Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Interview
Jon Bautista
Eibarko jokalaria

«Hasieratik ikusten nuen goian egoteko moduko taldea garela»

Eibarri Zaragozaren kontrako hiru puntuak eman zizkion gola Jon Bautistak (Mao, 1995) aurten sartu duen bederatzigarrena da. Lehen Mailan Realarekin debutatu zuenetik marka onena du jada. Hala eta guztiz, gehienbat taldeari iaz berriro ihes egin zion igoera lortzeko lan egiten du aurrelariak.

Jon Bautista, gol bat ospatzen.
Jon Bautista, gol bat ospatzen. (SD EIBAR)

Zubietan hazi zen etorkizun handiko aurrelariaren etiketarekin. Eta Eusebio Sacristanen eskutik Realaren lehen taldearekin debuta egin zuenean, bazirudien talde txuri-urdineko erreferentziazko jokalari bilakatzeko ilusioa bideratuta zeukala. Baina ez zuen bere lekua aurkitu, eta beste zelai batzuetan bilatu behar izan du. Belgikako Ligan eta Leganesen probatu ondoren, badirudi hirugarren saiakeran lortu duela; Eibarren, alegia. Gaizka Garitanok aurreko denboraldian eman zion konfiantza Joseba Etxeberriak handitu du, eta ondo aprobetxatzen ari da Ipuruako «Bautistuta».

1995ean jaioa izanik, ez dakit Batistuta asko jarraitzeko aukera izango zenuen. Baina ez da seinale txarra zuri ezizen hori jarri izana.

Gazteegi harrapatu zidan. Baina badakit, bai, seinale ona dela. Txantxa alde batera utzita, egia da oso pozik nagoela orokorrean Eibarren edukitzen ari naizen esperientziarekin eta orain, une honetan, denboraldia nola doan ikusita. Taldea oso ondo dago, ni ere oso gustura... Golen aldetik nire denboraldirik onena izaten ari da. Konfiantzarekin sentitzen naiz. Misterrak jokatzeko aukera ematen dit, eta pozik nago egiten ari naizenarekin.

Aurrelariek Joseba Etxeberriaren etorrera eskertu omen duzue.

Bueno, ni iaz ere oso gustura ibili nintzen. Egia da agian Josebarekin joko alaiagoa eta ausartagoa egiten dugula. Aurrelarioi aukerak izatea gustatzen zaigu eta aurten taldeak aukera asko egiten ditu. Horregatik gara talde golegileena... Aurrelariok disfrutatzen dugu, eta taldea maila handia ematen ari da. Baina iaz ere eman zuela iruditzen zait.

Iaz bezala, arazo txiki bat dago mantaren tamainarekin. Orduan gehiago kostatzen zitzaizuen golak sartzea eta orain ez jasotzea.

Egia da kostatzen ari zaigula. Baina, bolada hobeak eta okerragoak izan ditugun arren, nik uste dut joera ona dela, pixkanaka bagoazela hobetzen arlo horretan ere. Nik uste dut azken aldian hobekuntza ikusi dela. Adibidez, Ipuruan azken hiru partidetan ez dugu golik jaso. Eta azkenean Zaragozaren kontra, gogoz erasotzen zigun aurkari baten kontra, sendo mantendu ginen. Pixka bat urratsa atzera egin genuen, baina sufritzen jakin izan genuen, eta hori futbolean oso garrantzitsua da, ezinezkoa delako partida guztiak goitik behera menderatu. Aurkariak agintzen duenean, sufritzen jakin behar da. Azken partidan oso ondo egin genuela uste dut.

«Iaz ere oso gustura ibili nintzen. Baina egia da Josebarekin joko ausartagoa eta alaiagoa egiten dugula. Aurrelariok disfrutatzen dugu, eta taldea maila handia ematen ari da»

Konparazioak arriskutsuak izaten dira, baina iazko «mantarekin» bi puntu gehiago zenituzten denboraldiko une honetan.

Ez dut uste esanguratsua denik. Agian alde handiagoa izango balitz... Baina bi puntu besterik ez dira, eta garrantzitsuagoa iruditzen zait joerei eta boladei begiratzea. Batez ere hoberantz goazela uste dudalako, Gabonak baino lehen berriro bolada txarra eduki bagenuen ere. Eta, pertsonalki, talde hobea daukagula uste dut, joko hobea, eta espero dut denboraldi amaieran puntu gehiago edukitzea.

Igotzeko zenbat puntu beharko diren kalkulatzeko ez naiz gai sentitzen. Hain estu dago sailkapena!

Iaz pentsatzen genuen ezin zela parekatuagoa egon, eta, hara non, aurten parekatuago dago. Ez da ezusteko bat, hala ere. Topiko bat dirudi, baina egia da edozein talde dela edozein aurkariri irabazteko gai. Horregatik da hain zaila tarte handiak zabaltzea sailkapenean. Eta horregatik ere da hain garrantzitsua erregularra izatea lortzea.

