Estatu Batuek eskaintzen zuten urte osoan zehar lehiatzeko aukera izan da, Miamiko azken pilotalekua itxi zenetik, puntistek faltan gehien bota izan dutena eta aldarrikapen horri erantzun asmoz, Jai Alai Leaguek bere eskaintza biderkatu eta kirolariek jarraikortasun batekin lehiatu ahal izango dute, urtaro bakoitzean kalitatezko txapelketak eskainiz.
«Urrats garrantzitsua da pilotari eta zaleentzat eta baita babesleentzat ere. Garrantzitsua da jendea zesta punta urte guztian zehar ikustera ohitzea. Pilotarientzat errazagoa izango da sasoiari eustea eta pilotari gazteei ere aukerak emango dizkiegu lehiaketan euren tokia egin dezaten eta ikus dezaten onenekin jokatzeko aukerak dituztela. Azkenean txapelketa hauekin guztiekin 100dik gora izango dira jokatuko diren partidak», azaldu du Frederic Cadet, Biarritz, Donibane Lohitzune eta Paueko frontoien ordezkariak.
Liga aurkeztu eta urtebete eskasera, lau txapelketa izatetik hamahiru izatera egin du jauzi; Bilbo, Gasteiz, Zumaia, Markina-Xemein eta Lekeitio batu dira; Iparraldeko txapelketak bikoiztu egin dira, eta urte honetan bertan egoitza berriak gehitzeko aukera zabalik mantentzen da. «Nafarroa aldean plazaren bat topatzea garrantzitsua litzateke eta zergatik ez nazioartekotu, zesta punta garai batean izan zen bezala», azaldu du Iñaki Osa Goikoetxea, Eraman Jai Alaieko kirol arduradunak.
Bere lehen urtean, lau txapelketa nagusik eta Durangoko Final Fourrak osatu dute Jai Alai League-a. Txapelketa horiek Eusko Label Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa izan dira. Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek jantzi zuten, urrian, liga honetako lehen txapela.
Bigarren denboraldi honetan, lau txapelketatik hamahirura pasa dira, bi mailatan banatuta. Slam mailakoetan; Donibane Lohitzuneko Cesta All Star, Bilbao Iron Cup, Markina-Xemeingo Grand Slama eta Gernikako Grand Slama (udakoa) dira berritasunak. Masters kategorian; Gasteiz, Zumaia, Lekeitio, Paueko Cesta de Nadau txapelketa eta Biarritzeko Nazioarteko Opena batu dira ligara. Izatez, ligako puntuagarriak diren Mastersak hamabost dira guztira.
Izan ere, Slam kategoriako hiru txapelketa, Master mailako barne-lehiaketez osatzen dira: Donibane-Lohitzuneko Nazioartekoak (4 Masters), Biarritzeko Urrezko Xistera (4 Masters) eta Paueko Kopa (2 Masters). Ondoren, txapelketa hauetako bakoitzak amaierako fase bat dauka pilotaririk onenekin eta hortik ateratzen da Slam horretako txapelduna.
Bilboko apustua
Egoitza berri hauen artean, Bilbokoa da apusturik handienetako bat eta Bizkaiko hiriburuak eta Slam mailako txapelketa handi batekin egingo du debuta; Bilbao Iron Cup, maiatzaren 10ean hasi eta ekainaren 7ra bitarte, bost ostiral segidan hiri erdian kokatutako Deportivo pilotalekuan. «Bilbo apustu handi bat da, esfortzu handia eskatuko digun egoitza bat izango da, bana ilusio handiarekin gaude eta ea Winter Serieseko olatua Bilbora eramaterik dugun, aipatu du Iñaki Osa Goikoetxeak. Gasteiz ere berritasuna izango da, apirilean Olabe pilotalekuan jokatuko den Mastersarekin eta Zumaia, Markina-Xemein eta Lekeitio ere, Jai Alai Leagueko egoitza ofizial izatera pasa dira.
Data eta egoitza berri hauekin, zesta-puntak urte guztiko iraupena duen egitegia osatzea lortu du, urrian hasi eta urrian amaitzen den ligarekin. Guztira, profesional mailako 100 partidu baino gehiago dira, hamar frontoi edo egoitzetan banatuta. Jai Alai Leaguen amaiera fasea Durangoko Final Four-ean erabakiko da eta pilotari onenek jokatuko dute bertan, ranking ofizialean lortutako puntuen arabera. Mailen arabera, puntuazio jakin bat izango du txapelketa bakoitzak eta egutegia ez dago erabat itxita. Izan ere, urte honetan bertan egoitza gehiago sartzeko aukera ari da negoziatzen Liga.