko Kilometroen urte osoko egitaraua aurkeztu dute.](/media/asset_publics/resources/001/080/851/article_main_landscape/IkastolenElkartea.jpg)
‘Kultur izpiak’ programa aurkeztu dute ostegun goiz honetan Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako ordezkariek. Kilometroak «jai handiaren» aurretik izango diren ekimenak biltzen ditu programak. Kilometroak 2024en hiru ardatzak kontuan hartuta antolatu dituztela ekintzak azaldu dute: euskara; kulturartekotasuna eta aniztasuna; eta herrigintza.
2024ko Kilometroak Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba ari da antolatzen, urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jai handia; eguzkilorea du irudi eta ‘Izpiz izpi’ lelo. Otsailean hasi eta irailean amaituko den egitaraua aurkeztu dute.
Alaitz Epelde Azpeitiko Ikastolako Kontseiluko kideak esan du Kilometroak ez dituztela egingo «orain arte egin diren bezala», nahiz eta urriaren 6a festa eguna izango den. «Baina aurten, egun horri bezainbesteko indarra eman nahi diogu Kilometroen urteari, eta urte guztiak zehar landu nahi ditugu hiru ardatz nagusi». Gorka Artola Kilometroak 2024ko koordinatzaileak, «ekintza xumeak, eta helburu handiak» izango dituztela aurreratu du; «ekintza xume horien programa da kultur-izpien bidez aurkeztu nahi izan dena».
Kilometroaren jaiaren aurretik, bi lanketa egiten ari direla jakinarazi dute; batetik, harreman mota askotarikoak eraikitzen dabiltza herriko eragileekin, eta bigarrenik, «ekimen mugarriak gauzatzen». Ekintza guztietan hiru ardatz presente dituztela nabarmendu dute: Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza.
Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza
Epeldek aletu du ardatz bakoitzaren esanahia. «Euskara, zalantzarik gabe gure ekinaren erdigunean dago», zehaztu du, «euskara erdigunean jarrita eraiki nahi dugu gure bizitza, eta ekarpena egin nahi diogu euskararen indarberritzeari».
Bigarren ardatza, kulturartekotasuna da: «Kultur eta jatorri desberdinetako jendea bizi garela aldarrikatu nahi dugu, eta gainera, beraiekin egin nahi dugula bidea, non gauden ahaztu gabe, baina inor bidean utzi gabe».
Eta hirugarrena, berriz, herrigintzarena da. Epeldek adierazi du nola ulertzen dute hirugarren ardatz hori: «Nabarmendu nahi dugu herritik eraikitako ikastola garela, eta herriko eragile garen heinean, herriko beste eragileekin batera egin nahi dugula bidea, elkar entzute ariketa eginez, herri hobe baterantz».
Urte osoko egitaraua
Ikasleek ere protagonismo berezia hartuko dute programaren baitan, beraiek ari dira ikasle topaketak antolatzen. Apirilaren 19a izango da gazteen hitzordua: «Ikasle topaketak egin nahi ditugu Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ikasleak elkartuz, eta jai giroan, gure intereseko gaiak landu eta ondo pasatzeko bidea eginez», adierazi dute Mattin Arakistain eta Miren Iturzaeta ikasleek.
Topaketa hau antolatzeko, ikastolen festak antolatuko dituzten ikastolekin jarri dira harremanetan, eta asmoa da euren intereseko gaiak elkarrekin partekatzeko aukera bat sortzea, elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko giroa sortzea, eta bereziki, horretan elkarrekin ondo pasatzea. «Euskararekin eta euskaraz ondo pasatzeko egun bat antolatu nahi dugu. Gazteon egun bat. Eta horretarako UEMA eta Zaparraie euskara elkartearekin harremanetan hasi gara. Haiekin batera antolatuko dugu gazte topaketen jaia», argitu dute.
Otsailak 17-urriak 19: Tutera-Azpeitia, etapaz etapa
Martxoak 2: Zurak eta ezpalak, transmisio ekimena
Martxoak 10: Beskoitzera bidaia
Martxoak 18: Korrika Argantzonen
Martxoak 20: Korrika Azpeitian
Apirilak 19: Ikasle topaketak, egun osoan
Apirilak 27: Kilometroak Txikia, egun osoan
Maiatzak 17: Bertso izpiak, Soreasun
Ekainak 14: KMK24 abestiaren eta bideokliparen aurkezpena
Ekainak 19 eta 20: Amazig herria gurean
Irailak 1: Argazki izpiak lehiaketa
![Estebandomeno](/media/asset_publics/resources/001/135/856/article_thumb_horizontal/Estebandomeno.jpeg)
Cien años del primer muerto en el recorrido del encierro y algo de porno
![Bestak-garbiketa](/media/asset_publics/resources/001/136/867/article_thumb_horizontal/bestak-garbiketa.jpg)
Dos bestazales violentamente atacadas por defender a un hombre de una agresión
![0729_eg_freixas(1)](/media/asset_publics/resources/001/141/247/article_thumb_horizontal/0729_eg_Freixas(1).jpg)
Vivir con sentido, clave en un envejecimiento heterogéneo
![Panama](/media/asset_publics/resources/001/142/030/article_thumb_horizontal/Panama.jpg)
Panamá confirma la muerte de la joven vasca Eneritz Argintxona Fraile
![Bidasoa-irla](/media/asset_publics/resources/001/142/169/article_thumb_horizontal/bidasoa-irla.jpg)