NAIZ

«EAJren eta PSEren Euskadi grisarekin amaitzeko» zerrendak aurkeztu ditu Sumarrek

Hauteskunde-zerrenda aurkeztu du igande goizean Sumar mugimenduak Sestaon. Ideia berriekin datozela baieztatu dute, eta Euskal Herria «betikotik ateratzeko» lan egingo dutela gaineratu dute. PSEk eta EH Bilduk politika aurrerakoiak ez dituztela egin gaineratu dute, «EAJrekin gobernatu nahi baitute».

Sumarrek bere hauteskunde-zerrenda aurkeztu du igande honetan Sestaon.
Sumarrek bere hauteskunde-zerrenda aurkeztu du igande honetan Sestaon. (Sumar)

Sumarrek igande goiz honetan aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeetarako zerrenda. Arabako zerrendaburua Jon Hernadez (Ezker Anitza-IU) izango da eta Andeka Larrea Gipuzkoakoa, ostegunean iragarri moduan. Sestaon izan da ekitaldia, eta Alba Garcia lehendakarigaia bera izan da taldea aurkezteaz arduratu dena.

Hauteskunde-zerrendako gainerako kideei ere eskerrak eman dizkie Garciak, plantxa osatzen dutenak «pertsona bikain, konprometitu eta esperientziadunak» direla narbarmenduz. «Talde hau Euskadi benetan eraldatzeko ideia berriekin dator, betikotik ateratzeko. Gaur hemen aurkezten dugun taldeak Euskadi eraldatzeko ideiarik onenak ditu. Mende honetako erronkei aurre egiteko behar ditugun ideiak: ideia aurrerakoiak», argudiatu du. Aldi berean, ez PSEk ezta EH Bilduk ere ezingo dituztela politika aurrerakoiak martxan jarri esan du, «beraiek EAJrekin batera gobernatu nahi baitute».

Bestalde, Hernandez Ezker Anitza-IUko legebiltzarkide eta Euskadiko Alderdi Komunistako idazkari nagusiak nabarmendu du «konpromisoa» hartu dutela hainbat arlotan, hala nola« gizarte mugimenduetan, auzo mugimenduetan, mugimendu ekologistetan, sindikatuetan edo politikotan, hartutako esperientzia eta borroka Legebiltzarrera eramateko». «Gatozen tokitik gatoz, proiektu komun partekatu bat dugu eta defendatu beharreko arrazoi berberak», adierazi du.

Halaber, «EAJren eta PSEren Euskadi grisarekin amaitzeko» eta Euskal Herria «desberdin, justu eta berdintasunezkoa eraikitzeko» apustua egin du: «baldintza duinetan eta onetan bizitzeko».

Bestalde, Larrea Gipuzkoako Sumarreko hautagaiak adierazi duenez, Donostia zein Euskal Herriko beste udalerri batzuk «liderrak dira Estatu espainolean alokairu prezio garestienei dagokienez. Etxebizitza turistikoak, espekulazioa eta etxebizitza hutsak oso fenomeno serioak dira, eta herritarren kezkak entzun behar ditugu politikaren bidez gauzak aldatzeko», gaineratu du.

Halaber, Sumarrek turismoaren, etxebizitzaren eta krisi ekologikoaren arazoei aurre egiteko «proposamen sorta bat» duela nabarmendu du. «Gure helburu bakarra arlo publikoa babestea eta indartzea da, politika publikoek herritarren bizi-baldintzak hobetu behar dituztela uste baitugu», ziurtatu du.