Jon Ormazabal

Altuna III.a da iaztik errepikatzen duen aurrelari bakarra eta Peio Etxeberria aurpegi berria

Zabaleta da Binakakoaren azkenaldiko pilotaririk erregularrena, aurtengoa bere hamargarren finalerdietako ligaxka izango du, azken zortzirak jarraian. Jokin Altunaren kasuan, seigarren aldiz arituko da finalerdietako ligaxkan, azken laurak, jarraian.

Altunak eta Martijak azkenaldiko bikoterik erregularrena osatzen dute.
Altunak eta Martijak azkenaldiko bikoterik erregularrena osatzen dute. (Jon URBE/FOKU)

Debutatu zuenetik atzean aldeak eman eta horregatik txapel bakarra jantzi duen arren, beldur handirik gabe esan daiteke Jokin Altunak dagoeneko lortu duela azken urteetako aurrelaririk erregularrena izatea, baita Binakakoan ere. Aurtengoa bereziki txapelketa gorabeheratsua izan duen arren, ostegunean Tolosan lortutako garaipenarekin seigarren aldiz arituko da amezketarra finalerdietako ligaxkan, azken laurak jarraian gainera.

Atzelarietan beste jarraikortasun bat ikusten den bitartean, aurrelarien artean askoz aldaketa gehiago eman dira azken urteetan eta, urrutiegira joan beharrik gabe, Altuna III.a da iaztik bigarren ligaxkan errepikatzen duen aurrelari bakarra; Elordi, Laso eta Peña aritu ziren iaz amezketarrarekin aurreko koadroetan lehian. Gainera, nabarmentzekoa da finalerdietara heldu den sei aldi horietatik erdietan –2018, 2019 eta 2022– Martija izan duela bizkarra zaintzen eta azkenekoan txapela janztea ere lortu zutela.

Hori bai, aurtengo finalerdietako ligaxkak aurpegi berri bakarra izango du, Peio Etxeberriarena, gainontzeko zazpi pilotariek aurretik jokatua baitute finalaren atariko ligaxka hau. Zenotzeko aurrelariak iaz egin zuen debuta txapelketan eta Rezustarekin batera lehen ligaxka ona osatu zuten, baina play-offean sailkapena esku-eskura izan zuten arren, ihes egiten utzi zioten eta ezin izan zuten lehen langa hori gainditu.

Baikoko aurrelariei dagokionean, igandean horrenbeste sufritu behar izan zuen Iñaki Artolak hirugarren aldia izango du finalerdietan, baina alegiarra 2016an sartu zen azkenekoz bigarren ligaxkan, justu aurten bezala, Ander Imazekin jokatu zuenean. Erik Jakarentzat, ordea, Bilboko enpresarekin jokatuko duen lehena izango da, 2020ekoan Aspeko kamisetarekin jokatu baitzuen, Jose Javier Zabaleta lagun zuela. Aurten Mariezkurrenarekin bezala, lehen fase bikaina jokatu zuen orduko hartan lizartzarrak, baina urte bereziki zail batean, gaixoaldi bat harrapatu zuen unerik desegokienean eta ez zuten finalera sailkatzerik izan.

Zabaletaren agintea

Izen dantza askoz murritzagoa da atzelarien artean, eta hori azken bi urteetan finalerdietan fijo bat zen Rezustak aurrera egiterik izan ez duela, baina pilotari erregularrik bada, hori Jose Javier Zabaleta da. Etxarrendarrak bere ibilbideko hamargarren finalerdietako ligaxka jokatuko du igandetik aurrera, azken zortziak jarraian, 2017tik ez baitu hutsik egin. Egungo atzelari txapeldunak 2013an jokatu zuen fase hau lehen aldiz, Martinez de Irujorekin batera txapeldun irten zen urtean eta 2015ean ere gainditu zuen lehen kanporaketa, orduko hartan Ezkurdia lagun.

Jotzaile handienak izan ez arren, Ander Imazek eta Julen Martijak Binakakoan hartu duten pisua ere oso azpimarratzekoa da, bosgarren aldiz arituko baitira lau onenen artean, oiartzuarraren kasuan gainera, aurtengoa hirugarren urtea izango du jarraian, azken bietan Unai Lasorekin finalera heldu ostean. Aurten agian Artola ez ziren kiniela askotan sartzen, baina bien artean lehiakortasun eta kimika berezi bat lortuta, edozeini gauzak estutzeko moduan dira. Julen Martijak huts egin zuen iaz 2019an txapela lortu zuen Ezkurdiarekin, baina aurten bere ohiko maila berreskuratu du horren ondo ezagutzen duen Altunarekin eta aurten bere hirugarren garaipena bilatuko du amezketarrarekin.

Jon Mariezkurrenaren datuak ere oso kontuan hartzekoak dira, Binakakoan laugarren aldiz arituta hirugarrengoz arituko baita lau onenen artean. Eskuek errespetatu diotenetan partida ia denen aginte makila berea izan da eta aurten Jakarekin lehen faseko bikoterik onena izan dira, aldearekin.