NAIZ

Nafarroako aurrekontuetan 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzea eskatu dute

Mobilizazioa deitu du Ahora 1080 Orain! herri ekimenak otsailaren 29rako, Iruñean, 2024ko Nafarroako aurrekontuetan pentsioak 1.080 euroraino osatzea eskatzeko. Bere aldetik, CCOO sindikatuak Nafarroako mutualisten egoera «ezohiko eta diskriminatzailea» salatu du.

1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldeko mobilizazioa, Iruñean.
1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldeko mobilizazioa, Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ahora 1080 Orain! herri ekimenak 2024ko Nafarroako aurrekontuko partida bat eskatu du 1.080 euroraino gutxieneko pentsioak osatzeko. «Pentsio-sistema publiko batek zahartzaro duina bermatu behar du», adierazi dute. Eta hau «bermatzeko» Nafarroako erakundeek aurrekontu bidez «gutxieneko 1.080 euroak osatzeko konpromisoa hartzea» eskatu dute.

Honela, «konpromiso argiak» eskatu dituzte. «Errealitate sozioekonomikoaren ondorioz, gizarteko gero eta sektore zabalagoek ez dituzte jasotzen duintasunez bizi ahal izateko gutxieneko diru-sarrerak. Nafarroan, 50.949 pertsonek 1.080 eurotik beherako pentsioa jasotzen dute, eta horietatik %66 emakumeak dira. Horregatik, pentsiodunen mugimendu eta eragile sozial eta sindikal ezberdinek eskatzen dugu 2024 urteko Nafarroako aurrekontuetan gutxieneko pentsioaren osagarri bat ezartzeko, 1.080 euro arte, 14 pagatan».

Urtarrilean nafar Gobernuak eta EH Bilduk adostutako aurrekontu akordioak 2025erako 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatuko dituen lantalde bat sortzea aurreikusten du. «Aurrekontu-akordioak ez du jasotzen gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatzeko berariazko konpromisorik; izan ere, lan-talde bat sortzea erabaki da, eta ez dago inolako konpromisorik gutxieneko pentsioa (1.080 ) 2025etik aurrera ere bermatuta egoteko. Esan dezakegu aldarrikapen hori akordio horietan lantzea aurrerapauso bat iruditzen zaigula, bidezko aldarrikapena dela onartzen baita. Gehiago espero genuen, baina, zoritxarrez, Nafarroan 5 aurrekontu-akordioren ondoren, gutxieneko pentsioek 1.080 euroraino osatu gabe jarraitzen dute, eta pentsiorik apalenak dituzten pentsiodunek ez dute oraindik bizi-baldintza duinik», adierazi dute.

Hori dela-eta, otsailaren 29an, 11:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan mobilizazioa egingo dute, 2024ko Nafarroako aurrekontuetan pentsioak 1.080 euroraino osatzea eskatzeko. Egun horretan kanpaina honetan bildutako sinadurak eta ekimen honek aurkeztutako mozioa onartu duten udalen zerrenda erregistratuko dituzte Parlamentuan.

Mutualisten egoera

Bestetik, CCOO sindikatuak Nafarroako mutualisten egoera «ezohiko eta diskriminatzailea» salatu du astearte honetan, eta Nafarroako Gobernuari konponbidea eskatu. Horren harira, sindikatuak adierazi du Foru Ogasuna dela 1978 urtea baino lehen lan-mutualitateetan eta Gizarte Segurantzan aldi berean kotizatu zuten pentsiodunen eskubideak onartzen ez dituen Estatuko bakarra.

Nafarroak 109.400 pentsio kontributibo ditu erregistratuta (erretiroagatik eta ezintasunagatik), eta gehien-gehienek jasoko lukete onura, Nafarroako Gobernuak bere eskubidea aitortuko balu, Estatuan gertatzen den bezala, ohar batean adierazi duenez.

Auzitegi Gorenak hainbat epai eman ditu – joan den urtarrilekoa berriena – erretiroagatik eta ezintasunagatik pentsiodunek PFEZaren zerga-oinarritik pentsio publikoaren zati bat murrizteko duten eskubidearen alde, mutualitate zaharrei egindako kotizazioengatik.

Nafarroan, berriz, «fiskalitatearen alorreko foru eskumenak erabiliz», Alfredo Sanz CCOO Nafarroako Ekintza Sindikaleko idazkariak eta Javier Ordoñez Pentsiodunen Federazioko idazkari nagusiak salatu dutenez, «mutualistak izan ziren pentsiodun nafarren eskubideak kaltetzen ari dira».

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eskatu diote bertan behera utz dezala PFEZari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. artikulua, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera ezin duelako erreklamaziorik egin; beraz, Nafarroako pentsiodunek, PFEZa murrizteko eskubidea aitortuz gero, 2019ko urte fiskala baino ezingo lukete baliatu.

«Ekainaren 30a baino lehen konpondu behar da hori, 2019 urtea ere preskribatu ez dadin», adierazi dute, eta Gobernuak egoera lehenbailehen argitzeko beharra azpimarratu dute, pentsiodun asko informazioa eskatzen ari baitira eta «beren kasuak judizializatzeko prest» baitaude.