NAIZ

Etengabeko Arretako Gunean murrizketarik ez egiteko protesta zaratatsua egin dute Laudion

Laudiko herritarrak berriro ere kalera atera dira Etengabeko Arretako Gunean murrizketarik ez eskatzeko. Udalaren eta Osakidetzaren arteko bilera bat egin bada ere ezer ez dela aldatu salatu dute.

Protesta zaratatsua egin dute Laudioko herritarrek.
Protesta zaratatsua egin dute Laudioko herritarrek. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Laudioko anbulategi parean Etengabeko Arreta Gunean murrizketarik ez egiteko eskatu dute ostegun arratsalde honetan protesta zaratatsu baten bidez. Pasa den urtarrilean Laudioko arreta zerbitzuan pertsona bat zendu zen mediku baten arretarik jaso gabe.

Ordutik, hilabetez baino gehiagoz Aiaraldean protestak egin dituzte «osasun sistema publiko eta duinaren defentsan». Antolatzaileek azaldu dute laudioarraren heriotzaz geroztik  Laudioko Udalaren eta Osakidetzaren artean bilera bat egin zela, Laudioko anbulategi berria ere eraikuntza lanetan dagoela, baina ez dela «ezer aldatu». «Laudioko Etengabeko Arreta Gunean ez dago bermatuta beti mediku bat egongo dela, eta egoerak horrela jarraituko duela dirudi, buelta ematen ez badiogu».

Aspaldiko aldarria

Osasun Publikoaren aldeko plataformak gertakariaren biharamunean «etengabeko kontrol publikoko sistema» ezartzea eskatu zuen, lehen mailako arreta osoan eta etengabeko arretako guneetan gutxienekoen estalduraren gainean.

Herri plataformak salatu zuen lehen mailako arreta zentroen kudeaketa erabat gardena izan dadin «inflexio-puntua» izan behar zuela gertakari harek, eta mahai gainean jarri zituen bete beharreko zenbait ezaugarri: «informatua, herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duen tresnekin, arreta hurbila duena, duina eta %100 publikoa».

Laudioko Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen, anbulategiko Etengabeko Arretako Gunean. bizilagun bat hil izana deitoratzeko. Bertan, «egiaztatu zen ez zegoela medikurik zerbitzuan», eta gertatutakoaren aurrean «arbuioa eta kezka» adierazi zituen.

«Tamalez, gure herriak ez du, normalean, larrialdietako medikurik. Orain, urteetan salatu dugun errealitate bati aurre egin behar diogu. Gure kritiken eta protesten jomuga izan da Osakidetzak funtsezko baliabide hori ezabatzeko hartutako erabakia», deitoratu zuen urtarriilean.