NAIZ

Txapelketa perfektua borobildu nahi dute Arrizabalaga-Erasunek eta Etxegarai-Gamindek Arrasaten

Igande honetan Binakako Master Laboral Kutxako finala jokatuko duten bi bikoteek ez dute partidarik galdu orain arte. Aurrelari gernikarrak bere bosgarren txapela eskuratu nahi du, bigarrena Laukizko atzelariak. 2022koa elkarrekin eskuratu zuten.

Finaleko lau protagonistak, gaur Arrasaten egindako aurkezpenean.
Finaleko lau protagonistak, gaur Arrasaten egindako aurkezpenean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arrasateko Uarkape pilotaleku ederrak emango dio amaiera, igande honetan, duela ia hiru hilabete hasi 2024ko binakako Master Laboral Kutxa txapelketari eguerditik aurrera. Elite mailan inoiz baino bikote gehiagorekin, aurtengoa erronka handia zen parte hartu duten pilotarientzat eta txapelketa perfektua osatu beharko du aurtengo txapela jantzi nahi duen bikoteak. Jokatutako partidak irabazita, zalantzarik ez dago, bi bikoterik sendoenek; Arrizabalaga-Erasun eta Etxegarai-Gamindek lortu dutela finalerako txartela eta txapeldun berriek partidarik galdu gabe handituko dituzte euren palmaresak.

Estilo arteko talka bat bezala aurreikusten den final ireki honek hamaika pizgarri ditu. Esaterako, Olatz Arrizabalagak txapelketa honetan historia egiten jarraituko ote duen ikustea. Bere garaian gizonetan Antton Maiz, Julian Retegik edo Juan Martinez de Irujok egin bezala –Jose Javier Zabaletak ere aurten berdindu dezake marka hori– gernikarrak bere bosgarren txapela jantzi dezake igandean 22. kartoira heltzen bada. Arrizabalagaren 7. finala izango da Uarkapekoa –jokatu diren zortzietatik 2019an baino ez zuen hutsik egin–, eta bere zenbakiak handitzen jarraitu nahi du. Lau txapelketa horietako bat, 2022koa, gainera, igande honetan aurkari izango duen Enara Gaminde lagun zuela jantzi zuen gernikarrak.

Estilo talka

Bi bizkaitarrak dira Binakakoan txapela janztea zer den dakiten bakarrak eta hein handi batean euren bizkar gainean hartu beharko dute igandeko finalaren zama. Jokoa bere esparrura eramatea lortzen duenak bidearen zati handi bat izango du egina. Arrizabalaga pilotari oldarkorra eta ausarta da, tantoak amaitzeko duen aukera bakoitzari etekina ateratzen saiatuko dena. Laukizkoak, bere aldetik, egungo atzelaririk sendoena dela berretsi du txapelketa honetan. Berezkoa zuen kolpe biziari gero eta segurtasun eta kontrol gehiago gehitu dizkio eta, zarata handirik egin gabe, kantxan bere legea ezartzen ari da. Horretarako, gainera, bikote ezin hobea topatu du Maddalen Etxegarai oñatiarrarengan. Etxetik bertan jokatuko duen aurrelariak oso eskuin bizia du eta, ziurrenik, finalerdietan Amaia Aldairekin egin bezala, Olatz Arrizabalaga jokoz kanpo uzten saiatuko dira, piloteoa atzean kargatuz. Txantxikuak zaleen babes handia izango du horretarako, Oñatitik jende asko gerturatzea espero baita finala horren gertu izanda.

Pentsatzekoa da Itxaso Erasuni lanak pilatuko zaizkiola eta orain arteko partidetan emandako maila bikaina errepikatu beharko du bere lehen final handiak. Zizurkildarrak ere txapelketa borobila osatu du orain arte, bere aurrelariari segurtasun handia eskainiz, baina finalean lanak koxka bat zaildu zaizkio.