Iraitz Mateo

Elkar estudio berria Adunan: lekualdatuta eta eguneratuta, baina «bihotz bera»

Adunan dago Elkarren estudio berria. Egungo garaira egokitu dute baliabide eta zerbitzuak egokituz, baina 1983tik ari diren bideari jarraitzen diote. Euskal sortzaileen eskura jarri dute estudioa, ez baitute «kaxa huts» bat izaterik nahi.

Adunan kokatutako estudio berria.
Adunan kokatutako estudio berria. (Elkar)

Adunako Elkar diskoetxeak grabaketa estudio berriko ateak zabaldu ditu ostegun goiz honetan kazetarientzat. Urterik urte eguneratzen joan dira, baina esentziari eusten jarraitu diote: 56 kanaleko SSL 4000 G+ mahaia da estudioaren bihotza: 2000. urtetik beraien estudioetan egon dena Adunara lekualdatzea lortu dute.

Mikel Esnal Elkar taldeko zuzendari kudeatzaileak eta Andres Camio ‘Jitu’, Elkar Musikako arduradunak eman dituzte estudio berriaren nondik norakoak. Esnalek gogoratu du Elkar fundazioaren helburuetako bat dela «euskal kulturaren garapenak behar dituen azpiegiturak sortu eta Euskal Herriaren eskura jartzea», eta horri erantzunez eraiki dela estudio berria. Estudioa euskal sortzaileen eskura jartzeari garrantzia berezia eman dio, «kaxa huts bat litzateke bestela». Next Generation programaren baitako funtsetatik, Lakuaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso da.

2023an Igaratik Adunara pasa zen estudioa, Elkar taldeko enpresak kokatu diren eremura, hain zuzen ere. Egun 250m2ko grabaketa estudioa sortu dute: grabaketa zerbitzua, edizio eta nahasketa zerbitzua, masterizazioa, ikus-entzunezkoetarakoa, audio lokuzio edota ahots grabazioak egiteko aukera, audioen berreskuratze eta zaharberritzea, eta estudio mugikorraren aukera ematen dituena.

«Azpiegitua sendo eta moderno bat» eraiki dute Camioren iritziz, eta musika zein ikus-entzunezkoekin Elkarrek duen konpromisoa berretsi duela horrela gaineratu du. Azpiegitura «kultur eragileen beharretara» egokitu dutela gaineratu dute, haren zerbitzuak argitaletxeekin, diskoetxeekin, ekoiztetxeekin eta telebistekin lan egiteko. Elkarlanean jardutearen zaleak izan direla sortu zirenetik aipatu du Camiok, eta elkarlanean jarritako indarrak «fruituak» ematen ari dela kontatu dute.

Estudioaren «tripak»

Elkarren eraikin nagusitik alde batera geratzen den eraikin autonomo batean kokatuta dago grabaketa estudioa. Sartu eta Elkarrek ekoitzi dituen biniloak daude ikusgai, eta estudioaren obraren argazkiekin osatutako pareta.

Irudietan ikusi daitekeenari ahotsa jarri dio Camiok; pasa den martxoan abiatu zituzten eraikuntza lanak. Kontatu du grabaketarako garrantzitsua izaten dela altuera, eta ondorioz, lurrean metro bat jaitsi behar izan zutela eraikina altueran irabazteko. ALD arkitektura estudioarekin egin zuten lan. Irailean Igarako estudioa itxi eta bertako materiala Adunara eramaten hasi ziren.

Grabaketa aretoaren ondotik, kontrol gelara sartuta, Camiok kontatu duenez zailtasun handiena «estudioaren bihotza» lekualdatzea izan zen. Batetik, estudiotik ateratzeko zailtasunak zituztelako, oso handia baita; eta bestetik, lau tonako mahaia mugitzeko ardura inor gutxik hartu nahi zuelako; baina beraien esentziari eutsi eta egungo beharretara moldatzeko Adunan egon behar zuen bihotzak bere iritziz. Eta lortu zuten, «puntako estudioa» erdietsiz.

Urrirako jada grabaketetan zeuden. Garik martxoan kaleratuko duen disko berria bertan ekoitzia izan dela aurreratu dute bisitan, eta beste hamaika musikari zein proiekturekin lanean dabiltzala kontatu.

Analogikoan zein digitalean nahastu daiteke estudio berrian, eta hori «berezitasun» garrantzitsua dela kontatu dute. Eta batez ere, edizio eta nahasketa zerbitzuan emandako urratsetan jarri dute arreta: estereoan lan egiteaz gain, Dolby Atmos formatu berrian nahasten ari dira. Teknikariaren mahaitik bertatik sumatu zitekeen ezberdintasuna, formatu berriarekin musikak inguratu egin gaitu bertaratutakoak, zinemako soinuaren kutsua emanez. Izan ere, formatu horri esker bozgorailu ezberdinetatik ateratzen da musika, eta gailu ezberdinetara zuzenean egokitzeko aukera ematen du. Elkarreko kideak oso pozik daude emaitzarekin.

40 urte baino gehiago

Luzea da Elkar ekoiztetxearen ibilbidea, eta bertan teknikari lanetak ibilitakoak oroitu nahi izan ditu Camiok. 1983an lortu zuten lehen grabaketa estudio propioa Euskal Herrian sortzea, lehenago atzerrian grabatu behar izaten baitzuten. 83an Lasarten abiatu ziren eta Jean Phocas hasi zen teknikari lanetan.

1992an Donostiako Igara auzora igaro ziren, Phocasen gidaritzapean jarraitu zuen estudioak, eta Cesar Ibarretxe ere izan zen bertako soinu teknikari hainbat urtez, 2005ean Victor Sanchez hasi zen Phocasen laguntzaile eta erretiroa hartu zuenetik, 2012tik, Sanchez da egungo Elkar Estudioko soinu teknikari egoiliarra.