2024an izaten ari zarete. Ez dakit zer turroi mota jan zenuten, baina Gabonetako oporretatik bueltatu zinetenetik lau garaipen eta berdinketa bat lortu dituzue.

Oporren aurretik emaitza txar batzuk eduki genituen, postu batzuk galdu genituen sailkapenean, eta agian zalantzak sortu ziren inguruan. Baina guk bagenekien talde ona daukagula. Eta gainera ikusten dugu jokalariok nola entrenatzen dugun, ze gogotsu gauden eta nola goazen partidetara asteburuetan. Egia da hori zelaian eta markagailuan islatu behar dugula, baina konfiantza izan dugu taldean, eta erakusten ari gara merezi duela.

«Topiko bat dirudi, baina edozein talde da edozein aurkariri irabazteko gai. Horregatik da hain zaila sailkapenean tarte handiak zabaltzea eta horregatik da hain garrantzitsua erregularra izatea lortzea»

Une guztiak dira onak sasoian egoteko, eta hau bereziki. Alde batetik, sailkapena apurtzen hasi daitekeelako eta, bestetik, bigarren itzuliko egutegiaren zati konplikatuenean zaudetelako.

Gaur bertan horretaz hitz egin dut taldekideekin, partida hauek duten garrantziaz. Gorriz markatuta daukagu egutegiaren zati hau, denboraldiaren azken txanpari goiko bi postu horietan ekiteko aukera eskaintzen baitigu. Aurreko biak (Ferrol, Zaragoza) ondo joan dira, ia hurrengo hiru hauetan (Elx, Espanyol, Leganes) ere ea gauzak ondo egiten ditugun. Lehen itzulian oso ondo aritu ginen orokorrean goiko taldeen aurka, eta orain berriro egingo dugulakoan nago.

Eta, hala ere, ez du ezer ziurtatuko. Eibarren ondo ikasi da hori, aurreko bi denboraldien esperientziaren ondoren.

Horrela da. Oso garrantzitsua da partida horiek irabaztea, zuk lortzen dituzun puntuak ez dituztelako aurkari zuzenek lortzen eta, gainera, konfiantza handia ematen dizutelako garaipen horiek. Baina partida askoz gehiago irabazi behar dira, ia denak. Egia da denboraldia luzea egiten dela, nekagarria asteroko presio horrengatik ere, baina errazago eramaten da amaiera ona edukitzeko ilusioarekin lan egiten duzunean.

Ilusioa? Helburua? Betebeharra? Klubeko ordezkariek taldeari presioa kentzen saiatu dira denboraldi hasieratik, diskurtsoa moderatuz.

Baliteke. Baina nire sentsazioak onak izan dira hasieratik. Banekien talde oso ona geneukala, goian egoteko moduko taldea. Eta jada bigarren itzulian egonik, taldea goian ikusirik... Oso ilusionatuta eta gogotsu gaude hor mantentzeko.

Klubeko agintariek ez bezala, zuen entrenatzaileak oso diskurtso anbiziotsua eta exijentea izan du lehen egunetik. Kanpotik eskertzen da, baina aldagela barruan?

Bai, barruan ere bai. Gainera, guregan konfiantza duela esateko forma bat ere bada. Eta aldagelan ere sentsazioa bera dela uste dut. Nire helburua behintzat aurreko bi postuetan amaitzea da, eta taldekide guztiena bera dela esango nuke.

Eta parte hartze handiarekin izan dadila. Momentuz horrela izan da, bai iaz Garitanorekin, bai aurten Etxeberekin, lehiakideak faltan izan ez badituzu ere. Zer eskaini diezu entrenatzaileei hamaikakoan postua biekin zureganatzeko?

Ez naiz aproposena horretaz hitz egiteko, eurek esan beharko lukete. Baina uste dut taldeko jokalari ona naizela, langilea eta kolektiboki asko ematen duena. Hori izango da.

Sergio Leonek gola sartuz debutatu zuenean, zer sentitu zenuen?

Poza, bai, sinetsi egidazu. Lagunek, familiak... denek galdetu didate. Eta horrela da. Hemen denok helburu bera daukagulako. Stoichkovek, Sergiok, nik neuk sartzea..., berdin zaigu nork sartzen duen; inporta zaiguna da puntuak lortzeko balio izatea, guztion helburu nagusia Lehen mailara igotzea delako. Poztasuna sentitu nuen batez ere, beragatik.

Pozik sentituko zinen ere Etxeberriak hamaikakoan mantendu zaituela ikustean, Leoneak debut hain deigarria izan arren.

Josebaren konfiantza daukat eta oso gustura nago. Entrenamendu oso onak egiten ditudala eta asteburuetan eskatzen didan maila ematen dudala uste dut. Eta, aldi berean, jokatzeak konfiantza eta lan egiteko gogo gehiago ematen dizkit. Batez ere pozik nago, horrek taldeari laguntzen badio eta nahi dugun denboraldi amaiera izatera iristen laguntzen badigu.