Donostiarra eta Bermeo izan dira azkarrenak San Pedroko testean

Emakumezkoen lehia oso parekatua izan da eta irabazleek bi segundo baino gutxiagoko aldearekin menderatu dute Arraun Lagunak. Gizonezkoetan, bermeotarrek 11 segundo sartu dizkiote bigarren izan den Zierbenari.

Urdaibai, San Pedroko uretan ikurrina astintzen.
Urdaibai, San Pedroko uretan ikurrina astintzen. (URDAIBAI)

Donostiarra emakumezkoetan eta Bermeo gizonezkoetan izan dira azkarrenak San Pedroko 15. traineru testean. Neguko azken proba garrantzitsua izaten da traineruentzat eta denboraldia hasteko hiru hilabete falta direnean irabazleek argi utzi dute sasoi onenera hurbiltzen ari direla.

Gizonezkoen erlojupekoan, eta iaz egiten zuten moduan, bermeotarrek estropadaren bigarren zatian ireki dituzte tarteak aurkariekiko. Tarte handi samarrak gainera. Hirugarren garaipena dute jarraian San Pedroko testean eta Oriako Jaitsieran lortutako lehen postua berretsi dute. Hori bai, beste oilar nagusien arteko berdintasuna erabatekoa izan da.

Urdaibaien denbora 19:34.14 izan da, bigarren sailkatuari, Zierbenari, 11,04 segundo sartuz. Donostiarra izan da hirugarren 15.18 segundora, Hondarribia laugarren 15.23ra eta Ondarroa bosgarren 19.27ra. Orio, bere proiektu berriarekin, seigarren izan da 22.61 segundora.

Tarteak handiak izan arren, esan beharra dago estropadaren lehen erdian erritmoari eusteko gai izan direla aurkariak eta bigarren ziabogan aldeak oso txikiak zirela.

Beste erreferentzia interesgarri bat aipatzearren, San Juan izan da ARC Ligako ontzirik azkarrena, maila nagusiko Isuntza eta Getariari aurrea hartuz. Ia 20 segundo sartu dizkio bigarren maila horretan aurkari izango duen Santurtziri eta zertxobait gehiago Lapurdiri.

Parekotasuna emakumezkoetan

Emakumezkoetan, parekotasuna izugarria izan da. Garaipena eta ikurrina Donostiarrak eskuratu ditu 10:38.98ko denborarekin, baina aldeak oso txikiak izan dira. Arraun Lagunak 1,98 segundora gelditu da, Tolosaldea 3,93ra eta Orio 6,75era.

Beste tarteko borrokei begira, Zumaia izan da ETE Ligako ontzirik azkarrena, Euskotren Ligako Hondarribia, Cabo eta Hibaikari aurrea hartuz. San Juan bera ere Cabo eta Hibaika baino azkarrago ibili da.