Alta jaso du ostiral honetan Ertzaintzak Tolosako inauterietan foam bala batez begian jo zuen billabonatarrak eta astearte goizean egingo diote lehenengo ebakuntza. Bihar Tolosan egingo den mobilizaziora batzeko deia luzatu du familiak.
Astelehen goizaldeaz geroztik ospitaleratuta egon ostean, etxean dago Ertzaintzaren jaurtigailu baten ondorioz zauritutako 16 urteko billabonatarra. Ostiral honetan jaso duten mediku txostena erakutsi dio familiak NAIZi, eta dokumentuak jasotzen duenaren arabera, «pilotakada» batek eskuineko begian eragindako traumatismoarekin ospitaleratu zuten astelehen goizaldean.
Ertzaintzaren foam balak eragindako kolpeak lesioak eragin dizkio erretinan, eta «hantura handia» begiaren atzeko kameran. Kornea, aldiz, «egoera onean» dauka.
Medikuek familiari ohartarazi diotenez, ziurrena da ez duela «erabat» berreskuratuko kaltetutako begiaren ikusmena; «lauso» ikusiko duela, gaztearen izebak jakinarazi duenez. «Ezin digute esan denborarekin, tratamenduekin, hobetuko duen edo ez», agertu du senide honek.
Astearte goizean egingo diote lehenengo ebakuntza, erretinan dituen edemen isuriak «geldiarazteko», baina ziurrenik ez da operazio bakarra izango. Begiaren barruko hantura denborarekin hertuko zaiola esan diote medikuek senideei.
Ebakuntza egingo diotela jakitean, animo aldetik ere zertxobait «suspertu» dela kontatu du izebak, asteazkenean jaso baitzuen «kolpe latzena», esan ziotenean ziurrenik ez zuela ikusmena guztiz berreskuratuko.
Batetik asko, bestetik gutxi
Ostegunean Tolosako epaile batek ofiziozko ikerketa abiatu zuen Villabonako gazteari gertatutakoa argitzeko, eta familia akusazio partikular gisa batu da salaketara. Bide hau hasi berri dago, beraz, oraindik ez daukate informaziorik.
Ez dute informazio gehiago jaso, halaber, Ertzaintzaren eta Lakuako Segurtasun Sailaren aldetik. Lehenengo egunetan jo zuen Polizia autonomikoak familiarengana, baina gehiago ez da harremanetan jarri.
«Zurrunbilo honetan sartuta gaude eta gure lehentasuna ahalik eta azkarren sendatzea da. Baina faltan dugu, agian, azaltzea zergatik hartzen diren horrelako erabakiak. Guretzat gogorra da medioetan ateratzen diren adierazpen batzuk ikustea, adierazpenetako batzuk min egin digute, baina ez dugu denbora gehiegirik izan gauza horietan pentsatzeko», onartu du zauritutako mutilaren izebak.
Aldiz, familiartekoak eskertuta daude Villabonako nahiz Tolosako udalen aldetik jasotako babesarekin, baita Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearekin, beraiekin kontaktuan jarri baitzen jakinarazteko Ertzaintzaren Tolosako kargari buruzko txostena galdegin ziola Segurtasun Sailari.
Eta eskertuta, «oso», herritarren erantzunarekin. Jendetsua izan zen asteartean Villabonan senideek egin zuten agerraldia, Iturenen –gazteak familia-loturak ditu herrian– ere elkarretaratzea egin zen asteazkenean eta ostiral honetan protesta egin du Ikama gazte antolakundeak Tolosan, «indarkeria poliziala» salatzeko. Bertara agertu da gaztea, aitak lagunduta, eta txalo artean hartu dute lagunek, ‘Tolosaldeko Atariak’ zabaldu duenez. «Kristoren babesa sentitu dugu, ez dugu nola eskertu», adierazi zuen senideak.
«Kristoren babesa sentitu dugu, jendeak elkartasuna adierazi digu. Ez dugu nola eskertu», adierazi du senideak.
Ziurrenik, baina, larunbatekoa izango da orain arteko elkartasun keinurik handiena. Gaztearen familia eta lagunek mobilizazioa deitu dute Tolosako Triangulo plazatik abiatuta, 12.00etan. «Bada garaia horrelako gauzekin bukatzeko», ebatzi du billabonatarraren izebak.