NAIZ

Borroka feminista «dimentsio guztietan» zabalduko da Martxoaren 8 honetan

«Zaintza sistema publikoaren aldeko blokea» eratzen ari da Euskal Herriko Mugimendu Feminista, eta Martxoaren 8 honetan «elkarrekin bizitza bizigarrien aldeko estrategiak marrazteko apustua» plazaratuko da hiriburu, herri eta auzoetan eginen diren mobilizazioetan.

Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak, astelehen honetan Iruñean, Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkezten.
Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak, astelehen honetan Iruñean, Martxoaren 8ko mobilizazioak aurkezten. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Dimentsio guztiak’ izenburua jarri dio Euskal Herriko Bilgune Feministak aurtengo Martxoaren 8ko mezuari, zabaltzen ari den borrokak kapa aunitz dituela adierazteko. «Zaintza ereduaz hitz egiten ari gara. Sistema publiko baten beharra aldarrikatuz pribatizazioa salatzen jarraitzen dugu. Sistema arrazista erauzteko aliantzak ehuntzen ari gara. Gobernantza ereduak kuestionatu eta bestelako ereduak exijitzen ari gara».

«Zaintza sistema publikoaren aldeko blokea eratzen ari garela esateko ausardia dugu», nabarmendu dute mobilizazio egunaren atarian egin dituzten aurkezpenetan. Zaintza lanak beharrezkoak direnez, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko prozesua martxan jarri du mugimendu feministak.

Horrekin lotura zuzena du Martxoaren 8ko leloak: ‘Gure bizitzekin negoziorik ez, arduratu zaitezte jada!’. Hiriburuetako manifestazioetan lau haizetara hedatuko dute mezu hori, baita herri eta auzoetan ere. Baionan 18.00etan aterako dira Herriko Etxeko Plazatik; Gasteizen, ordu berean San Antonetik; Donostian, 18.30ean Antiguako tuneletik; Iruñean, 19.00etan Antoniutti parketik; eta Bilbon, ordu berean, Jesusen Bihotza Plazatik.

 

Emazteen agerraldia Baionan, Martxoaren 8aren kari, asteazken honetan. (Patxi BELTZAIZ)


Gazte feministentzat bilgune izateko xedez, Ihurtzuri taldea jaio da Ipar Euskal Herrian. Euskal Herriko Neska* Gazteen Sarean txertatuko da, eta Martxoaren 8ko ekintzetan parte hartzera animatu du.


Euskal gobernuei kritika

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren iritziz, euskal gobernuak zaintzaren inguruan egiten ari diren kudeaketa «penagarria da. Zaintza langileen lan baldintzak hobetzeko ez da inolako neurririk hartzen. Sistema publikoa indartu beharrean, pribatizazioan sakontzen jarraitzen dute. Lurraldeen arteko desorekarekin ezikusiarena egiten dute. Zerrenda luzea osa genezake aldarrikatzen dugunaren kontrako norabidean hartzen dituzten neurriekin».

Hortaz, «ardatz ezberdinetan zapaltzen gaituen sistemari, beste sistema baten proposamenarekin erantzun diogu. Aspaldi ikasi genuen arazo sistemikoei erantzun sistemikoekin erantzun behar zaiela».

«Sistema heteropatriarkal kapitalista eta arrazista honetan, emakume* langileok gara kolpatuenak. Soldata arrakalaren datuak ikustea besterik ez dago hori baieztatzeko. Emakumeok ditugu lan prekarioenak. Lan erregimen orokorretik kanpo dauden lanen gehiengoa ere emakumeon gain dago, eta ordaindu gabeko lanaren gehiengoa ere bai, azken horiek zaintza lanei estuki lotutakoak. Horregatik guztiagatik diogu sistema hau jasanezina dela eta berau iraultzeko neurriak hartzea urgentea dela, emakume langileon bizitzak dira jokoan daudenak», esplikatu dute.

Orain arteko bide beretik jarraitzeko deia egin dute, herriz herri eta auzoz auzo, «mugimendu feminista indartsu eta osasuntsu bat eratzen», erronkei oinarri sendoa jartzeko. «Merezi du mugimendu honen parte izateak, mundua aldatzen ari da eta gu mundua aldatzeko ari gara!».

Azaroaren 30 historikoaren ondotik

Bilbo Feminista Saretzen-ek emandako prentsaurrekoan oroitu duenez, iazko Martxoaren 8an greba feminista orokorra iragarri zuten, Euskal Herriko lehenengoa, zaintza eskubide kolektiboaren alde eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa exijitzeko.

«Hala egin genuen, eta hala lortu genuen Azaroaren 30ean historia egitea. Baina ez da nahikoa, eta ez gara geldituko gure helburua lortu arte: zaintza lanak merkatu eremu bihurtzeari uztea».

«Gure lan indarra esplotatzen duen sistema heteropatriakal kapitalista bati egin behar diogu aurre, bai etxean, bai enpleguan, baita dohainik eta aitortu gabe egiten ditugun zaintza lanetan ere. Horrek zuzenean prekaritatera eta etengabeko zapalkuntza egoran bizitzera kondenatzen gaitu. Emakumeok bermatzen ditugu nagusiki zaintzak, baina era berean, emakumeok sufritzen dugu gehien gizonen eta erakunde publikoen inplikazio eza. Egungo zaintza sistema guztiz pribatizatuta egoteaz gain,familietan eta, beraz, emakumeengan jausten da lan hori. Batez ere, emakume migratzaileengan, XXI. mendeko esplotazio egoera lazgarrienetakoa bizi dutenegan».

Horregatik guztiagatik, «zaintza zerbitzuak eskasak direla eta jendarte matxista, arrazista eta oso desparekoa sendotzeko pentsatuta daudela» salatu dute.

Emakume palestinarrei elkartasun eta maitasun osoa

«Asko daukagu esateko, eta ozen oihukatzen jarraituko dugu etxeko langileen, egoitzetako langileen, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eta lagun gehiagoren egoera salatzeko», adierazi du Bilbo Feminista Saretzen mugimenduak.

Ozen oihukatzen jarraituko dute Palestinako herria jasaten ari den genozidio eta sarraskiaren kontra ere. «Badakigu emakumeen gorputzak direla lehen konkista lurraldeak, beraz, Euskal Herritik elkartasun eta maitasun osoa palestinar herriari; gaurko egunean bereziki emakume palestinarrei», erran dute.