Jon Ormazabal

Altuna eta Martijak bide motzenetik egin dute finalerdietarako bidea

2022ko txapeldunak Artolaren ordez aritu den Urrutikoetxea eta Imaz baino askoz hobeak izan dira eta erosotasunez (22-11) atera dute aurrera play-offak eskainitako lehen aukera.

Altuna eta Martija garaipena elkarrekin ospatuz.
Altuna eta Martija garaipena elkarrekin ospatuz. (Jon URBE/FOKU)

Jokin Altuna eta Julen Martija dira Binakako finalerdietarako sailkatutako hirugarren bikotea, Urrutikoetxea-Imazi 22-11 irabazi eta gaur Tolosan hasi den play-offeko biderik motzena hartuta. Baikoko bikoteak, ikusi egin behar Iñaki Artola ordurako osatzen den, igandean beste aukera bat izango du Bilbon, bihar Zornotzan jokatuko den Elordi-Rezusta eta Peña-Albisuren arteko partidako irabazleen aurka.

Mikel Urrutikoetxeak lan txukun bat egin duen arren, ikusmin handia sortu zuen partida erabat baldintzatu du Iñaki Artolaren hutsak eta Aspeko bikoteak erraz antzean lortu du finalerdietarako txartela, partida hasiera-hasieratik arerioak baino gehiago izan direlako kantxan. Hiru astez kantxetatik kanpo egon ostean, Jokin Altuna ezker eskua erabat errekuperatuta, fresko eta pilota gosez itzuli da kantxara, baina Julen Martijak atzean izan duen nagusitasuna ikusi eta lagunari gozatzen utziz.  Baikokoen artean, aldiz, ezer gutxi gehiago eska dakioke jartzen duten tokian jartzen dutela bere maila ematen duen Urrutikoetxeari, baina Ander Imaz ez ohikoa bezain lehiakor aritu, ziur aski, Artolaren azken orduko gaixoaldiak psikologikoki ere erasan diolako. Normalean fisikoki partida luzeei bikain eusten dien pilotaria da oiartzuarra, baina gaurkoan erditik aldera ezinean bezala aritu da eta galdutako zazpi pilotak ere ez dira batere ohikoak beregan.

Alperrikako susperraldia

Partidaren erdi aldera Zaratamokoak eta Imazek susperralditxo bat izan eta bi tantora gerturatzerik izan badute ere (11-9), jokoaren ekimena erabat izan da 2022ko txapeldunena, Martijak atzean agindu eta Altunak ohikoa duen tantoa amaitzeko erraztasunarekin. Halako hil edo biziko partidetan ondo hasteak asko balio izaten du eta gauzak ezin hobe jarri zaizkie Altuna-Martijari 2-10 aurreratu direnean. Baina aurtengo ligaxkaren laburpen bat bezala edo, gauzak hobekien zituztenean zaildu zaizkie, beste munduko ezer egin gabe, Baikokoak bi tantora gerturatu zaizkienean.

Baina Zabalaren laguntzaz Jokin Altunaren bigarren lesioari aurre egin zioten bezala, Aspekoek bikain egin diote aurre egoerari. Logroñokoak oraintxe duen distira hori gabe agian, baina bikote bezala gauzak bikain eginda, partidaren bigarren erdian aukerarik ez diete eman Urrutikoetxea-Imazi.

 

FITXA TEKNIKOA

Urrutikoetxea-Imaz: 11

Altuna III.a-Martija: 22

Pilotakadak: 478. Iraupena: 57,50 minutu.  Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 2-4, 2-5, 2-10,7-10, 7-11, 9-11, 9-19, 10-19, 10-20, 11-20, 11-22. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 1 Altuna III.ak. Egindakoak: 4 Urrutikoetxeak, 1 Imazek, 12 Altuna III.ak eta 1 Martijak. Galdutakoak: 1 Urrutikoetxeak, 7 Imazek, 2 Altuna III.ak eta 3 Martijak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta eta giro bikaina Tolosako Beotibar pilotalekuan.

 

Gabirondoren debuta

Oraindik froga fisikoak gainditu behar dituen arren, Arkaitz Gabirondo atzelari gazteluarrak martxoaren 24an egingo du debuta Aspe enpresarekin Tolosako Beotibar pilotalekuan. Eskuin biziko 19 urteko atzelariak sekulako garapena izan du azken hilabeteetan eta Eibarko enpresak profesionaletan aritzeko aukera eskainiko dio. Atzo bertan Zumarragako Goñiren Omenezkoan garaipena eskuratu zuen Igoarekin, Hormaetxe-Cuairanen aurka 22-15 eta finalerdietarako txartela eskuratu. Hala ere, ez du txapelketan jarraitzerik izango, bere debuta finala baino lehenago iragarri dutelako.