NAIZ

Antzerkia, zinema, literatura eta komikia, Geuretik Sortuak zirkuituaren zutoinak

Geuretik Sortuak zirkuituak antzerkia, zinema, komikia eta literatura barreiatuko ditu Udabiltza osatzen duten herrietan barrena. Udalbiltzak sortutako bekari esker garatu dira aurkeztuko dituzten proiektuak.

Geuretik Sortuak zirkuituaren aurkezpena.
Geuretik Sortuak zirkuituaren aurkezpena. (UDALBILTZA)

Geuretik Sortuak beka 2021. urtean sortu zuen Udalbiltzak, Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz eta, ordutik, hainbat kultur proposamen sortu eta zabaldu dira ekimen honen sustenguari esker.

2024. urteko zirkuitua aurkeztu berri dute. Urruñatik Lodosara, Euskal Herriko makina bat herritan aurkeztuko dituzte urte osoan zehar iazko bekari esker sortu diren kultur proposamen berriak.

Zehazki, 22 sortzailek eta 39 udalerrik hartu dute parte 2023-2024 edizioan eta lau kultur eta arte arlo landu dituzte: literatura, antzerkia, zinemagintza eta, nobedade modura, komikigintza.

Hain justu, komikigintzaren alorrean sortu duten ‘Hona Bostekoa!’ komikia aurkeztu zuten prentsaurrean orain zenbait aste Donostian. Mattinen, Eñaut Aiartzaguenaren, Unai Gaztelumendiren, Kote Camachoren eta Aritz Ibarraren komiki laburrez osatuko argitalpena da eta, martxoaren 1era bitartean, komiki-liburua oinarri hartuta sortu duten erakusketa bisita daiteke Usurbilgo Sutegi kultur etxean.

Literaturan, ‘Hamarreko bitxia’ liburuak Maite Aizpurua, Edorta Jimenez, Saioa Alkaiza, Maitane Perez, Ainhoa Urien, Jon Abril, Gaizka Sarasola, Idoia Etxeberria, Lutxo Egia eta Maddi Arocenaren istorio laburrak bildu ditu.

Geuretik Sortuak bekak hiru lan sustatu ditu antzerkigintzan: Jon Ander Urrestiren ‘Eukalyptus’, Antzerki Aroak/Ttipia konpainiaren ‘Olagarrua’ eta Goitibera konpainiaren ‘Eraitsi S.L.’. Obra hauek herriz herri eskainiko dituzte datozen hilabeteetan.

Azkenik, zinemagintzaren alorrean ‘Lau elementuak’ filma osatu dute, lau zinemagilek ondu dituzten film laburren bidez: Arriguriren ‘<3’, Alba Lozanoren ‘Ütlandsk’, Pette Etxebarriaren ‘Oiogorri’ eta Aitzol Saratxagaren ‘Ehiza’.

Behin lanak aurkeztuta, «bekaren ildo nagusi eta garrantzitsuenetako bat hasi da: zirkuitu nazionala. Bekari esker sortutako istorioak bildu, eta Euskal Herri mailako zirkuitu bat osatu da» ziurtatu dute Udabiltzatik.