Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Frantziar Barne ministro ohi bat, bakegileei eginen dieten auziaren lekukoen zerrendan

Bake Bideak hainbat xehetasun eman ditu asteazken honetan apirilaren 2 eta 3an Pariseko Epaitegi Korrekzionalean Beatrice Molle-Haran eta Jean Noël 'Txetx' Etxeberri bakegileek izanen duten auziari buruz. Jakitera eman duenez, izen handiko lekukoak deitu ditu defentsak.

Etxeberri eta Molle-Haranen sostenguz, martxoaren 16an, Luhuson eginiko agrraldia.
Etxeberri eta Molle-Haranen sostenguz, martxoaren 16an, Luhuson eginiko agrraldia. (Patxi BELTZAIZ)

2016ko apirilaren 16an Luhuson iragan zen armagabetze saioari buruzko auzia deitua da Parisen apirilaren 2 eta 3an. Bi egun horietan Beatrice Molle-Haran eta Jean Noël 'Txetx' Etxeberri armak garraiatu eta metatzea egotzita auziperatuko dituzte Auzitegi Korrekzionalean.

Joan zen martxoaren 16an Luhuson bertan antolatu zen agerraldian 200 bat ordezkari bildu ziren epaiketa hori zentzugabea dela salatuz bi auziperatuen errugabetzea galdetzeko.

Gaur Bake Bideak agiria plazaratu du auziari buruz hainbat xehetasun emateko. Hala, elkarteak jakitera eman duenez, bi bakegileen defentsak izen handiko lekukoak deitu ditu epailearen aurrera hitza hartzeko.

Zerrenda horretan agertzen dira Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialista, Sylvianne Alaux, alderdi bereko kidea eta diputatu ohia eta Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko lehendakaria. Baionako Unibertsitatean irakaslea den Pierre Massias ere deitu du defentsak auzian bere lekukotasuna eskaintzeko.

Zerrenda horren baitan beste pisuzko ordezkari bi agertzen dira. Lehena Eric Morvan da, armagabetze garaian Pirinio Atlantikoen Departamenduko prefeta izan zena, eta bigarrena Mathias Fekl, garai berean frantziar Barne ministro gisara jardun zuena.

Azken hau joan zen urtarrilean Bakegileek eta Bake Bideak aurkeztu zuten Molle-Haran eta Etxeberriren aldeko manifestuaren sinatzaileen artean agertzen da.

Bestalde, Bake Bideak jakitera eman du zein izanen den bi bakegileen defentsan arituko den abokatuen taldea. Jean-François Blanco, Paueko abokatua, Jean-Michel Baloup, Pariseko abokatua, Xantiana Cachenaut, Baionako abokatua eta Patrick Baudouin, Pariseko abokatua eta Giza Eskubideen ligako presidentea arituko dira auzian, bi bakegileen errugabetzea helburu.

Finean, auziari begira agerraldi bat iragarri du Bake Bideak. Zehazki, gaur zortzi, martxoaren 27an, Parisen parlamentari gisara jarduten duten euskal hautetsiek, zerumuga ezberdinetako bertze hainbat legebiltzarkideekin batera, prentsaurrekoa eskainiko dute Asanblea Nazionalean.

Zehazki, Aristide Briand karrikan kokatua den erakundeko lehenengo aretoan iraganen da agerraldia. Bertan izanen dira Jean Noël Etcheverry "Txetx" eta Beatrice Molle, apirilaren 2an eta 3an Pariseko Auzitegi Korrekzionaleko 16. aretoan epaituko dituzten bi bake artisauak.