Maider Iantzi Goienetxe

Tonu dibertigarrian idatzi du Joxean Agirrek ‘Gizon barregarriak’ nobela berria

Jubilatu ondotik atraku bat antzeztera jostatzen diren lau lagun dira ‘Gizon barregarriak’ Joxean Agirrek Elkarrekin argitaratu duen eleberriko protagonistak. Istorioak Maria Mendizabal Antropologia ikasle azkarra sartzen denean hartzen du abiada, gaztetasuna emanez zahartzaroaren gaineko gogoetei.

Joxean Agirre, ‘Gizon barregarriak’ nobela berria eskuartean.
Joxean Agirre, ‘Gizon barregarriak’ nobela berria eskuartean. (Jon URBE | FOKU)

‘Gizon barregarriak’ aurkeztu du Joxean Agirre Odriozolak (Azpeitia, 1949), Elkar argitaletxearekin plazaratutako eleberria. Izenburuak iradokitzen duen bezala, umoreak leku garrantzitsua du, eta tonu horri eustea izan da zailena, egileak aitortu duenez. «Nobela honetan umorearen gakoa narratzaileak bizitzaren eta munduaren gainean daukan begirada bat da, dibertimenduzkoa, grazia egingo balio bezala... ez beti, zahartzaroari begiratzen dionean begirada hori ilundu egiten da. Baina bestela, oro har, dibertimenduzko tonua dauka».

Gizon barregarriak lau adiskide dira, jubilatu ondoren aspertzen hasita, atraku bat eta bahiketa bat antzeztera jolasten direnak. 40 urte lehenago elkarrekin ibili ziren polimilien komando batean, eta ekintza haiek gogoratzeko bide ematen die jostetak. Beste arrazoi bat ere badu simulazioak: garai hartan atzetik izan zituzten lehen promozioko ertzainekin sagardotegian egin duten apustua. «Egin atraku bat, eta baietz harrapatu!».

Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak azaldu duenez, hainbat hari interesgarri eta komiko txirikordatzen ditu Agirrek: zahartzaroaren eta maskulinotasunaren inguruko gogoetak, garai bateko ideal eta helburuen zimeltzea, baita gaztetasunaren gorazarrea ere, gizon barregarriek adinako protagonismoa baitu Maria Mendizabal Antropologiako ikasle gazte eta distiratsuak, zeina uniformedunen usainei buruzko doktore-tesia egiten ari den.

«Hari guztiak esfortzu handirik gabe joan ziren lotzen. Hori izan da ederrena», adierazi du idazleak. «Atraku eszena batzuk idazten hasi nintzen. Zahartzaroaz hitz egitea zen abiapuntua, baina ez zuen despegatzen neska bat sartu nuen arte. Gozada bat izan da idaztea».

Esperimentu bat

«Xarma izugarria izateaz aparte, neska hau azkarra da, anbizioa dauka, eta badu landa lan bat sexu azkarraren inguruan. Azalean azaltzen den terraza horretan elkartzen dira narratzailea eta neska tarteka. Catherine Milleten ‘La Vie Sexuelle’ liburuarekin beti eduki dut zalantza bat: hau posible da Parisen eta artearen munduan, baina Azpeitian edo Donostian idatziko balitz, zer gertatuko litzateke? Hemen sartu dut esperimentu modura», kontatu du Zarautzen bizi den azpeitiarrak.

Maria Mendizabal doktore-tesi bat egiten ari da uniformatuen usainei buruz. Idazlearen bizipen batekin lotuta dago hori. ‘Ikastola’ aldizkarian ibili zen luze, eta maiz joaten ziren konbentuetara, bertan muntatzen zituztelako ikastolak. Usainagatik mojak edo fraideak bizi izan ziren asmatzen zuen Agirrek. Nobela osoa zeharkatzen du usainak.

Hirugarren lerro bat ere bada: protagonistari gaztetan nobela bat aurkitu zioten poliziek etxean euskaraz, eta komisaldegian itzultzeko eskatu zioten ahoz eta momentuan. Bera, itzuli ordez, beste nobela bat asmatzen hasi zen.

Epaitegia, taberna eta Haizearen Orrazia

Hiru agertoki nagusitan gertatzen da istorioa: epaitegian, Donostiako Ibaetako taberna batean, eta Haizearen Orrazian. Epaitegiko testu batzuekin gelditu da idazlea bereziki gustura. «Gizonek adinarekin eta sexuarekin dauzkagun ajeen inguruan parodia bat egiten da. Emakumeak juntatzen dira eta diskurtso bat prestatzen dute gu barregarri utziz. Hortik izenburua».

«Haizearen Orrazia hain eszenatoki ona da itsasoari begira konfidentziak egiteko eta hitz egiteko...», adierazi du. Kontatu duenez, «harreman bortxatu samarra da» narratzaileak emaztearekin duena. Haizearen Orrazian daudela, «tarteka emazteak ematen dizkio besarkada batzuk eta apuratu egiten da gizona».

Lau adiskideek «borroka armatua erabiltzen dute bromak egiteko. Neskak ‘amore eman duzue’, esaten die». Narratzaileak ez du mundua aldatzeko asmo berezirik. Protagonista femeninoa, berriz, antipodetan dago, bera da benetako borrokalaria.

Idazle oparoa da Agirre. Nobela ugari idatziak ditu (‘Solteroen dantzalekuak’, ‘Distira eta alderantzia’, ‘Nobela errealista bat’, ‘Ispiluak eta itsasoak’...), baita biografiak ere, Elgetarena eta Txirritarena adibidez. Soziologia eta Kazetaritza ikasi zituen. ‘Egin’-en eta GARAn aritu zen jubilatu arte, eta ‘Bertsolari’ aldizkariaren sortzaile eta koordinatzailea ere izan zen.