Eibar eta Real Madril sasoi onenean topatuko dira

Bigarren sailkatua bisitatuko dute armaginek larunbatean, aurreko erronka handiak nota onarekin gainditu ondoren. Realak eta Athleticek gorri-urdinak laguntzeko aukera izango dute igandean, behekaldeko aurkariak izango baitutuzte.

Annelie eta Carmona, Eibarrek eta Real Madrilek lehen itzulian jokatu zuten partidaren jokaldi batean.
Annelie eta Carmona, Eibarrek eta Real Madrilek lehen itzulian jokatu zuten partidaren jokaldi batean. (SD Eibar)

Bere egutegiko zati gogorrenaren erdian, Eibarrek Real Madril bisitatuko du larunbat honetan (20.00). Denboraldiko une onenean dago talde zuria, baina armaginek gauza bera esan dezakete, aurreko erronka handiak nola gainditu dituzten ikusita.

Yerai Martinek esan duen bezala, «lehen itzulian baino bost puntu gehiago lortu ditugu dagoeneko», orduan hutsean geratu baitzen Eibar Levante Las Planas, Levante eta Madrilen kontra eta orain, berriz, bi berdinketa eta garaipen bat lortu ditu jarraian hiru aurkarien kontra, azken biak Ligako «top5»ekoak izanda. Emaitza onak ez dira kasualitatez heldu, talde gipuzkoarrak eman dituen urratsen ondorioz baizik.

Listoia, edozein kasutan, gorago egongo da 20. jardunaldi honetan. Real Madrilek abiadura hartu du Europarako bidean, 2. postuan sendotuz, eta azken zortzi jardunaldietan zazpi garaipen lortu ditu, guztira 20 gol sartuz. «Aurkari handia da –onartu du Martinek–. Eta, gainera, Championsetik eta Kopatik kanpo geratu denez, Ligan zentratu daiteke eta aste osoak ditu partidak prestatzeko». Entrenatzaile gipuzkoarraren esanetan, Real Madril «talde desorekatzailea da, eraso antolatuetan agian ez da hain ona baina bai hegaleko jokalariekin jokatzen, atea bilatzen, jende askorekin heltzen areara... Talde bertikala da eta baloi barik dagoenean ez dio aurkariari pentsatzeko denbora asko ematen».

Hala ere, bere taldea «lehiakorra» izango delakoan dago. Gainera, Valdebebasen gertatzen dena gertatzen dela, jeitsiera postuetara eroriko ez dela jakitearen lasaitasunarekin ekingo dio Eibarrek neurketari. Lasai dago Martin ildo horretan eta oraindik ez dituela gainontzeko partiden emaitzak begiratzen dio, «gu guregan zentratu behar garelako. Gure jokoari, gure partidei eta gure emaitzei eman behar diegu garrantzia eta besteek ikusiko dute eurek zer egiten duten. Talde asko gaude hor sartuta eta gu lasai gaude, gure prozesua, gure hobekuntza, geroz eta handiagoa delako. Gainera guk hasieratik genekien gure helburua zein zen eta badaude talde batzu, berriz, beste asmo batekin hasi zutela eta orain hor behean daudela, eta agian zailagoa egingo zaie egoera».

Talde guztia prest dauka teknikari andoaindarrak, baina Puyi eta Diallo utzi ditu deialditik kanpo.

Biharamun lasaia

Kopako finalerdiak jokatu ondoren, igandean ekingo diote Realak eta Athleticek Ligari. Biharamun lasaia izango dute biek, baina Eibarrek eskertuko lieke ahalegintxo bat, behekaldeko aurkariak izango baitituzte biek aurrean.

Realak Betis bisitatuko du; bederatzi partida jarraian galdu ondoren Valentzian berdindu zuten andaluziarrek aurreko jardunaldian baina, bitxiki, jeitsiera postuetara erori ziren. Natalia Arroyoren taldeak, berriz, bere bolada on luzeari –hiru hilabete eta erdi galdu barik– amaiera eman zion, Kopako finalean aurrean izango duen Bartzelonaren kontrako bidean.

Athletic, bere aldetik, Lezamara itzuliko da kanporatzearen atsekabearekin baina Johan Cruyffen eskainitiako irudi onaren eta Buñolen lortutako garaipen baliotsuaren bultzadarekin. Zuri-gorriek Eibarrek baino puntu bat besterik ez duen Valentzia taldearen bisita hartuko dute.

20. jardunaldia

Larunbata
Vila-Real - Madril (12.00)
Sporting Huelva - Levante (º6.00)
Sevilla - Levante Las Planas (18.00)
Real Madril - Eibar (20.00)

Igandea
Granada - Atletico Madril (12.00)
Bartzelona - UDCA Tenerife (14.00)
Betis - Real Sociedad (16.00)
Athletic - Valentzia (18.00)