Beskoitzeko ikastolari dagokion auzia fase berri batean sartu da astelehen honetan. Herriko Kontseiluak bilera egin du gaueko 21.00etatik aitzin. Tentsioz beteriko bilkura horretan, hautetsi gehienek babestu dute ikastolari alokaitu kontratua urtebetez luzatzeko proposamena.
12 hautetsik proposamenaren alde bozkatu dute, lauk kontrako botoa eman dute eta batek boto zuria eman du.
Auzapezak berak aurkeztu du proposamena. Horren arabera ikastolak ez du eraikina utzi beharko kurtso honen bukaera.
Alokairu kontratua 2025ko uztaila arte luzatuko lioke Herriko Kontseiluak ikastolari, astelehen gau honetan bozkatua izan den erabakiaren arabera.
Fabienne Ayensak hartu du hitza proposamena onartua izan ondoren eta ikastolaren auziak herrian sortu duen giro txarra nabarmendu du. Afera zeharka aipatuz, «irainak eta mehatsuak» salatu ditu auzapezak.
Osasun arazoak ere izan ditu aipagai herri agintariak bere erabakia azaltzeko orduan.
Fabienne Ayensak iragarri duenez Pirinio Atlantikoen prefetari, Julien Charlesi, jakinarazi dio bere dimisioa.
Hemendik aurrera, bi hilabeteko epea izanen du Estatuko delegazioak Beskoitzeko Herriko Etxean sorturiko hutsunearen gainean erabaki bat hartzeko.
Gatazka luze bezain korapilatsua
Joan zen urtarrilean abian eman zuen Herriko Etxeak ikastola kanporatzeko prozedura. Hala, heldu den uztailaren 6tik aurrera duela hamar urtetik honat ikastolak baliatu duen lur sailetik ateratzeko eskaera ofiziala egin zuen tokiko erakundeak.
Ikastola eta Herriko Etxearen arteko ezadostasunak gainditzeko urratsa egin ordez, legearen baliabidea baliatu zuen auzapezak irtenbidea oraindik ere zailago bilakatuz.
Agiri hori igortzerakoan, erakundeak urrats berria eman zuen 2023ko abenduaren 18an Herriko Kontseiluak bozkatu zuen erabakia plantan emateko.
Egun horretan, tentsioz beteriko bilera batean, Udalak ikastolarekin duen alokairu kontratua bertan behera uzteko deliberoa bozkatu zuen Herri Kontseiluak.
Erabakiak krisia eragin zuen udal gobernuak. Bestalde, gurasoek argiki adierazi zuten ez zutela amore emango eta bermatuko zutela, Seaskaren laguntzaz, 2024ko ikasturte hasieran ikastola bat irekia izatea Beskoitzen.
Astelehen honetan Herriko Kontseiluak bozkatu duen proposamena behinik behin helburu hori bermatzen du. Uztailean, bederen, ikastolak ez ditu bere lokalak galduko.
Handik aurrera, giro lasaiago batean, etorkizuna bermatzeko lanekin jarraituko dute ikastolako arduradunek.
'Mediabask' hedabidearekin mintzo, Cyril Fesquinne ikastolako lehendakariak «azken urte eta hiru hilabetetan gertatzen den lehenengo urratsa dela» Beskoitzeko Herriko Kontseiluak harturiko erabakia nabarmendu du.
Ikastolako ordezkariek denbora nahi dute hartu gaur ezagutu duten erabakiaren xehetasun guztiak aztertzeko.