NAIZ

Gipuzkoa Basketek pasa den ekitaldia eta aurtengo aurrekontua onartu ditu

Pasa den ekitaldian irabazi xume batekin amaitu zuen klub donostiarrak eta aurtengoari begira, berriz, 1,6 milioi euroko aurrekontua itxi du. Nacho Nuñez presidentearen hitzetan gainera, «Ogasunarekiko zorrik ez dago dagoeneko eta hornitzaileekiko zorra ere murrizten» ari omen da.

Nacho Nuñez presidentea, ezohiko batzarrean.
Nacho Nuñez presidentea, ezohiko batzarrean. (@GIPUZKOA BASKET)

Donostia Askatuak Gipuzkoa Basket Saskibaloiak akziodunen Ezohiko Batzar Orokorra burutu du Olarain Ikastetxe Nagusian. Gipuzkoa Basketeko akziodunek Administrazio Kontseiluan duten konfiantza berretsi dute. Kapital sozialaren %58,31 azaldu da batzarrera, eta 2022/23 denboraldiko kontuak eta, era berean 2023/24ko aurrekontua onartu dituzte.

Klubak 834,53 euroko superabitarekin itxi zuen 2022/23 ekitaldia eta 2023/24 denboraldiari begira 1.610.000 euroko diru-sarrerak eta gastuak aurreikusi dira.

Nacho Nuñez klubeko presidenteak bere hitzaldian nabarmendu duenez, «klubaren osasun ekonomikoak eta finantzarioak hobera egiten jarraitzen du. Azken bost urteetan, covid-19ak erasandako denboraldian izan ezik, emaitza positiboa eman dugu. Ogasunarekiko zorrik ez dugu dagoeneko eta hornitzaileekiko zorra murrizten ari gara ere. Esaten duguna betetzen dugu eta behar dugunean ordaintzen dugu».

Bestalde, Nuñezek nabarmendu nahi izan du gizarte arloan hazten jarraitzen duela klubak «Abonatuen kopuruak gora egin du eta Angulas Aguinaga Arenara gero eta jende gehiago bertaratzen da; lurraldeko klubekin sinatutako akordio berriak sinatu dira, Gipuzkoako saskibaloi guztia biltzeko asmoaren isla direnak; eta lotura eta hitzarmen estuak daudela entitate eta erakunde sozialekin, klubak gizarteari kirol arlotik haratago ekarpena egiteko duen borondatea islatzen baitute».

Azkenik, Iratxe Elso, Carlos Arsuaga eta Feliz Gorospe Administrazio Kontseiluko kide berriak izendatzea onartu da.