Saski Baskoniak behin baino sarriagotan bere «nortasuna» darabil beste taldeengandik bereizteko lelotzat, eta egia osoa esaten hasita, lelo horren atzean dagoen egia zatitxoak ataka estu askotatik atera du. Surne Bilbao Basketek bere garaian «Miribilla efektua» zerabilen etxean aurre egin beharreko lantegi zailak aurrera ateratzeko ezkutu gisa. Bada, asteazken honetan, 20.00etatik aurrera, beltzezko gizonek «Miribilla efektua» eta «nortasuna» biak erabili beharko ditu Legia Varsoviaren aurka duela astebete pilaturiko 19 puntuko aldea irauliko badu.
«Gure nortasuna erakusteko ordua da», azpimarratu du Jaume Ponsarnauk neurketa jokatu bezperako prentsaurrekoan. Tarregako entrenatzaileak oro har taldeak bere onena ematea izan ohi du xede hitz egiten duen bakoitzean, beti ere jokoa eta izaera uztartuz. Esaterako, une txarretan desesperazioa saihestea, erasoan egun txarra izanez gero, defentsari eta erreboteari garrantzia ematea eta burutzen den jokaldi bakoitzean energia erakustea. Baina «nortasuna» ez du sarri aipatu teknikari katalanak.
«Hasteko eta bat, pasa gaitezkeela sinisten dugu. Gure zaleen laguntzaz, gure jokoa eginez gero, 19 puntutik gora atera diezaiokegu Legiari. Baina balentria hori gauzatzeko nahitaez ondo egin beharreko hori zehaztu behar dugu, eta hori da nire ardura nagusia. Ahalik eta energia handienaz jokatu behar dugu orduan, eta defentsa lanari begira, joaneko partidan jasotako ikasgaiak gure egin behar ditugu egokiago defenditzeko. Azkenik, ausardiaz jokatu beharko dugu erasoan. Ahal bada, korrika egin, eta jokalariengan erabakitasuna aurkitu», laburbildu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.
Klubak berak ere bideoa plazaratu du eta jokalariek «horixe dela posible 19 puntuko aldeari buelta ematea!» iritzi diote.
¿Posible o imposible? 💪 pic.twitter.com/ZNHyfRXvOc
— Surne Bilbao Basket 😎 (@bilbaobasket) March 12, 2024
Nolanahi, Rabaseda kapitaina ez da jokatzeko egongo eta neurri handi baten, eskarmenturik handiena duen jokalaria gabe ekin beharko diote lanari bilbotarrek.
«Xavik –Rabasedak– ez du jokatuko. Talde dinamikan egon dadin saiatuko gara, baina oraindik sendagiririk ere ez dauka eta gogotsu badago ere, ezinezkoa izango da. Gainontzeko jokalariak prest izatea espero dugu, nahiz eta baten batzuek gripearen zantzuekin edo giharretako ondoez txikiak jota dauden», gaineratu du.
Horren aurrean, hala ere, talde-lanaren indarra azpimarratu nahi izan du Jaume Ponsarnauk. «Ez dugu heroirik behar, talde-lana baino. Hori bai, energiaz gainezka aurreneko segundutik jokatu beharko dugu, eta gure momentu on horiek ahal bezain beste aprobetxatzen ahalegindu beharko dugu. aldiz, une txarrak datozenean, ahalik eta egokien egin beharko diegu aurre. Esan bezala, inork ere ez dezala heroi rola hartu nahi; inor izatekotan, taldeak izan behar du heroia. Baina hori horrela izan dadin jokalari bakoitzak bere nortasuna atera behar du eta horretaz baliatu beharko dugu», zehaztu du.
Arriskuak hartu
«Arriskuak hartzeko partida izango da», onartu du ere Bilbao Basketeko entrenatzaileak. «Legiaren bertuteetako bat une txarretan ez dela hondoratzen da. Esaterako, Lisboako Sportingen aurka, 19 puntuz behetik izan ziren une batez eta azkenean erraz nagusitu ziren. Bere momentu onak baliatzen dakizkite eta norbanako onak dituzte. Norbanako horiek ondo defenditu genituen joaneko norgehiagokan, baina oro har, taldea ez genuen behar bezala defenditu», nabarmendu du.
Nortasunak eta arriskuak ere oreka behar dute. «Jokalariek beren nortasuna azaleratu behar dute, baina hau talde kirol bat dela ezin dugu sekula ahaztu. Egia da, esan bezala, jokalariek badakitela arriskuak hartzeko eguna dela, baina kontuan izan behar dute gure jokalariek taldeari laguntzeko modu asko daudela», gaineratu du Ponsarnauk.
«Hil ala biziko partida da hau», aipatu du ere, zaleen garrantzia nabarmenduz. «Miribillak asko eman digu orain arte; esaterako, etxean jokatu ditugun azken hiru partidak irabazi ditugu eta horrek konfiantza damaigu partida honi begira ere. Ez dakit zaleak kanporaketa iraultzeko gure nahi horretara batuko diren, baina Miribillagandik asko espero dugu, orain arte, esan bezala asko eman digulako», amaitu du Tarregako teknikariak.
Txus Vidorretak 400 partida
Bestalde, Txus Vidorretak zuzentzen duen Lenovo Tenerifek FIBAren Txapeldunen Ligako –BCL delakoa– partida jokatuko du asteazkenean Pinar Karsiyaka talde turkiarraren aurka. Neurketa hau izango da Indautxuko entrenatzaileak Teneriferekin zuzentzen duen laurehungarrena.
Orain arte jokaturiko 3999 neurketak honela banatu ditu: 263 ACB Ligan, 117 FIBAren Txapeldunen Ligan, 13 Koipari dagozkionak, Kontinentearteko Kopako lau eta ACBko Superkopako bi. Orotara FIBA BCL tituluak irabazi ditu 2017an eta 2022an –Bilbon, azken hau–, eta Kontinentearteko Kopan ere garaile suertatu da 2020an eta 2023an.