Jon Ormazabal

Enpresa arteko oreka Binakako txapelketaren desorekan

Azken urte luzeetako bolada etenda –azken sei urteetako bostetan lehen faseko lehen bi sailkatuak Aspekoak izan ziren– enpresa arteko erabateko orekarekin amaitu da oro har gorabeheratsua izan den Binakako txapelketako ligaxka, bai lehen mailan, baita aurten B-seriea izena hartu duen promoziokoan.

Jaka-Mariezkurrena eta Etxeberria-Zabaleta izan dira orain arteko onenak.
Jaka-Mariezkurrena eta Etxeberria-Zabaleta izan dira orain arteko onenak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Pilotez, frontoien koloreez, lesioez eta zalantzez hainbeste hitz egin den Binakakoaren lehen fase honetan, enpresen arteko lehia ere hizpide izan da pilotaren katedratikoen artean, batez ere arazo fisikoek asko baldintzatutako hamaikagarren jardunaldian –Altunak ezker eskuko zain bat lehertu zuen eta Zabaletak ezker zangoan zaintiratua izan zuen jokatzen ari ziren bitartean– Baikoko pilotariek jokatutako lau partidak irabazi zituztelako, halakorik gertatu zen azken alditik hamabi urte igarota. Azken urteetako boladari erreparatuta, alde horretatik esan daiteke Baikok koska bat kendu diola Aspek azken urteetan erakutsitako nagusitasunari, baina txapelketaren Rubikon hau igarota, bi promotoreen arteko indarrak ezin orekatuago daude, enpresa bakoitzak bikote bat baitu finalerdietan –Jaka-Mariezkurrena lehen mailan eta Agirre-Iztueta B Seriean Baikok, eta Peio Etxeberria-Zabaleta eta Egiguren V.a-Eskuza Aspek­–, kanporatu bana –Laso-Aranguren eta Alberdi-Morgaetxebarria Baikok, eta Ezkurdia-Tolosa eta Salaberria-Arbizu Aspek– eta play offetan elkarren aurka arituko diren bina bikote, nahiz eta finalerdietarako txartelak modu desberdinean banatuko diren lehen eta bigarren mailan.

Ostegunean Tolosan elkarren aurka ariko diren Altuna-Martijak eta Artola-Imazek nahikoa izango dute garaipen bat –ostegunean Beotibarren edo igandean Bilbon– ostiralean Zornotzan Elordi-Rezusta/Peña-Albisuren artean nagusitzen denaren aurka. B serie txapelketan, ordea, larunbatean Larraintzarren kanporaketa zuzenak jokatuko dira; Larrazabal-Eskiroz/ Exposito-Gaskue eta Zubizarreta-Ugartemendia/ De la Fuente-Bikuña. Bi irabazleek egingo dute aurrera.

Jotzaileen martxan

Eta lehen mailako txapelketa aztertzen hasita, beste behin atzelaririk jotzaileenen martxan jokatutako ligaxka bat izan dela esan genezake, Mariezkurrenak Jakaren aldetik laguntza eraginkorragoarekin, Zabaletak Peio Etxeberriarengandik jaso duena baino, nahiz eta ultzamarrak gehien behar zenean, azken partidan, atera zuen bere jokorik onena. Hori bai, Mariezkurrenak zein Zabaletak arazo fisikoak izan dituzte txapelketan zehar, eskukoak Berriozarkoak eta izterrean etxarrendarrak, eta bigarren itzulian zalantza gehiago utzi dituzte lehenengoan baino.

Hala ere, Baikoko bikoteak badu itxaropentsu izateko motiborik, azken zortzi txapelketatik seitan txapela ligaxka lehen postuan amaitu duen bikoteak jantzi baitu, beste batean finalistak izan ziren eta 2020 gatazkatsu horretan baino ez ziren finaletik kanpo geratu –Jaka-Zabaleta, lizartzarrak unerik txarrenean gaixoaldi bat izanda–.

Jarraian 184 partida jokatu eta gero, bertan behera utzitako lehena izan zuen Bilbon 13. jardunaldikoa Zabaletak, jokoan ezer gutxi zegoena, eta dudarik ez dago etxarrendarra dela txapelketa honetako pilotaririk erregularrena, 2020an play-off sistema ezarri zenetik urtero egon baita bi lehenengoen artean sailkatuta; horietako hirutan lehen postuan.

Zalantza ugari

Alternatiba izan daitezkeen bikoteen artean zalantzak dira nagusi. Hasteko, ikusi egin behar Jokin Altuna zein mailatan itzultzen den txapelketara, azken hiru asteetan kanpoan izan eta gero. Amezketarrak ez zuen denbora askorik behar izan lehen hiru asteetan geratu ostean bere onenera itzultzeko, baina orain partidek beste garrantzi bat dute. Hori bai, gora nabarmen egin duen Martija izango du alboan eta txapeletik gertu ibiltzeko bikotea dira.

Artola-Imazek sekulako txapelketa osatu dute, baina azken bi partidak galduta irtengo dira kantxara ostegunean. Alegiarra sekulako joko boladan da eta, oiartzuarraren lehiakortasunarekin, ez dira egindakoarekin konformatuko. Irregulartasuna litzateke Peña-Albisu eta Elordi-Rezusta definitzeko hitza. Sendotasunik ez, baina edonori susto bat emateko gai, batez ere partida baterako helburuetan.

Laso eta Ezkurdiaren mailako bi txapeldunentzat hain goiz kalera joatea porrota da, baina Baikokoak irakurketa baikorrago bat egin lezake, bere jokoan Aspekoan ikusi ez den hobekuntza nabarmena sumatu zaiolako.