NAIZ

Eugenio Salazar ‘Tigre’ oroitu dute Leioan, GALek hil zueneko 40. urteurrenean

Eugenio Salazar ‘Tigre’ oroitzeko ekitaldia egin dute igande honetan Leioan, GALek hil zueneko 40. urteurrenean, ‘EgiariGALde’ dinamikaren baitan.

Eugenio Salazar ‘Tigre’ oroitzeko ekitaldia egin dute Leioan.
Eugenio Salazar ‘Tigre’ oroitzeko ekitaldia egin dute Leioan. (NAIZ)

Eugenio Salazar ‘Tigre’ errefuxiatu leioaztarra duela 40 urte hil zuen GALek Idauze Mendin, Zuberoan, 29 urte zituela. Beste hamabost-hogei lagunekin batera AEK-k eta ikastolek antolatutako barnetegi batean euskara ikasten ari zela hil zuten, ehun metroko distantziatik tiro eginda. GALek egun hartan bertan hartu zuen bere gain atentatua. 

‘Tigre’ gogoratzeko ekitaldia egin duten igande honetan bere jaioterrian, hura oroitzen  duen monolitoaren aurrean. 70 lagun inguru bildu dira, herritarrak eta ordezkari politikoak. Lore eskaintza eta agurraren ostean, Paul Laka Sortuko Bizkaiko arduradunak hartu du hitza. 

Gerra zikinaren erabilera eta honen aitortza falta salatu ditu Lakak. «Hamarkadetan, Estatuak gerra zikina sistematikoki aplikatu izan du ezker independentismoaren kontra. Finantzatutako talde parapolizialak, torturaren erabilera orokortua, oinarririk gabeko ilegalizazio, sumario eta espetxeratzeak. Beste askorena bezala, ‘Tigre’-rena espainiar Estatuak agindutako heriotza izan zen, eta oraindik ez dago egindakoaren inolako aitortzarik, ez erreparaziorik, ezta ardura hartzerik ere. Bada garaia, behingoagatik, estatuak egindakoa aitortu eta horren gaineko erantzukizuna hartzeko», aldarrikatu du.

78ko erregimena «krisi betean» eta, aldiz, ezker independentista «inoiz baino indartsuago» dagoela nabarmendu du Sortuko kideak eta, hortaz, «perspektiba ez galdu» eta 78ko erregimena «pitzatzen» jarraitzeko deia egin du.

«Herri honen askatasun gosea ezin aseko da askapen prozesurik ez badago. Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldun baten alde ‘Tigre’-k egindako lanak balioa galduko luke bere garaian sortutako baldintzak usteltzen utziko bagenitu», ohartarazi du. 

Horregatik, ‘Tigre’-ren memoria bizirik mantendu eta hark «amestutako Euskal Herriaren alde» lanean jarraitzeko deia egin du Lakak: «Gure proiektua argia da, ez dugu ezkutatzen: euskal errepublika sozialistaren eraikuntza. Horren alde borrokatzeagatik errefuxiatu zen ‘Tigre’ Maule inguruan, eta horregatik hil zuten. Eta ideia berberei tiraka gaude gu, gaur, hemen. Bera eta beste asko Euskal Herriaren aldeko borrokan engaiatu ziren bezala, orain guri dagokigu, haien izen eta izanak gogoratzearekin batera, haien bidean aurrera egitea», amaitu du.