NAIZ

Herriko medikua ez lekualdatzeko elkarretaratzea egin dute Ibarrangelun

Ibarrangelu eta Elantxobeko herritarrak kalera atera ziren igandean, martxoaren 3an, Osakidetzako zuzendaritzak beraien herriko medikua lekualdatzeko hartutako erabakia salatzeko eta Lehen Arreta defendatzeko.

Elantxobe eta Ibarrangeluko herritarrek beraien herriko medikua ez lekualdatezko eskatu dute.
Elantxobe eta Ibarrangeluko herritarrek beraien herriko medikua ez lekualdatezko eskatu dute. (NAIZ)

Igandean 200 pertsonatik gora batu ziren Ibarrangeluko Elexalde plazan egindako konzentrazioan, Lehen Arreta defendatu eta Ruth Torre medikua bertan geratzeko eskatuz. Gainera, protesta gisa, foru errepidea moztu zuten 15 minutuz.

Plazan egindako konzentrazioan egoeraren nondik norakoak azaldu eta datorren igandean, martxoaren 10ean, berriro elkartzeko deialdia egin zuten, oraingoan Elantxoben. Berririk ez badago, astero elkartzen jarraituko dute herritarrek.

Azaldu zutenez, herriko medikuak erretiroa hartu zuenetik, Ruth Torre osasun zentrotik pasa den hirugarren medikua da. «Urte bi baino gehiago darama bertan eta ibilbide honetan herritarren abegikortasuna irabazi du, Lehen Arretako plazari estabilitatea eman dio eta bere eguneroko jarduerak biziak salbatu ditu», diote herritarrek.

Torre medikuak herri horietan geratzeko eskatu zuen barne mugikortasuna prozeduraren bidez; hasiera batean onartu egin zion Osakidetzeko zuzendaritzak udal ordezkariek azaldu dutenez, baina Enplegu Eskaintza Publikoko plazen izendapena egiterakoan «lehenbailehen Galdakao-Usansoloko osasun zentrora inkorporatzeko agindu diote», argitu dute.

Ibarrangelu eta Elantxobeko herritarrek medikuaren eskaera onartzea eta errespetatzea eskatzen dute.