Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabal iazko Durangoko Euskotren Winter Serieseko finalean arerio izan ziren eta aurten ere han izango dira, oraingo honetan bikotea osatzen, bigarren finalerdian Elaia Gogenola eta Naroa Merinori 2-0 irabazi ostean. Bikote marroiak segurtasuna eta sendotasuna erakutsi zituen eta joko horri jarraiki bilatuko dute txapela. Bigarrena litzateke markinarrarentzat, lehenengo Berriatuko atzelariarentzat.
Lau pilotarietan Mugartegi da indartsuena. Gogor jotzen du pilota, errebesez zein eskuinez. Partida bikaina jokatu zuen jokoaren agintea hartuz. Hala ere, orekatua joan zen lehenengo seta, seinako berdinketa arte. Tanto horretatik aurrera, 9-1eko partziala egin zuten marroiek. Ikaragarria Maialen Aldazabalen partida ere. Ez du ia hutsik egiten, eta gero, aukera duenean, pilota gaiztoa jartzen die aurkariei. Hala ere, jendeak asko eskertu zuen bikote horiaren ahalegina. Errematerako joera handia du Elaia Gogenolak, joko bizi eta azkarra transmititzen du eta pertsonalitate handia kantxa barruan. Hala ere, lehengo seta argi irabazi zuten marroiek eta Mugartegik bukatu zuen jokoa txapa-gaineko eder batekin.
Bigarren jokoa lehenegoa baino estuagoa joan zen. Merino tolosarra atzean seguru aritu zen eta marroeik ez zuten lortzen markagailua hausterik. Egoera horretan, tanto ederrak egin zituen Gogenolak, sahietsetik txokoan errematatuta. Txalo asko jaso zituen, baina asmatu ez zuen erremateetan hor egon zen Erika eta bikain aprobetxatu zituen Berriatuakoak egindako opari horiek. Errebesez egindako hormabiko eder bat ere ikusi genion markinarrari eta baita txapa-gainekoak ere. Partida emozioz beteta iritsi zen azken txanpara. 11-11 berdindu ostean 13-11 jarri dira marroiak aurretik, Erikak sake errestoan egin zuen 13-12koa, bi pilota oso zail sartu zituen hurrengoan Naroa Merinok eta tanto garrantzitsu horretan falta eman zion epaileak Gogenolari, pilota bat ikutu zuela adieraziz. Errepikapenean ezetz ikusi zen, baina epaileak halaxe adierazi zuen eta tantoa marroientzat izan zen, 14-12 eta partida 15-12 bukatu zen.
Partida amaiera gazi-gozoa izan zen baina merezitako garaipena lortu zuten marroiek, lehen jokoan nagusi izan ziren eta bigarrenean ere beti joan ziren tanto pare bat aurretik, amaierako estu unera arte.
Final handia Helena Barrenetxea eta Arai Lejardiren kontra jokatuko dute eta sarrera bakan batzuk ez dira geratzen salgai.
Erkiaga, gupidarik gabe
Gizonezkoen Banakako Seriesean, 12-3 eta 12-5 gailendu zen Aritz Erkiaga, Unai Lekerikaren aurka. Lehenengo jokoan, 10 tanto egin eta bakar bat galdu zuen Ispasterkoak. Bigarrenean, publikoa altxatzea lortu zuen Lekerikak bi tantotan jarraian baina launakoaren ondoren ezin izan zuen Erkiagaren joko erauntsia geldiarazi. Johan Sorozabalen kontra jokatuko du finala Erkiagak, honek Laduche kanporatu baitzuen.