Komunikabideei igorritako ohar baten bidez, Euskal Herria Kirola ekimenak martxoaren 23an gizonezkoen Euskal selekzioak Uruguaikoaren aurka jokatuko duen partidaren irakurketa egin du eta antolaketa prozesuan Euskadiko Futbol Federazioak izandako jokaerarekin kritiko agertu arren, hamabost egun barru San Mamesera joateko deia luzatu dio euskal gizarteari «geurea babestera».
Oharrean gogorarazten dutenez, «lau urte igaro dira gizonezkoen Euskal Selekzioak, azkenekoz, Costa Ricaren aurka Ipuruan zaleturik gabe jokatu zuen partida hartatik hona. Eta sei urte euskal futbolariek zaletuen berotasuna zelaian jaso ez dutenetik» eta horregatik pozik agertu dira, Euskal Selekzioa «aspaldiko partez aurkari indartsu baten aurka» lehiatuko delako. Taldeak bere «maila eta neurria» «dagokion lekuan» defendatuko ditu; zelaian, eta Euskal Herria Kirola ere harmailetan izango da «gurea babestera» joanda. «Apirilaren 6an arrotz dugun errege horren koparen finalean guretakoa babestuko dugun bezalaxe».
«Oraingoan ezin dugu kale egin», diote EH Kirola ekimenetik, nahiz eta kritiko agertu diren partida hau antolatzeko eraman den prozesuarekin. «Bada garaia proiektu hau berriro hartzeko. Jakin badakigu aukeratutako eguna (arreta guztia bereganatzen duen final batetik 15 egunetara) ez dela egokiena; Federazioak elkarlanari tarterik eman gabe garatu duela; proiektu honen garapena ezinbestean ilusio piztetik etorriko dela eta gauzak ez direla norabide horretan egin».
Lau haizetara
Hala ere, Jagoba Arrasatek zuzenduko duen taldearen eta San Mamesen aldarria ozena izatearen garrantzia nabarmendu dute. «Kirol ikuskizuna ederra izango da. Eta aldarrikapen eguna ere izateko ere probestuko dugu. Ofizialtasunaren aldarria erdigunean jarri behar dugu. Euskal gizartearen nahia eta desioa lau hazietara ozen berriro zabaldu. Jakin badakite, baina berriro entzun behar gaituzte. Denek: Estatuko agintariek, nazioartekoek, bai eta gure erakundeek ere».
Bide horretan, eragile guztiek elkarrekin lan egin ahal izateko mahai baten osaketa eskatzen dute. «Emaitza zehatzak lortzea zaila izango da, baina aurrera egitekotan, gure esku dagoen guztia egin beharra daukagu ofizialtasunaren bidean. Eta bada garaia, Euskadiko federazioak behingoz, agintari, erakunde, federazioa, klub, jokalari eta eragileak osatutako mahaia sortzeko. Bada garaia nazioarteko legediak sortzen dituen zirrikitu juridiko txikiena probesteko. Bada garaia, ezezkoa esango digunaren baimenik eta beldurrik gabe ere gure esku dagoena egiteko».