NAIZ

Ridley Scotten filme batean parte hartu zuen ‘Phoenix’ ontzia bisitatu ahalko da Pasaian

Pasaia Itsas Festibalaren aitzakian, 34 metroko luzera duen ‘Phoenix’ bergantina badian ibiliko da maiatzaren 9tik 12ra eta bisitatzeko aukera ere izango da. Ontzia 1929an eraiki zen Danimarkan eta, 1991n, XV. mendeko karabela ‘bilakatu’ zuten Ridley Scotten ‘1492: Conquest of Paradise’ filmerako.

‘Phoenix’ ontzia Pasaiako badian ikusi ahalko da maiatzean.
‘Phoenix’ ontzia Pasaiako badian ikusi ahalko da maiatzean. (PASAIA ITSAS FESTIBALA)

Pasaia Itsas Festibalaren aitzakian, 34 metroko luzera duen ‘Phoenix’ ontzia bisitatu ahal izango da maiatzaren 9tik 12ra bitartean. Bi mastako bergantin hau badian ibiliko diren ontzietatik handiena izango dela aurreratu dute festibaletik eta San Pedroko kaian izango dela ikusgai.

Ontzia 1929an eraiki zen Danimarkan, Frederikshavnen herrian, eta jatorriz goleta moduan sortu bazen ere karga-ontzi funtzioa ere bete zuen, sute baten ondorioz makina-gela kaltetu zen arte. 1974an beste jabe batzuek erosi eta bergantin bilakatu zuten, eta 1988an Square Sailek erosi zuen.

Jaialditik nabarmendu dutenez, ontziak duen ehun urteko ibilbidean bada nabarmentzeko moduko pasadizo bat, izan ere, 1991. urtean Ridley Scott zinemagilearen ‘1492: Conquest of Paradise’ (‘1492: Paradisuaren konkista’) filmean parte hartu baitzuen. Eginkizun horretarako XV. mendeko karabela ‘bilakatu’ zuten ontzia, ‘Santa Maria’ karabela zehazki, eta itsasontzia izen horrekin ezagutu izan zen 1996. urtean bi mastako bergantin bihurtu eta jatorrizko izena berreskuratu zuen arte: ‘Phoenix of Dell Quay’.

Pasaia Itsas Festibala maiatzaren 9tik 12ra ospatuko da eta itsasoko zein lehorreko hainbat proposamen eskainiko ditu, musika, artisautza, gastronomia eta itsas ondarea oinarri hartuta. Txile da aurtengo herrialde gonbidatua eta, antolakuntzatik azaldu dutenez, bertako ordezkaritza «garrantzitsu bat» Euskal Herrian izango denez, «aukera paregabea izango dugu Atlantikoaren beste aldean dagoen eta itsasoarekin eta kulturarekin lotura garrantzitsuak dituen herrialde batera hurbiltzeko».