NAIZ

Afrikak bere azken izotz eremuak gal ditzake mende honen erdirako

Azkar desagertzen ari dira Afrikan gelditzen diren glaziar apurrak, eta kontinenteak bere azkenengo tontor txuriak gal ditzake mende honen erdialderako, ‘Environmental Research: Climate’ aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek dioenez.

Kilimanjaron dago Afrikako izotz eremu zabalena eta hori ere 11,4 kilometro karratutik 0,98 kilometro karratura murriztu da 1900tik 2021-22ra.
Kilimanjaron dago Afrikako izotz eremu zabalena eta hori ere 11,4 kilometro karratutik 0,98 kilometro karratura murriztu da 1900tik 2021-22ra. (CC BY-SA 3.0 WIKIMEDIA COMMONS)

Afrikako izotz eremuak erdira baino gehiagora murriztu dira XXI. mende honen hasieratik, eta martxa honetan mendearen erdialderako denak agortuko dira. Hala ondorioztatu du ‘Environmental Research: Climate’ aldizkarian plazaratutako ikerketa berri batek.

Eguneroko sateliteen irudietan oinarritutako azterketa honekin arrakala bat itxi dela adierazi dute. «Ez genuen aurreko urteetako datu zehatzik», azaldu du Anne Hinzmann egile nagusi eta Friedrich-Alexander University Erlangen-Nurnberg Unibertsitateko master ikasleak.

Keniako estatuan dagoen izen bereko mendiak 5.119 metroko garaiera du, eta bertako glaziarraren azalera 2016. urtean neurtu zuten azkenekoz. 5.985 metroko altuera duen Kilimanjaro Tanzaniako mendiko datuak, aldiz, ez ziren eskuragarri egon 2011 arte. 5.109 metroko Ruwenzoriko glaziarra ere, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko mugan dagoena, ez zuten neurtua 2005etik.

Interes bereziko hiru glaziar eremu

Afrikako hiru glaziar eremu bakar hauek interes berezia dute tropikoen erdian kokatuak daudelako, ekuatoretik ez hagitz urrun. Horma naturalki soilik sortzen da bertan, tontorrak hagitz altuak direlako, eskualde hotzetan. Toki horietan izotza galtzeak ez luke zuzenean loturarik izan beharko tenperaturak igotzearekin, Europako Alpeetan gertatzen den bezala, adibidez.

Eskualde honetan aldatu dena prezipitazioak dira, Mölg irakasleak eta bere taldeak duela urte batzuk deskubritu zuten bezala. Ekialdeko Afrikan, nagusiki bi denboralditan egiten du euria, urritik edo azarotik abendura, eta martxotik maiatzera. Gainontzean klima lehorra da denbora gehienean. Garai euritsuetako prezipitazio handien parte txiki bat soilik gertatzen da mendi goietan, elur forman.

Kilimanjaroko, Kenia mendiko eta Ruwenzori mendietako batez besteko tenperaturak zero azpitik mantentzen badira, elur horrek iraunen du eta kapa txuri berri batek estaliko du gehienez ere hurrengo eurite garaian. Denborarekin, gero eta elur gehiagok presionatzen dituzte kaparik sakonenak, behealdean dauden kapak izotzera bultzatuz eta glaziar bat sortuz. Prezipitazioak gutxitzen badira, ordea, horma ez da berrituko eta glaziarra izotza galtzen hasiko da.

Euri garaiak idorrago bilakatzen hasi ziren XIX. mendearen amaieran, eta ordutik glaziarrak txikitzen ari dira.

Kartografia egin zenetik izotzaren %90 galdu da

Azterketaren emaitzek egoera latza erakusten dute. «XIX eta XX. mendeen artean glaziarren lehenbiziko kartografia egin zenetik, beren azaleraren %90 baino gehiago desagertu da», baieztatu du Hinzmannek.

1899an, Kenia mendiak 1,64 kilometro karratuko gainazala zuen oraindik. 2021 eta 2022 urteetarako 0,07 kilometro karratu galdu zituen. Ruwenzori mendietan, 1906an 6,51 kilometro karratu izotz zeuden; 2021-2022rako, 0,38 kilometro karratu gelditzen ziren bakarrik. Kilimanjaron dago Afrikako izotz eremu zabalena eta hori ere 11,4 kilometro karratutik 0,98 kilometro karratura murriztu da 1900tik 2021-22ra.

Tximistaren abiadan

Eskualde tropikaletako glaziarren adierazleek, klima aldaketa aspaldi hasi zela frogatzeaz gain, tximistaren abiadan gertatzen ari dela erakusten dute.

«Izotzaren gutxitze izugarri hau alarma pizteko modukoa da», dio ikerlari nagusiak. «Afrikako glaziarrak klima aldaketaren inpaktuaren adierazle argia dira».

Eskualdeko prezipitazioen aldaketak paper garrantzitsua jokatzen du. Euri hodei gutxiago egoteaz gain, egun hodeitsu gutxiago daude. Hortaz, eguzkiaren argiak gehiago jotzen ditu glaziarrak. Tenperaturak zero azpitik mantenduta ere, eguzkiak horma lurrun dezake zuzenean, eta glaziarra desegin. Hori ez da modu berean gertatuko toki guztietan. Azpiko zonaldeetan eguzki gutxiago dago eta babestutako tokietan izotzak luzeago iraungo du.

Gauza bera gertatzen da mendebaldeko mendi-hegaletako glaziarrekin. Arratsaldeetan eguzki aunitz hartu dezakete, baina beste toki batzuk baino maizago egoten dira hodeiek tapatuta. Eguzkiaren energia gutxiago jasotzen dutenez, izotza mantsoago higatuko da.