NAIZ

Jon Maiaren bertsotik Iribarren urtebetetzera, ospakizuna luzatu egin zen aldagelan

Athleticek Kopako finalerako txartela eskuratu zuen, atzo, San Mamesen, merezimendu osoz Atletico Madril jipoitu ostean (3-0; kanporaketan, oro har, 4-0). Hain garaipen handiak merezi zuen maila bereko ospakizuna ere. Jon Maiak bertsoa bota zuen eta gauerdian, Iribarri «zorionak zuri» abestu zioten.

Jokalariek Ernesto Valverde entrenatzailearen figura goraipatu zuten aldagelan.
Jokalariek Ernesto Valverde entrenatzailearen figura goraipatu zuten aldagelan. (ATHLETIC CLUB)

Finalerako txartela eskuratu izanaren balentriak maila bereko ospakizuna ere merezi du. Jokalariek, prentsarekin hitz egin zutenean, aipatu zuten apur bat gaua luzatu zitekeela –«anaiarekin pare bat garagardo, agian», esan zuen Nico Williamsek–, ostiral honetan, eguerdiko 12etan berriro ere lanera itzuli behar bazuten ere. «Igandean Bartzelonaren aurka jokatzen dugu», justifikatu zuen Valverdek.

Estadiotik atera aurretik, baina, askorako eman zuen zale eta jokalarien arteko sintoniak. Zelaian, espreski garaipenerako eginiko bufanda eta kamiseta soinean, Iñigo Cabacas Herri Harmailera gerturatu ziren zuri-gorriak, ‘Txoriak txori’ abesteko, denak elkarturik. Euskal futbolean, garaipen handi baten ostean, indarra hartzen ari den abestia da Laboaren hau.

Zaleei ere kosta zitzaien harmailak hustutzea. Normala, hein handi batean, amets honetatik itzartzea kosta egingo baitzaie. Unai Gomez bermeotarrak ere hala adierazi zuen sareetan.

Baina ez da izan ametsa, errealitatea izan da, eta hain garaipen gogoangarria barrenean are gehiago iltzatuta geratzeko, aldagelan ospakizun berezia egon zen. Hasierako dantza eta festarako gogoa eta Ernesto Valverde entrenatzaileari eskertzaren ostean, klima berezia sortu zen. Batetik, gauerdia iristean, jada Iribarren 81. urtemuga baitzen eta bestetik, Jon Maia bertsolaria jaitsi baitzen jokalari zuri-gorriei bertso hunkigarria eskaintzera.

«Zorionak bihotz bihotzez / berriz ere historia da / ta gainera gaur Jose Angelen / urtebetetzea jada. / Futbol moderno global honetan / Asterix eta Obelix gara. / Opari haundiena ez da Iribar, / bueltatzea Sevillara. / Herri oso bat dugu atzean / ta historiaren taupada, / gure oparirik handiena / Athletic izatea da». 

Segidan, nola ez, ‘Txopo’ Iribarri «zorionak zuri» abestia kantatu zioten. Bere 81. urteurrena ezinhobeto hasi zuen Athleticeko enbajadoreak.

Seigarrena azken 15 urteetan

Duela 15 urtetik, jokatzen duten seigarren finala izango da apirilaren 6koa, Mallorcaren aurka; azken bost urteetan, hirugarren finala izango dute zuri-gorriek. Sekulako marka da.

Arantzatxo bat kentzea besterik ez zaie geratzen: irabaztea. Duela 40 urte, Endika Guarrotxenaren golarekin, irabazi zuten azken Kopa, 1984an. Orain, beste aukera paregabe bat aurkeztu zaie eta zein sasoi onean dauden ikusita, itxaropena sekulakoa da.