NAIZ

‘Txonbo!’ aurkeztu dute, aurtengo Ibilaldiari doinua jarriko dion abestia

Bizkaiko ikastolen festaren 46. edizioa Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko du, maiatzaren 26an. Aurtengo edizioaren leloa ‘Txonbo!’ da, eta izenburu berarekin aurketu dute larunbat honetan Muxikebarrin ikastolako arlo guztietako pertsonen parte-hartzearekin prestatutako abestia.

Ibilaldia 2024ko kanta aurkeztu dute larunbat honetan Muxikebarrin zentroan. Energiaz eta sentimenduz beteriko abestia sortu da, Getxoko San Nikolas ikastolaren bereizgarri den komunitate eta lankidetza espiritua ospatzen duena.

Izan ere, Bizkaiko ikastolen festaren 46. edizioa Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko du, maiatzaren 26an. Aurtengo edizioaren leloa ‘Txonbo!’ da, eta izenburu berarekin aurkeztu dute ikastolako arlo guztietako pertsonen parte-hartzearekin prestatutako abestia.

Letra ikastolaren parte diren lau bertsolari ezagunek sortu dute. Alex, ikastolako gurasoa, arduratu da musika konposatzeaz; ahots nagusia ikastolako ama den Eiderrek jarri du eta senide, ikasle eta ikasle-ohiek osatutako talde batek borobildu du kantua, Liher Taldeko Lide Hernandorekin batera.

Musikari lanetan irakasle, ikasle eta familiartekoek osatutako musikari taldea gehitu zaie, Ibilaldia komunitatearen aniztasuna eta talentua irudikatzen duen soinua sortuz.

Antolatzaileen esanetan, prozesu horren emaitza abesti «polit» eta «itsaskorra» da, ikastolaren balioak bikain transmititzen dituena: «Euskalduna, kooperatiba, gertukoa eta munduari begira».

Bideoklipa

Azaldu dutenez, bideokliparen grabazioa «abestia bera bezain esperientzia zirraragarria eta hunkigarria izan da». Horrela, adierazi dute filmaketa hiru egunez egin zen, ikastolan eta Algortan zehar. 

«Ikaragarria izan zen hainbeste jende ikustea, ikastola barruko adin eta rol guztietakoak, gure espiritu komunitarioa ospatzeko elkartzen», nabarmendu dute.«Ikasleak, irakasleak, langileak, familiak, ikasle ohiak, herriko taldeak...elkartu ziren kameren aurrean, dantzan, kantuan eta irribarrez» gehitu dute.

Bideoklipak, gainera, Algortako leku enblematikoenetako batzuk ere zeharkatzen ditu, hala nola Ereagako hondartza edota San Nikolas plaza.