Joan zen astelehenean, martxoaren 4an, kongresuan bildurik frantziar senatariek eta parlamentariek abortatzeko eskubidea Konstituzioan txertatzeko erabakia hartu zuten. Oinarrizko eskubide hori egonkortzeko harturiko erabakia ontzat eman du Euskal Herria Baik.
Urte luzetan mugimendu feministak eginiko lana oinarri duela aitzinamendu hori oroitarazi du, edonola ere, mugimenduak.
Euskal Herria Baiko ordezkariek, Parisen sustaturiko konpromisoa osatze aldera urrats berriak ematea aldarrikatu dute.
Hala, abortatzeko eskubidea oztopatua izan ez dadin ezinbestekoa jo dute «osasun sistemara beharrezko baliabideak bideratzea».
Feministen borroka aldarrikatu dute, hain zuzen ere, irabazitako eskubideak atxikitzeko eta berriak eskuratzeko, EH Baiko emazteek.
Borroka indartzeko, Martxoaren 8an antolaturiko mobilizazioetara joateko deia luzatu dutela.
Engaimenduak hiru eremutan
Klase zapalkuntza, nazio eta kultura zapalkuntza eta sexu-generoaren araberako zapalkuntza «hiru aldiz errebeldeak» direla aldarrikatu dute Baionan eginiko agerraldi jendetsuan.
Hori esanda, engaiamendu zehatzak hartu dituzte hiru eremu ezberdinetan aurrerapausuak ematen laguntzeko EH Baiko kideek.
Lehenik eta behin, mugimenduaren antolaketari begira «barne funtzionamendu feminista izateko behar diren aldaketak obratzea eta gure egituratik bortizkeria matxista oro desagerraraztea» finkatu du helburu nagusi gisara EH Baik.
Bigarren erronka bezala, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministaren baitan «burujabetzarako perspektiba sustraitzea» defendatu du.
Horri begira, hainbat urrats irudikatzen dituzte, hala nola Hego Euskal Herriko mugimenduarekin zubiak indartzea.
Hirugarrenez, erakundeetan «politika feminista eraldatzaileak sustatzeko» engaimendua hartu du EH Baik, beti ere emazteen bizi-baldintzak hobetuz, «sistema aldaketa baten oinarriak jartzeko».