Mikel Aginagalde
BILBO
Interview
Ane Elordi
Korrikako koordinatzaile nagusia

«Bada sasoia harro adierazteko gure eskubidea dela euskaraz bizitzea»

Ane Elordi zornotzarra da Korrikaren koordinatzaile nagusi berria, eta hark aitortu digu edizio honetarako aurreikuspenak oso onak direla. Orain artean euskal jendarteak eta eragileek harrera bikaina egin diote eta antolatzaileek garbi dute jaialdi jendetsu bezain ikusgarria izango dela beste behin.

Ane Elordi, abiatzeko prest. (Marisol Ramirez | Foku)
Ane Elordi, abiatzeko prest. (Marisol Ramirez | Foku)

Azken Korrika Donostian amaitu eta berehala hasi ziren Korrika batzordeak 23. ekitaldia prestatzen. Lan eskerga eta azken beroketa ariketak egin ondoren, heldu da korrikari ekiteko ordua.

Korrika berri bat badator. Zure lehen ekitaldia izango da koordinatzaile nagusi gisa. Nola bizi duzu unea?

Egia da denbora azkar pasatzen dela eta konturatu ordurako Irunen izango garela mezua lekukoan sartzen eta korrika abiatzen. Oso gogotsu gaude, baina nabari da urduritasun puntu bat, bai jendartearen partetik, eta baita lantaldearen partetik ere. Lehenengo horiek azken unean kilometroak erosiz, eta gu geu lanez gainezka, ekitaldiaren antolaketari azken ukituak ematen.

Auzolana ezinbestekoa da horrelako festa antolatzeko. Herritarrak inplikatu al dira antolakuntza lanetan?

Azken hamarkadetako Korrika batzordeen dinamika beti izaten da herritarrek osatutakoa, eta lekuan lekuko batzorde horiek izaten dira ekitaldiak aurrera ateratzeko ardura izaten dutenak. Izan ere, AEK-ren eta Korrikaren beraren ardatzetako bat izan da herri batzorde horiek martxan jartzea, eta horrek berak fruituak eman ditu. Esate baterako, ikusi besterik ez dago azken asteetan Korrika Kulturalari lotutako zenbat ekintza eta ospakizun antolatu diren Euskal Herri luze zabalean.

Aurtengo ekitaldiak Irun izango du irteera gune. Zergatik da garrantzitsua euskararen aldeko ekitaldi handi hori hiri horretatik abiatzea?

Nik uste dut nabarmendu behar dela Irun ez dela preseski Gipuzkoako euskararen arnasguneetako bat; izan ere, hiri handi eta nahiko erdalduna da; edonola ere, bertan euskaltzale masa potente bat egon badago, eta gainera, azpimarratzekoa da ekitaldiko lehenengo eguneko antolaketa herri horretako eragileen artean egin izan dutela. Horietako bakoitzak ekarpen itzela egin dio ez bakarrik Korrikari, baita euskarari ere. Hala, testuinguru horretan sortu den komunitatea oso aberasgarria dela iruditzen zaigu.

Laburra bezain zuzena da aurtengo leloa. “Herri Harro” esloganaren bidez zer adierazi eta aldarrikatu nahi izan duzue?

Azken batean, bi ideia nagusi aldarrikatu nahi izan ditugu leloaren bidez: batetik, badela sasoia harro adierazteko euskaraz bizi nahi dugula, gure eskubidea dela euskaraz bizitzea, eta sarri hizkuntza gutxiagotuetan bizi garenok konplexuz bizi dugun gure egunerokotasun horri aurre egitea, burua altxa eta egoera horri erantzunez. Bestetik, herria, gutako bakoitza, euskalduna da eta hizkuntzak berak egiten gaitu euskaldun, eta hura da gure nortasunaren ardatza, eta horrek batzen du komunitatea osatzen dugun gutako bakoitza. Herria eraikiko dugu, bakoitzaren desberdintasunetik, bakoitzak bere ekarpena eginda, baina gure hizkuntzaren bidez loturik.

Irunen hasi eta Ipar Euskal Herrian amaituko da ekitaldia. Zergatik da garrantzitsua Korrikak Baionan izatea helmuga?

Bai, uste dugu momentu politean iritsiko dela amaiera Baionara. Egia da ezin dela konparatu euskarak Ipar Euskal Herrian duen administrazioen laguntza EAEn eta Nafarroan duenarekin. Izan ere, euskara ikasteko aukerak eta egoera soziolinguistikoak oso bestelakoak dira lurraldearen arabera. Ipar Euskal Herrian urratsak mantsoago ematen dira, baina lortuko bagenu Lapurdiko hiriburua jendez eta euskaltzalez betetzea, horrek erakutsiko luke badagoela herri bat euskaraz harro bizi nahi duena, eta bertako jendartea ere kontziente izango da Baiona ere euskalduna dela.

Azkar aldatzen den gizarte eta testuinguru batean bizi gara. Zer egiten du Korrikak garai berri horietara egokitzeko?

Gizartea etengabe aldatzen doa, bai, eta gu ere saiatzen gara egokitzen aldaketa horietara. Begirada atzera botaz gero, pentsaezina zen azken urteetan Korrikak izan duen askotariko babesa aurreikustea, baina lortu dugu, Korrikak eta erakunde ezberdinek egindako ahaleginagatik, euskararen bueltan askotariko eragileak batzea eta garai berrietara egokitzea. Hori bada modu bat aldarrikatzeko euskarak etorkizuna izango badu, elkarlanean izan beharko duela.

Kontu praktikoetara joanda, esan beharra dago mugikorren garaian bizi garen honetan, gure app-ari bultzada nabarmena eman diogula, streamingeko emanaldiak ere arrakasta itzela izan zuela pasa den ekitaldian, eta aurtengoan ere hala izatea espero dugula; eta azkenik, gizarte erantzukizunari lotutako hausnarketak ere egin izan ditugula: esaterako, erabiliko diren materialen azterketa sakona egin dugu, eta kutsakorrak izan daitezkeen horiek baztertzen ahalegindu gara.

Eta aurten Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu nahi izan duzue. Zein aitortza egin nahi izan diezue?

Kolektibo hori omentzearen helburua da aitortza egitea urte luzeetan zehar euskararen alde egindako lanari, eta batez ere, azpimarratzea ikasleak eurak izan direla dinamika horren bultzatzaile nagusiak, nahiz eta irakasleak, gurasoak eta Seaskako gainontzeko kideak bidelagun izan dituzten eguneroko jardunean. Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko hautua egin dute ikasleek eta horixe bera oso eredu positibotzat hartzen dugu, eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako borroka hori balioan jarri nahi izan dugu oraingoan.

Azkenik, euskararen aldeko borroka luzea bezain neketsua izan den arren, lanean jarraitzeko irmotasun osoz zarete. Zein dira Korrikaren eta AEK-ren erronka nagusiak etorkizunera begira?

Argi daukagu euskaldunok eroso bizitzeko espazioak sortu behar ditugula, eta horretarako beharrezkoa dela gune horiek irabazten joatea. Beste alde batetik, benetako doakotasuna aldarrikatu eta lortu nahi dugu, hau da, ikasleek euskara ikasteko doako aukera izatea. Halaber, hizkuntza bera erabiltzearen beharra sustatzea ere garrantzitsua deritzogu, baita hizkuntzaren unibertsalizazioa ere. Azkenik, nabarmendu behar da helburu horiek lortzeko hainbat eta hainbat arlotako eragileekin elkarlanean ari garela, aipatutako horiek gauzatzeko bidean.