NAIZ

147 pertsonak jo dute EHUko Aldezlearen bulegora 2023an

2023an, 147 pertsonak jo dute EHUko Aldezlearen bulegora eta 149 aztergai planteatu dituzte guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak). Ikasleen artean, azterketetan izandako arazoengatiko eta irakasle faltagatiko kexak izan dira.

Iñigo Urrutia EHUko Aldezlea.
Iñigo Urrutia EHUko Aldezlea. (UPV/EHU)

EHUko Klaustroak astearte honetan egin duen saioan, Iñigo Urrutia Aldezleak urteko txostena aurkeztu du, eta erakunde horrek egindako lanaren ildo garrantzitsuenak azaldu ditu. Aldezlearen eginkizuna da EHUko kide guztien eskubideak babestea (ikasleenak, irakasleenak eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak).

2023an, 147 pertsonak jo dute Aldezlearen bulegora eta 149 aztergai planteatu dituzte guztira (kontsultak, kexak eta bitartekaritza eskaerak). Ikasleek 53 aztergai planteatu dituzte, irakasle-ikertzaileek 51, TEKAZELeko langileek 18 eta unibertsitatekoak ez diren pertsonek 27 ("Beste batzuk” kategoria).

2023ko aztergaien banaketa azken urteetako banaketaren oso antzekoa da. Bilakaeraren grafikoan, 2019ra arte ikusten da behera egiten duela pixkanaka kexen kopuruak, eta gora, aldiz, kontsulta gisa planteatutako gai kopuruak. Urte horretatik aurrera, mantendu egin da bulegoan aurkeztutako aztergaien banaketa: iristen diren aztergaien % 25 gutxi gorabehera kexak dira; gainerakoak, kontsultak edo bitartekaritza eskaerak.

Ikasleek planteatutako aztergaiei dagozkienez, honako hauek izan dira gehien aipatutako gaiak:

Ikaskuntzaren ebaluazioa. 2023an, gai honi loturiko ikasleen 20 aztergai jaso dira. 4 kexa eta 16 kontsulta. 3 kexatan aipatu dira irregulartasunak irakasgai baten ebaluazioan, proposatutako azterketaren egokitzapen falta, galdera anbiguoak edo zuzentasunik eza letra irakurtezina izateagatik.

Matrikula. Epigrafe honetan bildutako eskaerak dagozkie graduko edo graduondoko irakasgaiak matrikulatzearen administrazio kudeaketari buruzko kexei edo kontsultei. 2023an, ikasleen, edo haien ordezkarien, 4 kexa jaso dira irakaslerik ez izateagatik euskaraz edo ingelesez eman beharreko irakasgaietan.

Irakasle-ikertzaileen kolektiboan gai errepikatuenak dira sailetan plazak eskuratzea edo sustatzea, eta saileko kideen arteko bizikidetza arazoak. Irakasle-ikertzaileen beste gai batzuk dira irakaskuntza eta irakats karga esleitzea, ikasleen ebaluazioan izandako gorabeherak, ekipoen edo aplikazio informatikoen funtzionamendu arazoak eta irakaskuntza arazoak.

TEKAZELeko langileei dagokienez, gehien errepikatzen dien gaiak dira lanpostuko lan baldintzak, langileentzako gizarte arretak eta erretirora igarotzeko neurriak.

Aldezlearengana jo duten 147 pertsonen artetik, 89 emakumeak ziren eta 58 gizonak. Emakumeek planteatu dituzte 88 aztergai eta gizonek 61. Aipatutako 149 aztergaietatik, 45 euskaraz planteatu dira; 104, gaztelaniaz. 2023an tramitatutako kasuen %30,2 euskaraz planteatu eta ebatzi dira; hots, aurreko bi urteetako datua eta aztertutako aldiari dagokion batez bestekoa gainditzen dituen ehunekoa. Bestalde, gaur egindako Klaustroan hainbat unibertsitate-organo berritu dira. Zehazki, Gobernu Kontseiluko, Klaustroko Estatutuen Batzordeko eta Euskara, Gradu eta Graduondoko Batzordeetako ikasleen ordezkariak aukeratu dira.