NAIZ

Eskola-jantokietan tokiko produktuak kontsumitzea bultzatzeko eskatu dute Arabako BBNNek

EH Bilduren mozio batean oinarrituta, akordioa lortu dute asteazken honetan Arabako Batzar Nagusietan herrialdeko eskoletan hurbileko eta kalitatezko produktuak kontsumitzea bultzatzeko.

Urduñako jantokia, artxiboko irudi batean.
Urduñako jantokia, artxiboko irudi batean. (Aritz Loiola | FOKU)

Arabako EH Bilduren batzarkide taldearen mozio batean oinarrituta, akordio onartu dute asteazken honetan Batzar Nagusiek, herrialdeko eskoletan hurbileko eta kalitatezko produktuak kontsumitzea bultzatzeko. EH Bilduk, EAJk eta PSEk adostu dute mozioa.

Mozio horretan Aldundiari eta Lakuari lehen sektorearekin eta tokiko merkataritzarekin elkarlanerako bideak abiatu ditzala eskatu diete, «eskoletan tokiko ekoizpenari buruzko sentsibilizazioa egin dezaten tokiko produktu osasungarrien inguruan» ere eskatu dute.

Eskola-jantokietan ematen den janaria eskolan bertan egitea erraztea eskatu dute, «bestelako eredu baten aldeko apustua» egin nahiko luketen eskola-komunitateekin elkarlanean. Bestalde, Hezkuntza Sailari eskatu diote «ikastetxeei jantoki-zerbitzu ona bermatuko dieten kontrolak areagotzeko eta eskola-jantokietan hurbileko produktuen eta tokiko elikagai osasungarrien kontsumoa sustatzeko».

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren bozeramailea «kezkatuta» agertu da Arabako jantokien egoerarekin. Lakuak eskola-jantokien kudeaketa aldatu zuenetik eskola gehienek sukaldea itxi eta kanpoko janaria zerbitzatu behar izan dutela salatu dute, «kalitate gorabehera handiekin».

«Jantokien kudeaketa eraginkorra eta kalitatezkoa izango bada, hezkuntza-komunitateek kudeatu beharko lituzkete eskola-jantokiak, betiere administrazio publikoaren eta ikastetxe bakoitzeko langileen laguntzarekin, ahal den neurrian tokiko eta kalitatezko elikagaiak erabiliz eta eskolan bertan prestatuz», gaineratu du Lopez de Arroyabek.