NAIZ

Guggenheim Urdaibaik ingurugiroan arazo larriak ekarriko lituzkeela nabarmendu du Urtasunek

Kultura ministro espainiarrak, Ernest Urtasunek, adierazi du Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim Museoak «arazo larriak sortuko lituzkeela» ingurugiroaren ikuspuntutik, baita hirigintza aldetik ere. Halere, «erabakia euskal erakundeena» dela esan du.

Guggenheim Urdaibai Museoa kokatuko litzatekeen paraje ederra.
Guggenheim Urdaibai Museoa kokatuko litzatekeen paraje ederra. (NAIZ | FOKU)

Ernest Urtasun Kultura ministro espainiarra garbi mintzatu da: Guggenheim Urdaibaik «arazo larriak» ekarriko lituzke bai ingurugiro aldetik eta baita hirigintza aldetik ere. Edozein kasutan, «erabakia euskal erakundeena da», adierazi du.

Hala azaldu du Urtasunek Madrilgo Kongresuan egin duten Gobernuaren kontrol saioan, Javier de Andres PPko diputatuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeetan alderdi honen hautagai izango denak, museoa zabaltzeko proiektu honen inguruan duen iritzia galdetu dionean.

2025era arteko tartea erabakitzeko

Testuinguru honetan, Kultura ministroak oroitu du Guggenheim museoaren patronatuak, bertako zuzendaritza eta euskal erakundeak barne hartzen dituenak, 2025 urtera arteko tartea utzi duela handitzeko egitasmo honekin aurrera jarrituko duten ala ez erabakitzeko.

«Nire Ministerioaren iritziz, kulturak eta ingurugiroak eskutik joan behar dute, beti. Hortaz, argi eta garbi, bi gauza esango dizkizut. Bata, erabaki hau euskal erakundeei dagokie, eta horretan errespetuz jokatuko dut. Baina, nire iritzia jakin nahi baduzu, hain zuzen ere, museoa handitzeko proiektu horrek arazo larriak sortuko lituzke, bai ingurugiroaren eta bai hirigintzaren ikuspegitik», agertu du Urtasunek.

Erantzun hau aditu ondotik, Javier de Andres PPko diputatuak Urtasuni leporatu dio ez datozela bat euskal erakundeen kontua dela esatea eta, aldi berean, Gobernu espainiarrak «dagoeneko 40 milioi euro eman izana» Guggenheim Urdaibai egitasmoari.