Interview
Irene Oguiza
Athleticeko jokalaria

«Guk baino ilusio gehiago ez du izango Barçak, eta horretaz ere baliatu behar dugu»

Ez dauzka 24 urte besterik, baina hirugarren aldiz belauneko lesio larri batek zelaietatik kanpo eduki du zenbait hilabetez. Ametsetako itzulera batez gainditu zuen: Athletici Kopako finalerdietarako txartela eman zion, Madrilen aurka penaltia sarturik.

Irene Oguiza, San Mamesen.
Irene Oguiza, San Mamesen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek ez zuen zorterik izan Kopako finalerdietako zozketan. Baina zuri-gorriek hilabete osoa izan dute atsekabea digeritzeko, eta orain «irrikan» daude kanporaketa jokatzeko eta erronkari eman diezaioketen erantzuna ikusteko.

Aurten ez du inork Bartzelona gainditu. Athletic izan daiteke lehenengoa?

Zergatik ez? Sinistu, sinisten dugu. Munduko talderik onena da, baina partida jokatzeko sekulako gogoa dugu. Ilusionatuta gaude. Batez ere gure jokoan arreta jarriko dugu, partida ona egiten saiatzeko eta ahal den emaitza onena lortzeko, gero Bartzelonara aukerekin bidaiatu ahal izateko.

Lezaman azaroan hartu zenuten Ligako partidan. Bartzelonak eskuratu zituen puntuak, baina Athleticek oso ondo jokatu zuen.

Ondo aztertu dugu Lezamako partida eta saiatuko gara antzeko zer edo zer egiten. Orduan golak azken minutuetan egin zizkiguten; saiatuko gara erritmoari eusten azken minutura arte. Eta kontzentrazioa, sekulako taldea baita, internazionalez betea, eta edozein unetan apurtu ditzake partidak. Baina batez ere arreta gure jokoan jarri behar dugu. Partida on bat egingo dugulakoan nago, are gehiago San Mamesen jokatuta, gure jendearekin.

San Mamesen jokatzeak batzuetan laguntzen du. Baina Bartzelona ohituta dago horrelako zelai handietara.

Ondo datorkigula uste dut. Sekulako ilusioa pizten digulako San Mamesen jokatzeak, eta, bestetik, Madrilen kontra bezala sarrera ona egongo dela uste dugulako. Orduan ere ikusi zenez, taldeak asko igartzen du zaleen bultzada.

Nekane Diezek atzo esan zuen orri hauetan horrelako aurkari baten kontra helburu txiki asko jarri behar direla.

Horrela da. Eta oso garrantzitsua izango da defendatu behar dugunean oso gogorrak izatea, baloia daukagunean lasaitasuna edukitzea eta partida osoan zehar gure etxean gaudela igartzea.

«Gogor defendatu behar dugu, baloia daukagunean lasaitasuna eduki eta, batez ere, gure etxean gaudela igarri»

Ilusioa armatzat hartu daiteke euren beharraren kontra? Zelaian islatu daiteke presio maila desberdin hori?

Guk baino ilusio gehiago ez dute edukiko, sekulako gogoz gaude, eta horretaz ere baliatu behar dugu.

Zure kasuan ilusioa handiagoa da, taldea finalerdietara ekarri zuen azken penaltia zuk sartu zenuen eta.

Horregatik eta, zortzi hilabete jokatu barik egon ondoren, sekulako ilusioa daukadalako. Eta sekulako gogoa entrenatzeko, eta batez ere partidak jokatzeko.

Ametsetako partida izan zen zuretzat Madrilen aurkakoa. Itzulera, hainbeste hilabeteren bueltan. Eta penalti erabakigarria sartu...

Penaltia bota eta sartu zenean ez nuen sinisten ere. Gau horretan ezin izan nuen lorik hartu. Emozio asko pilatu zitzaizkidan. Hurrengo egunetik aurrera, nire helburua asko entrenatzea eta partida guztiak gogoz hartzea dela argi izateko lagundu zidan.

Ametsa biribiltzeko...

Bai, argi daukagu zer nahi dugun. Eta gutxienez saiatu, indar guztiekin saiatuko gara.