Jon Ormazabal

Altuna: «Kanpoan denbora asko egon eta gero, Artolaren benetako lekua eta maila hemen dago»

Bere itzuleran, osteguneko partidako material aukeraketa aukariaren aldarri irmo eta benetakoa bihurtu du amezketarrak, eta Ander Imazen sostengua ere izan du alegitarraren maila goraipatzerakoan.

Iñaki Artola txapelketako pilotaririk onena izan dela adierazi du Jokin Altunak.
Iñaki Artola txapelketako pilotaririk onena izan dela adierazi du Jokin Altunak. (Jon URBE/FOKU)

Hiru astez kantxetatik at egon eta gero, printzipioz, Jokin Altunak behar zuen gaurko material aukeraketaren protagonista, baina ezker eskua erabat osatuta duela baieztatu ostean, Iñaki Artolaren aldarri irmo sentitua bihurtu du amezketarrak ondorengo prentsaurrekoa. Lehenengo, alegiarra, «aldearekin gainera, txapelketako pilotaririk onena» izan dela adierazi du eta geroxeago ostegunean bere aurkariaren mailaren defentsa sutsua egin du, bere hitzak asko neurtu, baina esandakoek adina esaten duten isiluneekin.

Hitzaldiaren tarte batean, min hartuta zegoela izandako zortea aipatu du Jokin Altunak, bera ordezkatu duen Javi Zabala «bere ibilbideko unerik onenean» harrapatu duelako bere ezker eskuko lesioak. Iñaki Artola ere unerik onenean den galdegin diogula aprobetxatu du amezketarrak barruan zeramana ateratzeko. «Iñakirekin hori esatea tranpa iruditzen zait, nire ustez Iñakik askotan jokatu baitu ondo pilotan. Nire ustez, ikusi dena da kanpoan denbora asko egon eta gero, bere benetako lekua eta maila hemen dagoela. Hor ia gauza asko daude, eta gauza asko erantzungo nizkizuke horren inguruan, zuek ere jartzea badauzkazue», adierazi du.

Beti, baita alegiarraren unerik zailenetan ere, Jokin Altunak konfiantza handia erakutsi izan du bere auzotarrarengan. «Bai eta barruan gauden pilotari guztiek ere. Aurten uda guztian eta denboraldi luzean partida handietatik kanpo ikusi dugun momentuan askotan komentatu izan dugu, harrituta geunden, bere maila badakigulako zein den. Bere lekua hau da eta espero denbora askoan izatea», aipatu du.

Iñaki Artola bera ezustean harrapatu dute arerio baina, era berean, adiskidearen hitzek. «Lagunak gara, antzematen da, ezta? Baina ostegunera arte, orduan bakoitza dena ematera eta irabaztera irtengo gara eta. Baina bere iritzia hori bada, eskertzen diot hemen kameren aurrean plazaratzea, ez dakit zer esan. Egia da azkenaldian gustura sentitzen naizela, zaila da momenturik onena den esatea, azkenean urte batzuk badaramatzat hemen, lehen ere une onak izan ditudala esango nuke, baina agian kosta egin zait jarraipena ematen geldialdiengatik eta abar. Azken pare bat urtetan bai sentitzen naizela jarraikortasunarekin, kantxan gozatzen eta beharbada hauxe izan daiteke bolada onik luzeena», adierazi du.

Imazen babesa

Bere atzelari Ander Imazi ere ezin ba gaiaz galdetu gabe alde-egiten utzi eta oiartzuarra ausart aritu da bere kidearen alde nabarmen eginez. «Orain dela hiru edo lau urte Iñaki oso maila onean zegoen, baina azkenean gauza batzuk egon dira igual enpresak pixka bat alde batera utzi duela. Iruditzen zait Iñakiren maila lehen mailakoa izan dela beti, azkenena udan ere demostratu du, nahiz eta bigaren mailako partidak jokatzen egon, ze maila duen. Binakako txapelketan ere ikusten ari da ze pilotari puska den eta iruditzen zait, lehen-lehen mailako pilotaria dela orain eta baita lehenago ere bai».