NAIZ

Bilbon sexu-eraso bat salatu zuten feministei ezarritako isunak baliogabetu dituzte

Bilboko mugimendu feministak iragarri du epaitegi batek bertan behera utzi dituela Alde Zaharreko taberna batean sexu-eraso bat salatzeagatik bi feministari jarritako isunak. Auziari aurre egiteko elkartasunez jasotako diruarekin erresistentzia kutxa bat sortuko dute.

Bilboko mugimendu feministak duela bi urte egindako agerraldia.
Bilboko mugimendu feministak duela bi urte egindako agerraldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2022an, Bilboko mugimendu feministak salatu zuen Alde Zaharreko taberna bateko jabeak langile bat drogatu eta bortxatu zuela. Hainbat mobilizazio egin ziren, eta gorputz polizial ezberdinek hogei lagun identifikatu zituen. Horrez gain, Udaltzaingoak bi manifestariei 2.500 euroko isuna ezarri zien, baina bi urte geroago, epaitegi batek bertan behera utzi ditu isunak.

«Mugimendu Feministak sufritzen duen kriminalizazio sistematikoa agerian uztea lortu dugu. Ohikoa ez den arren, sententzia judizial batek arrazoia eman digu. Bertan argi geratu denez, Bilboko Udaltzainek gezurrak asmatu zituzten gutako bi kideri isunak jartzeko. Eta epaiketa batean isun horiek deuseztatzea lortu dugu», adierazi du mugimendu feministak ohar baten bitartez.

Mugimendu feminista eta herri erantzuna eraso eta zigortzeko poliziak duen «inpunitate eta botere guztiaz» baliatu zela salatu dute feministek hainbatetan. Izan ere «kriminalizazio hori salatzera» epaitegietara jo behar izan dutela nabarmendu dute: «gu geu izan gara militantzia feministagatik zigortu gaituztela egiaztatu behar izan dugunok, gure artean zaintzeagatik, bortxaketa salaketa baten berri emateagatik…».

«Sistema oso batek babesten ditu erasotzaileak eta sistema berak jazartzen gaitu gu. Eta horri aurre egitea oso gogorra da. Baina lortu dugu. Eraso guztien gainetik, zaintza nagusitu da. Elkar babesten jakin dugu. Eta ez soilik bortxatzaileengandik. Baita beraiek babesten dituzten Poliziengandik ere», gehitu dute.

Mugimendu feministak eskerrak eman dizkie kide guztiei eta «auzodefentsan aritu ziren Bilboko herritarrei». Horretaz gain, iragarri dute auzi honi aurre egiteko elkartasunez jaso duten diru guztiarekin Bilboko Mugimendu feministaren erresistentzia kutxa bat sortuko dutela.

Protesta Barakaldon

Barakaldon, bestalde, dozenaka pertsona batu dira Agitan talde feministak ostiral arratsalde honetarako deitutako elkarretaratzera. Bide Onera plazan, azken sexu erasoak salatu dituzte, gogoraraziz, alabaina, ez direla kasu isolatuak, Barakaldon zazpi bortxaketa zenbatu baitziren 2023an, eta genero indarkeriagatik 128 salaketa soilik iazko lehenengo hiruhilekoan.

«Ez dira kasu isolatuak; emakumeok jasaten dugun indarkeria eta erasoak gure gizartean gailentzen diren desberdintasunen eta egiturazko matxismoaren ondorio zuzenak dira», azpimarratu dute.

Argitan taldeak Barakaldon deitu duen elkarretaratzearen irudia. (ARGITAN)
Argitan taldeak Barakaldon deitu duen elkarretaratzearen irudia. (ARGITAN)

Azken erasoaren berri prentsaren bidez izan dutela agertu dute: Ertzaintzak 16 eta 17 urteko bi gazte atxilotu zituen hirian, adin txikiko bati sexu erasoak egiteagatik.

Halako erasoen aurrean, Argitan kolektiboak esan du «erantzun kolektiboaren» eta autodefentsa feministaren aldeko apustua egiten duela.