NAIZ

Urkullu eta Gorroño, elkarrekin irribarretsu; bata kargua uzteko zorian, eta bestea?

Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Jose Maria Gorroño Iñigo Urkullurekin bildu da «eskualdeko garapen sozioekonomikoarekin lotutako gaiak aztertzeko». Bitxia da bilera, lehenak EAJrekin zuen konpromisoa hautsi duelako, eta bigarrena, Lehendakaritza laster utziko duela jakitun dela.

Jose Maria Gorroño eta Iñigo Urkullu.
Jose Maria Gorroño eta Iñigo Urkullu. (GERNIKAKO UDALA)

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatea Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu da azken egunetan. Antza denez, «eskualdeko garapen sozioekonomikoarekin lotutako gaiak aztertzeko».

Hala adierazi du behintzat Gernika-Lumoko Udalak lerro bateko ohar batean astelehen honetan, xehetasunetan sartu gabe. Ez du argitu, esaterako, Guztiontzako Herriak, Gorroñoren plataformak, EAJrekin hauteskundeen ostean sinatutako akordioa mahaigainean egon ote den.

Izan ere, aipatutako akordioa hautsi egin dela salatu jeltzaleek irailean, Gorroñoren jarrera kritikatuz. «Egia da idatziz Gorroñok ez zuela jaso kargua utziko zuenik, baina bai ahoz», nabarmendu zuten orduan EAJren zinegotziek.

EH Bilduk, udal-hauteskundeak irabazi zituen indarrak, zentsura-mozioa aurkezteko proposatu zion EAJri, baina Bizkai Buru Batzarrak (BBB) ez zuen onartu, Urdaibaiko Guggenheim Museoaren inguruko desadostasunak argudiatuz.

Proiektu honen aurkako ekimenak izan dira azken hilabeteetan. Eta badirudi Guggenheim Bilbao Museoaren patronatuak zalantzak dituela, bi urteko hausnarketa iragarri duelako. Dena den, EAJk argi utzi du proiektuaren alde dagoela oraindik ere. «Urdaibaiko Guggenheim proiektua ez da geldiarazi ezta hoztu ere», nabarmendu zuen Itxaso Atutxa BBBren presidenteak urtarrilaren 23an.

Irekian, Gobernuko agerkari digitalean, ez da honen berri eman. Lehendakaritzatik NAIZi azaldu diotenez, Urkulluk egiten dituen bileretako bat baino ez da izan. Dirudienez, duela hamar egun inguru gertatu zen baina orain arte ez da ezagutzera eman; hau ere gauza bitxia da, ezohikoa.