NAIZ

Zabaleta bigarren posturako lehiarako itzuliko da larunbat honetan, Labriten

Ligaxkako azken-aurreko jardunaldiko norgehiagoka jokatzea eragotzi zion eskuin izterreko mina behin sendatuta, atzelaria hobeto dago eta bikotea osatuko du Peio Etxeberriarekin, Artolaren eta Imazen kontrako lehian.

Jose Javier Zabaleta, aurreko partida batean pilota astintzeko prest.
Jose Javier Zabaleta, aurreko partida batean pilota astintzeko prest. (Iñigo URIZ | FOKU)

Inork ez du Binakako Txapelketako ligaxkako azken jardunaldia galdu nahi. Jose Javier Zabaletak azkenenean erabaki du larunbat honetan Iruñeko Labriten jokatzea, Peio Etxeberriarekin batera, bigarren posturako lehiarako. Aurrean, sari bera nahi duten Artola eta Imaz arituko dira 17.15ean hasiko den jaialdian –bigarren partida izango da txapelketakoa–.

Etxarrengo atzelariak ez zuen Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu ligaxkako azken-aurreko neurketa, ezker hankako izterrean min zuelako. Erostarbek ordezkatu zuen, eta Etxeberriarekin batera, galdu egin zuen Peña II.aren eta Albisuren kontra (22-10).

Baina biharko neurketak garrantzia handia du. Izan ere, Peio Etxeberria-Zabaleta eta Artola-Imaz bikoteen arteko neurketan sailkapeneko bigarren postua egongo baita jokoan. Irabazten duenak bigarren amaituko du ligaxka, eta horrek finalerdietako ligaxkarako txartela bermatzen du.

Gaur ostiral gauekoa (Ezkurdia-Tolosa eta Jaka-Mariezkurrena II.aren arteko partida, Altsasuko Burunda pilotalekuan) eta larunbat arratsaldekoaz gain, igandean ere ligaxkako azken partida jokatuko da. Elordi-Rezusta eta Laso-Aranguren aurrez aurre arituko dira Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Gaur gaueko partidaren emaitzari adi egongo dira bi bikote hauek.