NAIZ

«Euskararen Herri Harroaren parte sentiarazteko gonbita» egin die ehunka eragileri Korrikak

Bilboko Itsasmuseumean Korrikaren aurkezpen soziala egin dute asteazken honetan, eta aurkezleek edizio honetan euskal herritar oro «euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren parte» sentiarazteko gonbita egin dute. Euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren 14an abiatuko da Irundik.

Bilbon asteazken honetan eginiko aurkezpena; astebete baino ez da falta.
Bilbon asteazken honetan eginiko aurkezpena; astebete baino ez da falta. (AEK)

Azarotik ari dira 23. Korrika aurkezten, eta dagoeneko jakitera eman dituzte lasterketaren xehetasun guztiak. Gutxi falta da martxoaren 14rako, euskararen aldeko lasterketa erraldoia Irundik abiatuko den egunerako. Ondoren, 10 egun eta 11 gauez ibiliko da lekukoa eskuz esku, euskararen aldarria Euskal Herriko bazter guztietara zabaltzen, Baionara heldu arte, martxoaren 24an. Mugarria ospatu eta egitasmoari ongi etorria emateko, aurkezpen soziala egin dute arratsalde honetan Bilbon.

Ekitaldia Bilboko Itsasmuseumean izan da, iluntzeko 19:00etan. Bertan izan da Ane Elordi Alburquerque, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak lagunduta. Eurekin batera, Euskal Herri osoko 100 gonbidatutik gora izan dira: euskalgintzakoak, alderdi politikoetako ordezkariak, hedabideetakoak, sindikalgintzakoak, eragile sozialak eta hamarnaka lagun gehiago.

Oholtzan, Elordik azaldu du edizio honek euskal herritar oro «euskal komunitatearen, euskararen Herri Harroaren parte sentiarazi» nahi duela «eta, aurrerantzean, bizitzako arlo guztietan, euskaraz bizi nahi duen komunitatearen partaide bilakatu. Korrika, euskara bera bezala, danona delako».

Halaber, Elordik aipatu  du euskarak aurrera egingo badu, «herriaren erabakitasunagatik» izango dela, eta Korrikak aukera bikaina ematen duela «herri pultsua aktibatzeko, aldarri tinko bat egiteko, pauso gehiago ematen daitezen, herri gogoari erantzunez».

Clown bat, aurkezle

Pantxika Lamur clowna aritu da aurkezle lanetan eta publikoarekin elkarreraginean. Ildo horretan, azaldu du «23. Korrika mundu berri bat balitz, herri aldarrien mundua» izango litzatekeela.

Halaber, AEK-k «euskararen zabalkunderako» duen garrantzian ere jarri du azpimarra; eta euskara eskolez gain, erakundearen bestelako eginkizunak ere errepasatu ditu: praktika egitasmoak, aholkularitza zerbitzua, barnetegiak eta itzulpengintza, besteak beste.

Oholtzan Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’ txelo jolea ere egon da, beren musikarekin Korrikaren aniztasuna ikusarazten. Zentzu horretan, edizio honen spota ikusteko aukera ere izan dute bertaratutakoek.