NAIZ

Atxiloaldia luzatuko diete bost gazteei, seigarrena aske gelditu da

Gaur goizean operazioa egin du frantses Poliziak Lapurdin. Sei lagun atzeman dituzte. Bi lagun, Urruñan, beste bi Hendaian, bosgarren bat Baionan eta seigarrena Kanbon. Bost lagunei atxiloaldia luzatu ondoren gaua komisaldegian emangon dute. Seigarrena libre geldituko da.

Baionako komisaldegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute atxiloturiko gazteak aske uztea galdetzeko.
Baionako komisaldegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute atxiloturiko gazteak aske uztea galdetzeko. (Patxi BELTZAIZ)

Frantziar Poliziak sei herritar atzeman ditu gaur goizean Lapurdin egin duen operazioan. Horietako bost komisaldegian igaroko beharko dute gaua atxiloaldia luzatu dietelako. Seigarren bat, ordea, aske utziko dutela jakitera eman du, 18.00tan, France Bleu irratiak.

Polizi operazioari dagokionez, goizean goiz, gazte bi bi Urruñan atxilotu dituzte. Anai bi dira. Partekatzen duten etxean atzeman dituzte.

Hendaian neska bat eta mutil bat eraman dituzte atxilo. Bikoteak partekatzen duen etxean sartu da Polizia.

Bosgarren atxiloketa bat Baionan gertatu da. Azkenik, Kanbon beste pertsona bat atzeman dute.

Jerome Bourrier prokuradoreak 'Mediabask' hedabideari baieztatu dioenez, orotara sei pertsona horiek atzeman ditu Poliziak.

Elkarretaratzea egin dute 12:30ean Baionako komisaldegian atxiloketak salatzeko.

 

Urruñan atxiloturiko anaien familiaren testigantza

Poliziak Urruñan atzeman dituen bi anaien familiak NAIZi jakitera eman dioenez, 06.00etan atea jo du Poliziak eta bi semeen bila joan zaizkie. Gurasoen ondoan bizi dira gazteak, etxola batean. Haien etxebizitza hori miatu eta ondoren atxilo eraman dituzte. Gurasoen etxea sartu badira ere hor ez dutela miaketarik egin baieztatu du familiak.

Poliziak azaldu duenez, besteak beste, azken bi urteetan U14 kolektiboak frantziar besta nazionala salatzeko burutu dituen mobilizazioarekin zerikusia lukete atxiloketa horiek.

Horrez gain Hendaiako tren tikian turisten kontra pintadak egitea egotziko lizkieke Poliziak. Era berean, erretreten ereformaren aurkako Baionan izandako martxa baten amaieran manifestari eta Poliziaren artean izan ziren istiluetan parte hartu izana leporatuko liekete, finean, atxilotuei.

Prefetaren salaketa

Joan zen urteko uztailaren 14a kari hainbat ekimen burutu zituzten Ipar Euskal Herrian.

Hiria bisitariez betea zelarik, su artifizialen denboran, «Ez zarete Frantzian, hau Euskal Herria da» zioen banderola erraldoia zabaldu zuen Xuti gazte mugimenduak Biarritzen.

Donibane Lohizunen, berriz, aurreko urtetako dinamikari segida emanez, martxa burutu zuen U14 kolektiboak. Martxa horren ostean salaketa ezartzeko asmoa iragarri zuen Pirinio Atlantikoen prefetak.

Hala, Baionako auzitegira jo eta prokuradorearen aurrean salaketa jarri zuen Julien Charles prefetak U14 kolektiboak bultzaturiko mobilizazio horren testuinguruan «frantses banderak kendu eta lurrera bota zituztela» azalduta.

«Jai egun arrotz eta inposatua» salatzeko martxa horrek Donibane Lohizunetik abiatu eta Ziburun dagoen hildakoen aldeko oroigarrian izan zuen geldiunea aipagai izan zuen prefetak.

Julien Charlesen arabera, frantziar Zigor Kodea eskutan, aipaturiko jokabidea «frantses ikurraren aurkako laido delitua» litzateke.

Balizko delitu baten berri izanen duen agintari batek legearen arabera hori jakinarazteko duen betebeharra aipatu zuen, era berean, Estatuaren ordezkariak uztailaren 24an prokuradoreari bidalitako salaketa azaltzeko publiko egin zuen oharrean.

Elkartasun mezuak

Ipar Euskal Herriko Gazte Kontseilu Sozialistak (GKS) mezua zabaldu du sare sozialen bidez sei atxiloketa horiek salatzeko Baionako komisaldegiaren aurrean elkarretaratzera deituz.

«Militantzia politikoa are kriminalizatuago den garai honetan, eskubide politikoen defentsan antolatzea dagokigula» defendatu du.

Euskal Herria Zuzenean festibalak, bere aldetik, sei atxilotuak askatzea galdetu du, sei lagun horiek boluntario gisa aritu direla EHZn nabarmendu ondoren.

Iparra Hegoak, bere aldetik, atxilotu dituzten lagunen artean Segura eta Urruñako kultur eragileak biltzen dituen elkarteko laguntzaile bi direla salatu ondoren atxilotu guztiak libre uztea galdetu du.

Xuti gazte mugimenduak polizia operazioan atzeman dituzten lagunak berehala aske uztea galdegin du. «Frantses Estatuak euskal gazteen aurka burutzen duen jazarpena ezin da onartu», adierazi du X sare sozialaren bidez hedaturiko mezuan.

Euskal Herrian aro berri batean delarik Parisek iraganeko eskemak berrerabiltzen dituela salatu du, bere aldetik, sare sozial berean Euskal Herria Baik. «Euskal herritarren aurkako errepresioari» amaiera ematea galdetu du, era berean, mugimendu politiko horrek.

Ildo beretik, Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak «frantses Estatuak euskal gazteen aurka burutzen dituen intimidazioak eta jazarpenak ez ditugu onartzen» adierazi du.