Jon Ormazabal

Play-offaren krudeltasuna muturreraino eramanda finalerdietan dira Artola-Imaz (22-20)

Peña-Albisu 12-19 ere izan dira aurretik baina alegiarrak tanto bakarra amaitu duen arren, buelta eman diote partidari lanaren eta sufrimentuaren bidez (22-20).

Erasoan tanto bakarra amaituta lortu du Artolak aurrera egitea.
Erasoan tanto bakarra amaituta lortu du Artolak aurrera egitea. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Pilota borobila dela esan ohi da azalpen garbirik topatzea ezinezkoa duten partidetan eta gaur ere topiko horri heldu beharko zaio Iñaki Artolak eta Ander Imazek finalerdietara sailkatzeko irauli duten dema azaldu nahi izatera, izan ere, alegiarrak tanto bakarra eginda –partidako lehen berdinketa jarri duen hogeinakoa–, 12-19 galtzen zuten partida bat iraultzeko gai izan dira txintxarria eta oiartzuarra. Ziur Jon Ander Albisuk ere egunak beharko dituela horren ondo bideratua zuten partida batetik nola irten zen ulertzen saiatzeko –10 pilota galdu zituen, horietako asko garbi-garbiak– eta bere kide Jon Ander Peñak –galdutako beste seirekin– ere pena galanta izango du, azken txanpa horretan partidaren pisu guztia bere atzelariaren bizkar utzi izanagatik. 15 asteren ostean sailkapena asteburu batean jokatzea berez krudela izan badaiteke, krudeltasun hori muturrera eramanda aurrera egitea lortu dute Artolak eta, batez ere, Ander Imazen lehiakortasunak aspaldi ikusi dugun amaierarik aldrebesenean.

Partida osoa jokatu ez duen arren, behetik gora nabarmen eginda, oiartzuarrak ia bakarrik eutsi dio partidari unerik zailenean eta azken txanpako kaosean bera izan da laukoteko onena, fisikoki akituta egon arren, eskuinez pilota bizi astinduz, goitik behera egin duen Albisu zigortzen. Gainontzean distira handirik gabe aritu bada ere, lan horretan ere Jon Ander Peñak baino dezente gehiago lagundu dio Artolak bere bikoteari.

Giro hotza

Demaren garrantziagatik, halako pisua zuen garaipena jokoan egonda pilotalekuak erakusten zuen hoztasunagatik, gorriek pasa duten aste zailagatik edo ziurrenik horien guztien batuketagatik, Artola-Imaz orain arte txapelketan izan direnaren antipodetan zirela ekin diote lehiari, hau da, lehiakortasunik gabe eta behar baino pilota gehiago galduz. Mugimenduetan ohikoa duen bizitasunik gabe eta protagonismo oso gutxirekin, Artolak ez du jokoaren erritmoa berak ezartzeko inolako aukerarik izan eta atzean Jon Ander Albisu oso nagusi izan da eskuinez pilota gozatzerik izan ez duen Ander Imazen aurrean.

Gauzak horrela, konturatzerako, Peñaren erremate on pare batekin, urdinak 6-0 eta 9-1 aurreratu dira, tanto piloteaturik izan ez dela. Hortxe gozatu ditu atzelari oiartzuarrak pare bat pilota eskuinez lehen aldiz partidan eta alegiarrak eta Imazek izan dute susperralditxo bat, baina lehen atsedenaldirako berriz ere berreskuratu dute Peña eta Albisuk zortzi tantotako aldea (12-8).

Gorrien ezina fisikoa baino, buruarena zela argi xamar geratu da aldageletatik bueltan, dena oso beltz ikusi dutenean Albisu estutzeko eta partida aldatzeko gaitasuna erakutsi baitute ligaxka luzea laugarren postuan amaitutakoek. Bost tantora ere gerturatu dira alegiarra eta oiartzuarra ataundarraren huts pare bat behartuta (12-7 eta 13-8), baina goierritarrak azkar lortu du ihes egitea eta bi pilotakada latzekin berriz ere markagailuan alde egitea lortu dute bi Jon Anderrek, bigarren atsedenaldira zortzi tantotako aldeari eutsiz (10-18).

Hortik aurrera, ordea, oso gutxitan, baina tarteka ematen diren irauli horietako bat eman da partidan. Albisu azukre koxkor bat bezala disolbatzen ari zela ikusita, Artola-Imazek partida gogortzearen aldeko hautua egin dute, aurkaria pilotakada bat gehiago jotzera behartuz eta Peña-Albisu ez dira erronka horri eusteko gai izan.

FITXA TEKNIKOA:

Artola-Imaz: 22

Peña II.a-Albisu: 20

Pilotakadak: 705. Iraupena: 81 minutu. Markagailua: 0-6, 1-6, 1-9, 4-9, 4-12, 7-12, 7-13, 8-13, 8-17, 10-17, 10-18, 12-18, 12-19, 17-19, 17-20, 22-20.  Sakeak: 1 Artolak eta 1 Peñak. Egindakoak: 1 Artolak, 5 Imazek, 7 Peñak eta 4 Albisuk. Galdutakoak: 6 Artolak, 3 Imazek, 6 Peñak eta 10 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera eskasa eta giro tristea Bilboko Bizkaia pilotalekuan partidak zuen garrantzirako. Lehen sakea urdin.